MAY. 17 2025 - 00:00h Bizi bezain prest Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN Larunbat goiza dun. Jaiki berri haiz ohetik, astean baino lo gehixeago eginda. Irratia entzunez gosaldu dun, hori ere astean baino lasaixeago -gaur ere nazioarteko albisteak nagusi, tartean, zoriontasunaz eta iraultzaz irakaspen handiak utzi dizkigun politikariaren agurrari lotuak-. Dutxatu eta kalerako arropa janzten hasi haiz. Jertsea armairutik atera orduko gogoratu haiz: “Txapa!”. Bezperakoari kendu dion, kontuz; bi zulotxo txiki geratu zaizkion jantziari. Gaurkoak ere halatsu izango dizkin, orratza pasatu orduko. Atzoko iluntzea oroituz abiatu haiz kalera. Oroitzapen berezia daukan, ostiraleroko ohiko plana eginagatik. Herrian lagunekin elkartu, eta trago pare baten bueltan elkarren berri izan zenuten: han eta hemen irakurri eta entzundakoak, bakoitzaren gorabeherak, asteburuko planak... Atzokoan, ordea, noka. Euskaraldiaren aitzakian, hainbatetan kostatutako ohitura jarri duzue praktikan, hasieran tiraka eta bultzaka, gero errazago. Badakin berriro elkartutakoan ere hala ibiliko zaretela, baina 11 egun igarotzerako zertxobait naturalago egingo duzuela sinetsita daukan. Herrian osatutako hamaikakoaz ere oroitu haiz, bereziki, euskara ikasten ari diren eta belarriprest izatera animatu diren herrikideen ilusioarekin. Pozik hartu diten parte taldeko argazkian, eta harro zaramatzaten belarridun txapak paparrean. Haietako bat eskualdeko komunikabidean elkarrizketa ematera ere animatu dun, pentsa! Baina dena ez dun sineskeria eta alaitasuna. Txapak markatutako jantziek ez ezik, euskarak ere zulotxo ugari dizkin. Hor ditinagu bata bestearen atzetik datozen eta ia eguneroko bihurtu zaizkigun euskararen kontrako epaiak. Edo euskaldunok pribilegiatuak, baztertzaileak eta burgesak garela dioten ahotsak. Zaila egiten zain odol txarreko ez jartzea, bi estaturen mende dagoen herri zapaldu bateko hizkuntza gutxitu bati buruz halakoak hain merke esaten dituztenekin. Eta testuinguru horretan, are kezkagarriagoa zain hainbat politikari eta erakunde publikoren jarrera. Nola ulertu, bestela, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legeko zenbait artikulu baliogabetzat jo izana, Eusko Jaurlaritzak helegitea garaiz aurkeztu ez zuelako? Edo Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabilera soziala sustatu eta normalizatzeko plan eta programetarako tokiko entitateei zuzendutako dirulaguntza bertan behera utzi izana? Hitanoa bultzatzeko aitzakia bihurtu duzue herrian Euskaraldia. Aitzakia polita. Baina susmoa dun zenbaitek ez ote darabilen Euskaraldia ardura politikoei ihes egiteko aitzakia gisa. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak esan bezala, euskararen arloan politikak letra larriz egiteko garaia dun; hizkuntza politikan jauzi bat elkarrekin egitekoa; oldarraldiari indarraldiarekin erantzutekoa. Bizi nahi dun euskara, bizi eta bizirik. Eta horrek, norbanakook bizi eta prest izan eta aritzeaz gain, erakunde publikoak ere hala aritzea behar din, arduraz eta prestutasunez. Igaroko ditun 11 egunak, eta iritsiko dun maiatzaren 25a. Herritar askorengan utziko din arrastoa Euskaraldiak, eta zulotxoak txapek. Baina ez dezagun lasai eta goxo geratzeko aitzakia bilakatu Euskaraldia, euskarari zulotxoak hazten eta hazten ari zaizkion bitartean, horiek norbanakoon bizkar utzita. •