GAUR8

Auzoarentzako aterpea eta diruari begiratzen ez dion eredua, Santutxun

Hamar urte bete ditu Karmelak eta urtemuga ospatzeko ateak zabal-zabalik utzi ditu, kantxetatik gimnasiora, kanpoko indarkerietatik ihes egiteko babeslekua den etxe handi horretan mundua bizigarriago egiten duten borrokei eta auzoa aberasten duten hamaika jarduerari eskainitako espazioa erakusteko.

This browser does not support the video element.


Ongi etorri soil batek baino askoz tonu iradokitzaileagoa duen “Izan parte eta izan aske” mezuarekin egiten dio Karmelak harrera atea zeharkatzen duen guztiari. Eta hura gurutzatuta, kanpokoarekin zerikusi handia ez duen beste mundu bat aurkituko du hark. Gune zabal bat aurkituko du aurrena begien aurrean, leiho handiz beteriko eraikin batez inguratuta dagoen kirol kantxa handi bat. Garai batean, Karmelo Ikastolako jolasgunea eta gelak ziren leku horiek; egun, berriz, hamaika proiektu eta borroka emantzipatzaileren sehaska eta aterpe bilakatu dira. Bilboko Santutxu auzoan dago, Karmela du izena, eta hamar urte bete ditu, hiri handian aurkigaitz diren gauza xume asko egiten.

Zirkuko ariketak egiteko materiala ikus daiteke erdi zabalik utzitako leihotik. Eraikinaren atarian, korroan jesarrita, emakume talde bat dago, hizketan. Beste lagun talde bat sartu da eraikinean, eta eskaileretatik gora joan da; batzarren bat, akaso?... Neguko ordutegi aldaketak hustu du ingurua, baina kantxa zabal horietan, haurrak, gazteak... eta, oro har, adin guztietako pertsonak bildu ohi dituzte Karmelan egunero egiten diren jarduerek.

Kontatu dute, adibidez, adineko pertsona bat ibili ohi dela paseoan han; Santutxu auzo aldapatsua baita, eta gune lau hori eskertzen omen du pertsona horrek oinez ibiltzeko. Eta horrela atxiki zaio auzokidea Karmelaren eguneroko bizitzari, paseatzen hasi eta gazteekin eta ez horren gazteekin sor daitekeen hizketalditxoetan barneratuta.

Frontoia, gimnasioa, liburutegia edo ludoteka ikus daitezke, besteak beste, ikastetxeek izaten dituzten pasillo luzeetako albo bietako geletan. Eta pentsa daiteke, agian, zirkua edo boxeoa egitea edo akroyoga praktikatzea beste munduko ezer ere ez dela, autodefentsa feminista lantzeko beste gune asko daudela Bilbon, ondo hornitutako beste liburutegi asko dauden bezala, baina auzoko jendearen eskuekin altxatu dira Karmelakoak, lan militanteak sostengatuta, eta auzoari itzuli zaio hori dena formatu ezberdinetako proposamenetan. Doakoak dira guztiak, mundu guztiaren esku izan daitezen.

«Eredu kapitalistatik at gure mundutxoa sortu dugu» diote Karmelan. Egun, oso arlo ezberdinetan lan egiten duten 30 bat kolektibok dute bertan etxea, eta horiez gain, Bilbo zein Euskal Herri mailako eragile askok badakite ateak zabalik dituztela Karmelan.

Auzoko asanblea handi batek erabaki zuen Santutxuko ikastolak jada betetzen ez zuen espazio hura aukera ezin hobea zela -etxez pilatutako auzo populatu horren erdian, halakoa baita Santutxu- frontoia eta patioa eskaintzen zituen espazio hari izaera autogestionatua ematea, eta horrela hasi zen auzoa Karmela eraikitzen eta, aldi berean, era naturalean sortzen ari zen hura auzoari itzultzen.

Ibai Atutxa eta Ane Hernandez, Karmelako kideak. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Espazio honen lagapen fisikoa eta jabetza guraso kooperatibistengandik Udalera pasatu zen. Espazioa bi urte baino gehiago egon zen erabilerarik gabe. Frontoia, patioa... hainbeste metro karratu hutsik egotea ez genuen bidezkoa ikusten, eta orduan hasi ginen, azaroaren 14 batean, patioa okupatzen, eta patiotik eraikinera egin genuen salto», gogoratu du Ane Hernandez Karmelako kideak.

