Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Ane Alvarez, kickboxingean ibilbide oparoa osatzen

Kickboxing jokalaria da Ane Alvarez Guimon gasteiztarra. Ongizate fisiko eta mentala ematen dio kirol horrek eta nabari da gustura ari dela; hala ere, nabarmentzeko moduko ibilbidea ere egin du. Azken garaipenak Euskadiko txapelketan lortu berri ditu, 16 urterekin.

Ane Alvarez Guimon, Gasteizko Errementari kalean.
Ane Alvarez Guimon, Gasteizko Errementari kalean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gaztea da Ane Alvarez Guimon kickboxing jokalaria; askoz ere gazteagoa, hasi zenean. Duela sei urte, 10 zituela, aita ikusten zuen kirol hori praktikatzen, eta gustuko zuen. Aita, Fernando, borrokalari beteranoa da, eta ona: gerriko beltza lortu zuen duela lau urte. Egun batean, ea probatu nahi zuen esan zion alabari; Anek ez zuen zalantzarik egin.

Bere burua defendatzeko gauza izan nahi zuela dio. Beldurtia zela dio, beldurtia edo, besterik gabe, emakume askok kale bakartietan sentitzen dutena sentitzen zuen, eta beldurra ematen zioten kaleko borrokek. Orain segurtasun sentsazioa du. Ez du inoiz bere trebetasuna erabili behar izan, «eta hobeto»; edonola ere, lasaiago bizi dela dio.

Aitak proba egiteko esan zionean, eskubaloian jokatzen zuen, baina kirol berriari itxura ona hartu zion eta mundu horretara sartu zen bete-betean. Hala ere, aitortu duenez, lehenbiziko pentsamendua izan zen «non sartu naiz?». Gimnasioan «denak oso handiak ziren eta ni txiki-txikia». Gazteena zen, alde handiarekin, hamar urte besterik ez zuen eta. «Ez nekien flexioak egiten, ez abdominalak, are gutxiago ostikoak jotzen... ‘hori guztia nola egin behar dut nik?’, pentsatzen nuen». Hala ere, «oso pertsona onak» topatu zituen eta babes osoa eman zioten. Lehen momentutik, bai etxekoek, bai gimnasioko lagunek zainduta sentitu zen.

Gasteizko Yin-Yang gimnasioan oso neska gutxi zebilen orduan, baina hurrengo urteetan zenbait kuadrilla sartzen joan ziren, eta orain neska ugari daude, adin guztietakoak. Hala ere, mutilak gehiago direla dio Anek. Garai batean, neskek «gizonezkoen» kiroletan jarduteak errezeloa eragiten zuen jende askoren artean; Anek, baina, ez duela ezer nabaritu dio. «Orain neska ugari dabil edozein kiroletan, kickboxingean ere gero eta gehiago». Nesken parte hartzearen inguruko aurreiritziak gaindituta daudela uste du, «edo oso gutxi daudela».

Esfortzu handia eskatzen duen kirola da kickboxinga, indarra eta teknika behar dira praktikatzeko. Jotzen ez ezik, jasotzen ere ikasi beharra dago, teknika handia behar da, eta burua ere oso garrantzitsua da: «Indarra bai, baina ez hori bakarrik, oso mentala da, asko pentsatu behar duzu, nola egin, aurkariaren bila nola sartu... ez da jotzea besterik gabe. Azkenean, burua duenak irabazten du». Diziplina ere funtsezkoa dela dio.

Izan ere, entrenamendua ezinbestekoa du, baina ikasketak ere aurrera atera behar ditu, aldi berean. Hasieran, ikastolan zela, gogorra gertatzen zitzaion; orain, Batxilergoko lehen mailan, are gogorragoa, ikasketek bezala entrenamenduek ere esfortzu handiagoa eskatzen baitiote mailan gora egin ahala; hala ere, ez zaio inoiz uzteko gogorik sortu. Uneren batean, presio handia izanda, lehiaren batera ez joatea pentsatu izan du, baina... «kontua da asko gustatzen zaidala nire familiarekin bidaiak egitea. Bestalde, oso urduri jartzen naiz, baina urduritasun hori ere gustatzen zait. Arraroa da, baina hala da. Nire aitak adoretu egiten nau beti, eta kirol hau aitarekin partekatzea gustatzen zait».

