Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Ez polarizatzeko, baztertu

Atentzioa eman zidan Gasteizko jaietan blusa eta neska kuadrillekin doazen fanfarreen aurretik, edo atzetik edo erdian, blusa bat (neskarik ez dut behin ere ikusi) megafono batekin fanfarreak jotzen zuen musika kantatzen (edo) joateak. Ez denetan, baina egingo nuke boladan dagoen fenomenoa dela. Fanfarre horietako kideak musikari bikainak dira eta jotzen dituzten doinuak, edozein direla ere, gustura entzuteko modukoak, ondo gozatuak eta trebetasunez interpretatuak. Bozgorailu horrek, baina, desitxuratu egiten ditu; ahots eskuarki desatseginak, megafonoak ateratzen duen zarata desatseginagotik iragazita, efektu are deseroso, zakar eta ezin molestagarriagoa eragiten du, eta fanfarrearen musika alferrik galtzen. Pena handia ematen dit pentsatzeak musikari horiek hainbat urtez ikasten eta auskalo zenbat entsegu egiten jardun ondoren, jendaurrean jotzeko garaian hori jasan behar dutela -entzuleok ere bai-. Kuadrilla horiek ez ote dute pentsatu emaitza horretarako nahikoa -eta merkeago- dutela megafonodunaren matraka eta gainerakoek atzetik «lo, lo, lo»-ka segitzea?

Esan beharra neukan, Gasteizen jaio eta orain arte nire bizialdiaren bi herenez bertan bizi izanak ematen didalakoan jaietako kontuen gaineko iritzia emateko eskubidea.

Ez naiz Hondarribikoa, ordea, eta, hortaz, ez dut esango onartezina eta ezin eskasagoa dela alarde tradizional, betiko edo baztertzaileak hiru hamarraldian duen jarrera. Berripaperetan irakurritakoa errepikatu baino ez dut egingo.

Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak (Haose) alardearen inguruko gatazka konpontzeko Udalak abiatutako elkarrizketa prozesua utzi zuen lehengoan, eta duela ia 11 hilabete Jaizkibel konpainiak eta Haosek Baketik fundazioaren bitartekaritzarekin adostutako hitzarmena bertan behera geratu da. Hala jakinarazi zuen Udalak eta alarde baztertzailearen antolatzaileak minduta agertu dira, hari kargu hartuta.

Herritarrak polarizatu nahi ditu Udalak, betiko alardekoek diotenez. Sentsibilitate ezberdinak batera bizi izan daitezen nahi dute eurek, «aniztasunaren defendatzaile irmoak» omen dira eta. Duela hiru hamarraldi zenbait emakume herriko alardean parte hartzen tematu zirenetik betikoek emakume haiei eta beste hainbat herritarri egin izan dizkieten txakurkeriak ez dira askotariko sentsibilitateekiko errespetuaren adierazle, hain justu, dio nire lagun batek (ez da hondarribiarra, ordea).

Baina ondo esan dugu, emakume haiek, eta gero askoz gehiago, tematu egin ziren; hala ere, betikoen erretolikaren arabera, herritarrak polarizatu zituzten. Ordura arte denak bat eginda bizi ziren, antza; jaietan nor bere lekuan, gizonak zizpa lepoan eta emakumeak kantinerek ordezkatuta. Eta orain Udalak emakumeen estrategiarekin bat egin duela salatu dute. Ez omen dute beren sentsibilitatea aintzat hartu nahi, eta argi utzi dute ez dutela alarde parekide batera iristea aurreikusten. Beharbada, alarde parekidearen aldekoek ez dutelako onartzen eurak baztertzen dituen sentsibilitatea? Jende arraroa, gero.

Eta donostiarra ere ez naizen arren, afari solidarioen debekuen inguruko albisteak ere irakurri ditut. Udalak debekurako ematen dituen argudioak -espazio publikoaren erabilera, elikagaien trazabilitatea eta antigoaleko makulu bat: segurtasuna- ziztrin samarrak dira, dio beste lagun batek (hau, Donostiakoa). Izan ere, polarizazioarena erabiltzea zeukan: elkartasunak, euskarak edo alarde parekideak nola, polarizatu egiten du jendartea. Sentsibilitate ezberdin bat. •