2026 ABU. 29 - 00:00h Balantze-balantza Erika Lagoma Bertsolaria Udarak bere tempus informatiboa du. Abuztuan, iritzi sailetan, luma berriak ageri dira, eta telebistan eta irratian ia dena da fresh. Ez da urte berri bat hasten irailean, hala ere, parentesi udatiarra itxi egiten da. Hari guztiak ez dira udara honetan eten, baina, euskararen auziak, demak, taupadaka segitu du; gorputz bigorexiko batean batzuentzat, gihartsuegian, eta pultsazioak makal dituen gorputzean hainbatentzat, gorputza gorputzen. Azken artikuluetan hari hori hartu dut, ez kontzienteki. “Zero” lehenik eta “Euskara, kariñoz” ostean, salto egiten baitute gure hizkuntzari lotutako notiziek, auzitegitik auzitegira, unibertsitatetik kalera, lehendakaritzatik sare sozialetara, indiferentziatik mespretxura. «Ia guriak egin du» esaldiarekin bukatu nuen uztaileko artikuluetako bat, Xenpelarri keinu eginez. Garai bakoitzak bere gerrak ditu, eta herri bakoitzak bereak, metaforikoak eta haragizkoak. Baikorrak izateko betebeharra dugula erran zidan herrikide batek, eta ulertzen dut zer erran nahi zidan. Aldiz, pertsona baikorrak ezin du inozoa izan. Udako balantzea egitea tokatzen da orain. Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran, epaitegietan helegitea jarri zuten ikasleen unibertsitatera sartzeko probako euskara ikasgaiari zegozkion notak, zeroak aunitz, kontuan ez hartzeko agindu zioten Euskal Herriko Unibertsitateari. Euskarabenturaren zortzigarren espedizioan Euskal Herriko zein diasporako 130 gazte euskaldunek parte hartu dute Atharratzetik abiatu eta Getxon amaitu den hilabeteko abenturan. Bertso-udalekuetan, Euskal Udalekuetan…ehunka haur-gaztetxo-gaztek josi dute haien sarea, euskaraz, Euskal Herriari usaina hartuz. Uztailaren 9an, Espainiako Konstituzio Auzitegiak ez zuen onartu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak aurkeztutako kontsulta. Kontsulta-eske horrek euskal enplegu publikoan hizkuntza-eskakizunak arautzen dituen legea jartzen zuen zalantzan. Badirudi, Konstituzio Auzitegiak babestu egiten duela euskal administrazioetan hizkuntza-eskakizunak ezartzeko eskumena. Uztailaren 13an, Auzitegi Gorenak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurreko epai bat berretsi zuen. Epai horrek baliogabetu egin du Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoko azpikontratetako langileei euskara eskatzeko ezarritako betebeharra. Pirinio Atlantikoetako prefetaren helegitea aintzat hartu du Paueko Administrazio Auzitegiak eta euskara aitortzeko Baionako eta Sarako herriko etxeek eginiko adierazpenak bertan behera uztea ebatzi du. Uztailaren 25ean Imanol Pradales lehendakariak adierazi zigun euskararen aurrerapenak ez direla «inoiz ere inposaketaren ondorio izango. Kontrakoa. Konpromisoaren, ilusioaren, emozio positiboak sortzearen eta borondateak batzeko gaitasunaren ondorio izango dira». Abuztuaren 17an egindako agerraldian, Bilboko Konpartsek eta GUKA elkarteak honako datu hau eman zuten: Aste Nagusiko txosnetan jartzen den musikaren %27 baino ez da euskaraz. Hausnarketaren ondoren, aurtengo Aste Nagusirako helburu berriak jarri dituzte konpartsek, %33tik hasi eta %100ra arteko kuotetara hurbiltzeko, bakoitzaren errealitatetik abiatuta. Abuztuaren 21ean eta 22an Durangoko igerilekuetan izan nintzen; solasean neure belarriz aditu nituen nerabeen %100 espainolez ari ziren. Abuztuaren 29a da gaur, zuek ere egonen zineten hainbat igerileku, hondartza, lantoki, ospitale edo herritako jaietan. Irakurri edo entzungo zenituzten albisteak, iritzi artikuluak irratian, telebistan edo sare sozialetan. Nola dago botila? Erdi hutsik ala erdi beteta? •