2026 URR. 03 - 00:00h Libano, «amesgaizto iraunkor» baten mende (UNICEF) Ainara Lertxundi Libanoko bost etxetik lauk zailtasunak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko. Gatazkak eta krisi ekonomiko iraunkorrak haurrak gose izatera bultzatzen ditu, hezkuntzatik urruntzen ditu eta lan egitera behartzen ditu, Unicef-en “An Enduring Nightmare” (“Amesgaizto iraunkorra”) txostenak ohartarazten duenez. Inkestatutako bost etxetik batek baino gehiagok, %22k, adierazi du seme-alabak gosez oheratu zirela aurreko bi asteetan; eta %31k esan du ez zutela behar zuten arreta medikoa jaso, batez ere familiek ezin zutelako ordaindu. %14k jakinarazi du, gutxienez, bere seme-alabetako batek lan egiten duela -2025eko urtarrilean erregistratutako ehunekoaren bikoitza baino gehiago-. «Libanoko haur eta gazteei inork jasan beharko ez lukeen zama ezartzen ari zaie», salatu du Marcoluigi Corsi Unicefek Libanon duen ordezkariak. «Familiak muturrera eramaten ari dira, eta haurrek, bitartean, ez dute ez arreta medikorik ez hezkuntzarik jasotzen, lan egitera behartuta daude eta ondoez psikologiko sakona jasaten dute. Presazko ekintza iraunkorrik gabe, presio horiek urteetan zehar euren bizitzak markatuko dituzte», nabarmendu du. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, 770.000 haurrek ondoez psikologikoa jasan dute azken sei hilabeteetan.