GAUR8

System Two


Joan den urriaren 14an aurkeztu zuten Donostian System Two, IBMren ordenagailu kuantikoa. Japonia eta Estatu Batuetakoekin batera, tankerako hirugarren instalazioa da munduan, eta, momentu honetan, mota honetako ordenagailu ahaltsuena Europan. Ekarpen esanguratsuak egiteko gaitasuna omen du, hainbat eremutan: material berrien diseinua, simulazio biomedikoak edo adimen artifizialaren algoritmoen hobekuntza. Azken honi erreparatuz, adituek diote konputazio kuantikoak inteligentzia artifizialaren garapena eraldatu eta super-adimen artifizialerako bidea zabaldu dezakeela. Ordenagailu klasikoek sistema bitarra erabiltzen duten bitartean (0 edo 1), ordenagailu kuantikoek qubitak erabiltzen omen dituzte. Qubit bat 0 eta 1 egoeretan aldi berean egon daiteke, “superposizio kuantiko” izeneko fenomenoari esker. Honek arazo konplexuak azkarrago eta eraginkorrago ebazteko aukera ematen dio, ikasketa automatikoaren eta inteligentzia artifizialaren garapena bizkortuz.

Aste honetan bertan eman da ezagutzera “Statement on Superintelligence” manifestua. Sinatzaileen artean aurkitu ahal ditugu Steve Wozniak, Appleko sortzaileetako bat; Mary Robinson, Irlandako presidente eta Nazio Batuen Giza Eskubideen mandatari ohia; Sam Altman, OpenAIko zuzendaria; edo Steve Bannon, agitatzaile ultraeskuindarra. Testuingurua ezartzeko, super-adimenaren garapenak ekar ditzakeen onurak azpimarratzen dituzte, osasungintzan edo ongizatean. Baina adierazten dute arriskuen irismena zabala dela; pertsonen alborapena ekonomian, galera kritikoak askatasunean, duintasunean, eta arriskuak segurtasun nazionalarentzat; “even potential human extinction.” Eskakizunak argiak dira. Super-adimenaren garapena debekatu, datozen baldintzak bete ahal direla bermatu bitartean: 1. Modu seguru eta kontrolagarrian egin daitekeela dioen kontsentsu zientifiko zabala; eta 2. Botere publikoaren engaiamendu sendoa.

Uste dut pozteko berria dela IBMren System Two ordenagailu kuantikoa instalatzeko Donostia hautatu izana. Bi arrazoirengatik. Lehenik, balioan ematen baitu euskal ekosistema zientifiko-teknologiko eta industriala. Ana Paula Assis-ek, IBMko Europa, Ekialde Hurbila eta Afrikarako zuzendari nagusiak, nabarmentzen zuen euskal “mikrokosmosa” eredu dela Europan hartu beharreko bidearentzat. Bigarren arrazoia da euskal agintarien iritziz azpiegitura honek ekosistema hori indartu eta garatzeko balioko duela: talentua erakarri eta estrategikoak diren arloetan ezagutza eta negozio aukerak sortu.

Horiek esanda, arriskuak ere nabarmenak dira. Eta horiei loturik, hartzen ditugun ardurak ere bai. Ez dut uste manifestuan zehazten diren baldintzak betetzen direnik egun (segurtasuna/kontrola eta engaiamendu publiko sendoa). Eta, niri galdetuz gero, lehenago ere adierazi dut horrelako teknologiek sortzen didaten kezka bizia. Zintzoki pentsatzen baitut badirela ate batzuk hobeto leudekeenak itxirik.

Baina ez gaitezen inozoak izan. Gure “mikrokosmosetik” ez daukagu erabaki ahalmenik eztabaida horren norabidean eragiteko. Aldiz, behar dugu gaitasuna teknologia disruptibo hauen garabidea ezagutu, ulertu eta geure burua horien aurrean ahalduntzeko. Finean, azpiegitura handiek eskaintzen dituzten aukerak baliatu ahalko ditugu, dela osasungintzan (adibidez, gaixotasun epidemikoen ikerketa), dela ingurugiro zientzietan (adibidez, klima aldaketaren modelizazioa). Eta, hala tokatuz gero, sortzen dituen arriskuei aurre egiteko hobeto prestatu gaitezke. Baina jakin badakigu lurraldea ahaltsu egiteko ez dela nahikoa teknologia Donostiara ekartzea; badakigu harekin lan egiteko lurraldeak dituen gaitasunetan inbestitu behar dela. •