TXAPELDUNA

Sakrifizioa ez da esfortzura mugatzen, ordea. Lesioen arriskua etengabea da, eta Anek ez ditu falta izan, batez ere eskumutur batean. Orain ondo dago; beharko egon, gauzak ondo bidean Estatuko Txapelketa jokatuko baitu ekainean, joan den apirilean Euskadiko Txapelketan parte hartu eta 60 kilotik beherako bi modalitatetan, kick light eta light contact, urrezko domina bana irabazi ondoren.

Ez daki, haatik, Estatuko txapelketan parte hartzerik izango duen, Gasteizko Gobernuak onartzen duen federazioa ez baitu Estatukoak onartzen. «Muturtuta daude Espainiakoa eta Euskadikoa», eta horrek arriskuan jartzen du Anek Estatuko txapelketan parte hartzeko aukera. Berak jokatu nahi luke bere kirol ibilbidea lasaitasunez garatu ahal izateko, eta bigarren postua lortzea du helburu. «Ez dut ulertzen zergatik bigarren postua lortuta promesa zaren, baina hirugarrenarekin ez». Promesa izanda, unibertsitatera sartzeko erraztasun handiagoa izango luke, baita bere kirol jarduna baldintza hobeetan aurrera eramateko ere.

Benidormeko Nazioarteko Openean, duela bi urte. (GAUR8)

Dena dela, modu batean edo bestean, bere afizioari eutsi eta Erizaintza ikasketak egiteko asmoa du. Ez dauka erraza bigarren postu hori lortzea, bere pisuko bi borrokalari oso on daude-eta; bat munduko txapelduna eta bestea munduko hirugarrena. «Nik neure onena emango dut, eta lortzen badut, oso ondo; lortzen ez badut, zer egingo diogu, horrelakoa da bizitza».

Sei urte igaro dira hasi zenetik, eta gerriko beltzaren jabe da, «oraindik jaso ez badut ere»; horren kausa federazioen arteko kalapita ez ote den susmoa du.

Lau aldiz izan da Euskadiko txapeldun, eta Estatuko txapelketetan ere ez ditu emaitza makalak lortu. Lau aldiz parte hartu izan du eta hirutan hirugarren postua lortu du; bitan bere bi modalitateetan eta iaz, Guadalajaran, postu bera light contact-ean. Kick light-eko borrokaldia «galdu» egin zuen; hau da, bertan behera utzi behar izan zuen, behartuta, begian ostiko bat jaso eta odoletan hasi baitzen. Hasieran ikaratu egin zela dio, «zerbait igarri nuen betazpian, azkura bezala; eskua begira eraman, eta odola ikusi nuen». Arbitroa harengana hurbildu eta borrokaldia eten beharra zegoela esan zion, baina Anek bere familia eta lagunak haraino joan zirela baino ez zuen gogoan, eta, hasierako sustoa gaindituta, ezetz esan zion, jarraitzeko moduan zegoela eta jarraitu egin nahi zuela. Ezetz, arbitroak, zauri handi samarra zuela eta. Hala, garaipena aurkariarentzat izan zen.

Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko beste hainbat lehiaketatan parte hartu izan du; duela bi urte, esate baterako, Benidormeko Nazioarteko Openean bi zilar lortu zituen Euskadiko selekzioarentzat.

Selekzioarekin, nor bere kabuz joaten da lehiaketetara. «Ez dugu ekipoa egitea lortu, pena handia da gure selekzioa beste batzuk bezain batuta ez agertzea; kiroldegian elkartzen gara, baina ez dago gustatuko litzaidakeen batasunik, arraroa da. Ez dugu harreman handirik. Espero dut denborarekin elkartasun hori sortzea. Baina pixka bat sustatu egin behar da».

Pozik dago Ane, nahi duen kirola egiten duelako eta emaitza onak lortzen dituelako. Asmatu zuela dio, gustura dago bai kirolarekin, bai giroarekin, bai txapelketetara jarraitzen dioten lagunekin: «Niretzat zutabe bat dira».

Kickboxinga ez dago diziplina olinpiar gisa onartuta. «Pena da, oso kirol garrantzitsua da-eta», dio Anek. Beste asko bezala, garrantzitsua da, «diziplina eta osasun mental eta fisikoa» ematen dizkiolako, bere buruarekin ondo sentitzeko aukera, bai buruari bai gorputzari dagokionez, «biak lotuta baitaude».

Ane Alvarez, kickboxinga eta batez ere bere hurkoak maite dituen borrokalaria.