Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Errusiarekin hitz egiteko garaia

Maiatzaren 9an, faxismoaren aurkako garaipenaren urteurreneko ospakizunen ondoren, Vladimir Putinek prentsaurrekoa eman zuen. Korrespontsal gehienek azpimarratu zuten Putinen hitzaldiak tonu garratza izan zuela. Beharbada, Ukrainari buruzko negoziazioen garapenak eragin zuen tonu hori. Izan ere, “Anchorageko espiritua” -errusiarrek horrela deitzen diote Alaskan egin zen Putinen eta Donald Trumpen arteko bilerari- ezerezean gelditu da.

Bada denbora Sergei Lavrovek esan zuela bilera hartan Trumpen Administrazioak proposamen bat egin ziola Errusiari Ukrainako gerrari amaiera emateko. Errusiak proposatutako plana onartu zuen, baina, bere harridurarako, Trumpen Administrazioak ez zuen bete adostutakoa. Are gehiago, bilera hartatik itzuli bezain laster, zigor berriak aurkitu zituzten errusiarrek. Ondoren, Marco Rubiok eta Europako buruzagiek modu maltzurrean maniobratu zuten negoziazioak irtenbide gabeko puntura eramateko. Hala ere, maiatzak 9ko su-etenaren harira, Trumpek, bere estiloan, oso adierazpen baikorrak egin zituen. Berehala erantzun zion Juri Uxakov Errusiako presidentearen laguntzaileak, Ukrainako gerra konpontzetik oso urrun dagoela esanez. Izan ere, egun, kazetari eta analista errusiar gehienek diote “Anchorageko espiritua” hilda dagoela, hortik ez dela ezer aterako eta orrialde hori pasatu behar dela.

Baliteke errusiarrak konturatu izana Trumpen Administrazioarekin ezin dela inolako akordiorik lortu, ez euren esperientziagatik bakarrik, baita Iranekin negoziatzen ari diren moduagatik ere. Hasiera batean, Teheranen proposamena onartu zuten negoziazio-oinarri gisa, baina, behin su-etena lortuta, paperontzira bota dute inolako begirunerik gabe. Kanpotik ematen du Trump prest egongo litzatekeela edozein akordio azkar sinatzeko negozio onak egin ahal izateko, baina, bestalde, AEBko Administrazioak, edo deep state-ak, estrategia argia du. AEBren eta Iranen arteko negoziazioen erdian, Lavrov Pekinera joan zen, eta handik bueltan esan zuen ez zela egia Benjamin Netanyahuk Trump konbentzitu zuenik Irani eraso egiteko. Lavrovek adierazi zuen AEBk eta Israelek estrategia komuna dutela. Euren asmoa da mundua hankaz gora jartzea, orain duten posizio menderatzailea atxikitzen saiatzeko. Nonbait, anabasaren azpian, Pekinen eta Moskun lerro argi bat ikusi dute.

Europari dagokionez, Errusiako Gobernuak Ukrainarako armamentua -bereziki droneak- fabrikatzen ari diren Europako industrien zerrenda argitaratu zuen apirilean. Errusiako bozeramaileek argi utzi zuten Europak gerran duen inplikazioa laguntza politiko edo finantzariotik haratago doala, Ukrainako atzeguardia bihurtzeraino. Ezer esan gabe, Europak gero eta inplikazio zuzenagoa du Ukrainako gatazkan.

Agian testuinguru horrek azalduko du Putinen tonu garratza. Galderei erantzunez, kontatu zuen Emmanuel Macron (hau berria da) izan zela 2022ko apirilean Kievetik erretiratzeko eskatu ziona, Ukrainak akordioa sina zezan pistola bat buruan zuela iruditu gabe. Geroago, Boris Johnsonek ukrainarrak konbentzitu zituen akordioa ez sinatzeko. Putinek aditzera eman zuen bien artean adostutako estrategia izan zela. Esan gabe doa: maniobra zikin horrek baztertu egiten ditu solaskide gisa. Nolanahi ere, Europarekin hitz egitea komeni zela adierazi zuen Putinek, eta Gerhard Schröder Alemaniako kantziler ohia proposatu zuen balizko solaskide gisa. Europako bozeramaileek berehala baztertu zuten aukera hori, eta Schröder agente errusiar gisa definitu zuten. Ez dirudi Putinena bat-bateko aipamena izan denik. Baliteke europarrek arinki baztertu beharko ez luketen bide bat seinalatzea hitz horiek. Autonomia estrategikoa erakusteko aukera paregabea du Bruselak. •