2026 AZA. 28 - 00:00h Indarkeria ala lorezaintza Maddi Txintxurreta Kazetaria / Periodista République plazarako sarbide guztietan polizia ilara bat zegoen pasatu nahi zuen ororen poltsak edo motxilak miatzen. Gerriko poltsa txiki-txikia neraman, baina agente batek denbora dezente pasatu zuen ez dakit zerren bila, Doraemonen poltsikoan begira egongo balitz bezala. Tabakoa usaindu zuen, eta txakurren kaka jasotzeko poltsek arreta eman zioten. «Pour les chiens», esan nion, eta pentsatu nuen txiste ona litzatekeela bat eskaintzea, beharko balu, baina ez nintzen atrebitu. Turiston pribilegioa da egoera horiek barregura ematea amorrua beharrean. Seigarren larunbatez segidan, su soziala piztu zen Parisen. Bizitzaren garestitzeak, hezkuntzaren pribatizazioak eta soldata eskasek akuilatutako manifestazioaren atariko, Orchestre du Nouveau Monde-ko musikariek “The Hunger Games” trilogiako “The Hanging Tree” abesti famatua jo zuten, ez ausaz: trilogiaren fikziozko unibertsoan, erregimen totalitario batek zuzentzen du herrialdea, eta pertsonaia nagusiak sistemaren aurka altxatzen dira, matxinada global baten sinbolo bihurtuz. Jendetzaz inguratuta zela, protestetan batuta eramateagatik ezagun egin den Étienne Jarrier orkestra zuzendari gaztea manifestariengana zuzendu zen: «Indarkeriarik nahi ez duenak, lorezaintzan jardun dezala!». Astebete lehenago, azaroaren 17an, poliziek gas negar-eragilea jaurti zuten orkestrako kideen aurka. Mariannen brontzezko eskulturaren gainean zeuden gazteetako batek ACAB oihu egiten zuen, eta milaka ahotsetara biderkatutako oihartzuna itzultzen zion azpiko jende multzoak. Poliziari kaka-poltsa eskaintzeko ideia igual ez zen horren aldrebesa. Gaur-gaurkoz, pentsaezina zaigu Euskal Herrian, mobilizazio masibo baten atarian, indarkeriaren aldeko harenga aditzea. Borroka armatua iraganeko kontua den arren, ez dira inoiz eten euskaldunon mugimendu politikoak biolentziarekin lotzeko saiakera setatsuak, eta nahiko lan izan dugu gure burua hortik bereizten ahalegintzen. Ez dakit erakusleihoak apurtzea politikoki estrategikoa den instituzioetan agintzen duen motelkeria burokratikoari txanda-pasa eginda aldaketa azkarrak eragiteko; agian estrategikoa izan daiteke Parisen eta ez Bilbon. Baina ez nago ados protesta bati zilegitasun osoa kentzearekin liskarrak egon direlako. Ez dakit nork asmatu zuen korrelazio hori, baina ez da batere justua, eta “gaitzesten dut”-etan katigatzeak tranpa elikatzen duelakoan nago. Esan nahi baita; gauza bat da erabakitzea indarkeria praktika politiko bezala baztertzea, eta beste bat mugimendu sozialen indarkeria oro ez-legitimoa dela baieztatzea. Ez baita ahaztu behar mugimendu sozialek darabilten indarkeria, ia beti, bere horretan biolentoa den mundu bati emandako erantzuna dela: ordaindu ezin den etxeari, iristen ez den soldatari, arrazakeria sistemikoari... Zeren, apurtutako erakusleihoei begira ari garen bitartean, Estatuaren beso armatu legitimoak orkestra bat gaseztatzen du. Eta musika amaitzen denean hasten da zarata. Ez zitzaidan gustatu iraultza lorezaintzarekin kontrajartzea, baina indarkeria oro ez-legitimotzat hartuko badugu, agian poliziek lorezain jardun beharko dute. Krabelinak fusilentzat eta jardinak «pour les chiens». •