Egia sozialak
Puntualtasun zorrotzagoa eta pazientzia zabalagoa izan ohi dute alde batetik bestera egunerokoan autobusez mugitzeko ohitura dutenek. Garaiz iritsi, zain egon, eta txartela pasatzen dute: piiiii. Ia elkarri begiratu gabe eseri eta automatikoki eskua mugikorrera -ez ote diegun gehiago begiratzen pantailako bilatzaileko leihoei kristalezko leiho handiei baino-. Zenbat egitate, sekretu konpartitu, aldebakarreko bertsio... gurutzatu daitezke 25 metro karratu eskaseko ibilgailu batean? Zenbait ibiliko dira beren egiaren bilaketan, kulpaz edo lotsaz sekreturen bat ezkutatzen, norbere istripu pertsonalean -kantatuko luke Anarik-.
Duela 40 urte, egia baten bila galdera batek zeharkatu zuen Donostia autobusean zehar: «Hemen ez dago gidaria, non dago?».
Azaroaren 26an Intxaurrondotik abiatu zen galdera bera daraman autobusa. Leku mingarria zabalzatarrentzat, zein ehunka euskal herritarrentzat. Mikel eraman eta begiak itxi gabeko pare bat gau igaro ondoren, semeaz galdetuta erantzun zuzena eman zioten Garbiñe Garate amari: «Vaya a preguntar a objetos perdidos». Galdutako semearen aztarna bila handik hasi behar zela argi zuten, boterean zeudenek aurkakoa esan arren. Galdera beraren erantzun zintzoa jaso asmoz abiatu dute udazken honetan ibilbidea.
Bidaiaririk gabe, baina egia soziala darama autobusak barnean, hasieratik euskal herritarrek eta senideek bazekitena, Mikelekin gertatutakoa: guardia zibilen torturapean hil zen. Egia ofizialaren aitortzarik ez dute jaso oraindik, eta horregatik dago pasa den mendeko galdera oraindik hain bizirik.
Orbaizetan salda beroak eta besarkada estuek goxatutako geldialdia egin zuen autobusak. Estatu espainolak gordetako informazioa desklasifikatzea eskatu zuten bertaratutakoek, «ezinbestekoa delako justizia eta erreparazioari bidea irekitzeko».
Bidean aurrera egin eta bertsio ofizialak hain sonatu egindako Endarlatsan ere gelditu zen ibilgailua. Aurrera urrats gisa baloratu zuten Lakuak zein Nafarroako Gobernuak Zabalza biktima gisa aitortzea, baina eremu judizialak, Estatu espainolak eta Guardia Zibilak oraindik bertsio ofiziala mantentzen dutela salatu zuten, «inpunitate osoz». Eta berau eraikitzeko sortutako gezur hankamotz guztiak azaleratu zituzten.
Egia osoa jakiteko Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eta informazioa desklasifikatzea ezinbestekoa da, eta hori izan zuten aipagai hurrengo geltokian, Altzan, Mikel bizi zen auzoan. Izan ere, 1968ko Sekretu Ofizialen lege frankistaz baliatuta inposatu zuten bertsio ofizial hori. Dokumentu asko jada desagerrarazita egongo dira, beste asko esku pribatuetan ere egongo dira, batzuek memoria ezabatzeko tresnak beti izan baitituzte eskura. Baina aldarria ezin aktualagoa da. Iñigo Iruin abokatuak azaldu zuen, gainera, aldaketa bat izan zuela legeak, 1986an Ministroen Kontseiluak adostua, Informazio Zerbitzuei lotuta sekretu izaera bermatzeko. Izan ere, ordurako eskuartean kasuak pilatzen hasiak zitzaizkien: Lasa eta Zabala, Zabalza, GAL, torturaren inguruko lehen kondenak iristen… «Segurtasun nazionala» omen helburua, baina legearen epe luzeak ikusita, agian zerikusi gehiago du krimenen egileak hilda egotearekin.
Sekretu ofizialetan bertsio ofizialaz haragoko zirriborroak topatzearen esperantzari eusten diogu; gehiegi eskatzea izango da akaso, agian hutsik egongo dira paper guztiak, edo ez da ezer egingo estoldetan. Baina zirrikitu guztiak dira miatu beharrekoak egia, justizia eta erreparazio eske dabilenarentzat. Bitartean, jarrai dezagun autobusak betetzen, gure egia kolektiboekin bada ere. Hurrengo geltokia: bihar 12.30ean Bulebarrean. •



