GAUR8

Klorofilia

Parra bat Ekain Jimenezen estudioaren kanpoaldean. (Ekain JIMENEZ)

Notting Hill pelikulan Hugh Grant-ek minutu pare batean zeharkatzen du Londresko Portobello Streeteko merkatua, Bill Whitters-en “Ain’t no Sunshine” kantaren erritmora. Bere ibiliarekin batera, urtaroak pasatuz doaz plano sekuentzia gogoangarri batean. Filmean udaberria da azken geralekua, eta udaberria gurera ere iritsi da derrepentean.

Lehen aste euritsu batzuen ostean, eguzkia gailentzen hasi da, eta hiriak pultsua berreskuratzen hasi dira. Espazio publikoak bere esentzia berreskuratzen du argi orduak luzatu ahala. Gainezka daude kale zein plazak, eta han-hemenka aurki ditzakegu ume taldeak jolasean, kirolariak entrenatzen edota jendea, besterik gabe, egonean. Aldi berean, natura ere esnatuz doa eta jada hasi dira adarretan lehen lore kimuak antzematen. Oraindik lotsati, aste gutxiren buruan parke eta kaleetako arbolek hostozko koroa berreskuratuko dute, udako eguzki sargoritik gu denok babesteko prest. Kalean zuhaitzik egotekotan, noski.

Notting Hill Londres erdialdeko auzo ezagunenetariko bat da, eta Viktoriar garaiko eraikin zuri dotoreek beste definitzen dute haren izaera auzoa berdatzen duten parke, etorbide arboladun eta “mews” estuek. “Mews” hauek burges etxeen atzealdean eraikitzen ziren eraikin txikiz osatutako kaleak dira. Zerbitzarientzako edota animalientzako kortak ziren egoitza hauek milioika euroan saltzen dira Londresko higiezinen merkatu basatian. Haien berezitasun nagusia da oinezkoen kale lasaiak direla, patioetako arbolen gerizpean eta fatxadetako landare igokariek berdatuta. Atmosfera atsegin honetan, auzokideek haien terraza kalera ateratzen dute, aulki, bizikleta eta loreontziekin batera. Hiriaren erdian lasaitasun burbuilak dira.

Gaurkoan eraikinetako fatxadak estaltzen dituzten landare igokariek hiriak atontzeko duten gaitasuna azpimarratu nahiko nuke.

Europa osoan ohikoa da erdigune historikoetan landare igokari eta zintzilikariak fatxadak atontzen ikustea. Harrizko hormen osagarri ederra sortzen dute hosto eta loreek, eta udazkenean bereziki eder jarri ohi dira, hostoak gorritzearekin batera. Mota honetako kale ezagunenetako bat da Jerezeko Ciegos kalea, “Gonzalez Vías” upategien barnean dagoena. Arkitektura andaluziar tradizionalean eraikia, kale osoa estaltzen duen mahatsondoz osatutako baldakiak egiten du horren liluragarri.

Igokari hauek ez dira ezezagunak Euskal Herrian, eta baserri zein landetxeetan ohikoak dira oso, baina gure herri eta hirietan zaila da kaleetan halakorik aurkitzea. Gasteizko Udalak duela gutxi Alde Zaharra berdatzeko estrategia onartu zuen, eta bertako neurri garrantzitsu eta nire ustez eraginkorrenetako bat fatxadetan igokariak jartzeko aukera bultzatzea izan da. Edertasuna nahiko gai subjektiboa izanik ere, lorez, landarez eta arbolez betetako hiriek mundu guztiaren onespena jasotzen dute. Nonbait klorofilazaleak gara gizakiak.

Edertasun estetikoaz gain, landarediak ingurumenarentzako onura asko ditu. Argitu dezagun: CO2a xurgatzeko gaitasuna ia nulua da, lan hori baso eta oihanek egiten dute, ez kaleetako arbola xumeek. Baina hosto eta goroldioek aireko partikulak harrapatzen dituzte airea garbituz, eta haien artean intsektu, txori eta bestelako animalia txikiek bizitegia aurkitzen dute hiri gogorrean. Hain da horrela, non Manhattanen baden Central Park-en polena jasotzen duten erleekin eztia egiten duenik ere.

Naturak beti aurkitzen du bidea, baina bide hau irekitzen laguntzea gizakion lana ere bada. Zuhaitzak landatzeaz gain, badira erraz eta merke egin daitezkeen proiektutxoak. Ekain Jimenez arkitektoak, bere estudioaren birgaitzearekin batera, parra pare polit bat landatu zuen kale ertzean, legearen mugan. Loratzen hasi den udaberri honetan ere loreak emango dituzte, kale grisari bizia eta argia emanez. Ekintza txikien iraultza, gora sustraiak! •