Erabileraren obsesioa
Esan ohi da orain mende eta erdiko euskaldun bakoitzak karlista bat zeramala bere baitan, foruak defendatzeko eskopeta ateratzeko prest. Gaurko euskaltzale askok soziologo bat daramagu geure baitan, auzoko herri batera goazenean euskararen kaleko erabilera neurtzeko prest.
Duela gutxi egunpasa bat egin genuen Bizkaiko kostatik barrena familia erdiarekin eta geure baitan Iñaki Iurrebaso txiki bana generamala zirudien, plaza, terraza edo parke bakoitzean sekulako azterketak egiten baikenituen. Nik galtzen hasia dut entzumena, baina nirekin zihoazenak hogeita hamar metrora ere elkarrizketa pribatuak aditzeko gai ziren eta etengabe galdetzen nien, demagun Ondarroako Gaztedi tabernako terrazan edo Lekeitioko Oskarbin edo Bermeoko Alakrana taberna berriko atarian kontu-kontari zeudenez, zein hizkuntzatan ari ziren edo zein euskalkitan edo zer-nolako gaitasuna zuten jardun horretan.
Obsesio horrek ez du ez hanka eta ez bururik, neurketa horiek UEMAko soziologoek edo EUSTATeko langileek zehatz-mehatz eginak dituztenean. Baina tarteka gazte talde batek elkarrekin edo emakume ezin makillatuagoek edo gizonezko jubilatuek euskaraz egiten zutela jakiteak lasaitu egiten gintuen eta zer esanik ez nerabeak zirenean.
Nire bidaideak etsita ikusten banituen, Bizkaiko lurraldeak gerra ondoan jasan zuen jazarpenaren berri ematen nien: «40tik 60ra bitarteko bi hamarkadetan Maurizia Aldeiturriagak ere gazteleraz kantatzen zituen koplak. 1985ean Euskadi Irratiari emandako elkarrizketan garbi esan zuen berak ez zekiela gazteleraz hitz egiten, baina hala ere gazteleraz kantatzen zuela. Maurizia 1960an hasi zen euskaraz kantatzen. Paya-Paia anaiek Getxoko bertsolari baten kasua aipatzen dute: Asensio Bidaurrazaga zen izenez, euskaraz egiten zuen bertsotan lagunartean eta gazteleraz plazan».
Obsesio honek okerrera egiten badu, ikusten ari naiz luze gabe euskaltzale andana hasiko garela erabilera %90etik gora duten herrietara txangoak egiten, demagun Ataunera edo Amorotora eta orduak emango ditugula hantxe, herriko ostatuan edo plazako aulkietan eserita, belarriak erne eta bihotza bozkarioz beteta ditugula. •
Kasketa euskarafoboak
Erabileraren obsesioa

«Langile batek urtean egiten dituen orduak guk sei hilabetetan egiten ditugu»

«Abesti-omenaldi hau grabatzea niretzat zirkulu bat ixtea bezalakoa izan da»