Bitxia da espazio batzuek pilatzen duten historia. Santutxuko honen kasuan, auzoarekiko lotura eta izaera komunitarioa gorde ditu; ikastolako familiek eraiki zuten euskararen inguruko hezkuntza proiektua hartzeko lehendabizi, eta auzoan errotuta jarraitu du ondoren, hainbat kolektiboren bultzadaz, hari bizitzeko espazioak eta jarduerak eskainiz.

«USTE GENUEN EZ ZELA BETEKO»

Hasiera haien oroitzapenetan murgildu ditu GAUR8k Ane Hernandez eta Ibai Atutxa Karmelako kideak. Hasiera haien memoriara itzuliz, gogoratu dute auzoko etxe kolektibo hori zelan sortu zen eta nola joan den jende gehiagok bere egiten. «Proiektua astiro-astiro joan da eraikitzen; hamar urte bada denbora», hasi da kontatzen Atutxa. Dioenez, «duela hamar urte okupatu zenean asanblea iraunkor handi bat zegoen, eta gero taldez eta bizitzaz betetzen joan da; orain 30 kolektibo inguru gabiltza era iraunkorrean funtzionatzen».

«Uste genuen espazioa ez zela beteko, baina Ibaik esan duen moduan, etxeak 30 talde ditu, era finkoan, eta horiez gain, Bilboko eta Euskal Herri mailako beste talde eragile askorekin daukagu kontaktua, harremana eta elkarlana», jarraitu du Anek. «Guk beti esaten dugu horrek erakusten duela horrelako espazioen beharrizana. Horrelako espazioak bete egiten dira, bizitza daukate, indarra daukate, beharrizana baitago, eta hori guk erakusten dugu gure eguneroko jardunarekin eta eguneroko borrokarekin», jarraitu du Atutxak.

Proiektuak auzoan utzi du lehen aztarna, baina eskala handiagoan, Bilbori ere egin dio ekarpena. Izan ere, argi diote Bilbo gero eta turistifikazio handiago batean murgilduta dagoela, «non, tartean, beti dirua izaten duten ekitaldi masiboak antolatzen dituzten, kultura proiektu anitzek eta doakoek lekua dute hemen, Karmelan. Hona ez da etorri behar dirua aurretik izanda, tailer guztiak doakoak dira, hemen egiten den edozein ikuskizun edo kultur ekintza ezer ez kobratzearen premisan oinarritzen da, mundu guztia etorri eta gozatu ahal izateko».

Irakurtzeko txoko bat, Karmelako liburutegian. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Atutxaren hitzetan, Karmelak Bilbori eta Euskal Herriari ematen die «neurri batean, kanpoko indarkeria horietatik ihes egiteko espazio bat, indarkeria horri guztiari aurre egiteko espazio bat eta, batez ere, kolektiboki antolatzeko eta autogestionatzeko espazio bat».

Horraino, auzoko gunea definitzen duten zenbait zertzelada, baina Karmela deskribatzeko eskatu dugunean, beste kode asko agertu dira. «Karmela proiektu anitza da, herrikoia, autogestionatua, asanblearioa, eta belaunaldi artekoa ere bada. Ez gara gaztetxea, hemen adin guztietako jendea dagoelako, haurrak, gurasoak, eta zaharragoak ere bai; abaniko hori guztia betetzen dugu», dio Hernandezek.

Auzoko etxe komun horren izaera definitzen duten beste ikur batzuk aipatu dituzte. Karmela euskalduna delako, antirrazista, antifaxista eta kulturartekotasunaren aterpe ere bai. «Hori da gure izaera, transfeminista eta ekologista ere baden moduan», gaineratu dute bi kideek. Izaera ez da, gainera, aurkezpen txartel hutsa. Gunearen egunerokotasunean egiten diren jarduera guztietan islatzen da, baita praktikara eraman ere: «Guk ez diogu inori karnetik eskatzen, ez diogu inori herritartasunik eskatzen. Eskatzen dugu Karmelaren printzipio emantzipatzaile horiekin bat egitea».

Karmelaren inguruan irudi jakin bat hedatu da, pertsona migratzaileen harrerari oso lotua. «Egia da migratzaileen harrerak lekua duela Karmelan, baina uste dut une ezberdinak egon direla. Egon zen garai bat non migratzen ari ziren pertsonen kolektibo handiak mugitzen ari ziren Euskal Herrian Estatu frantseserako bidean, eta uda hartan Karmelak Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek egindako urgentziazko deialdi eta justiziazko ekimen bati aurre egin zion. Horretaz aparte, ramadana ospatzen den denbora tartean, batez ere kale egoeran dauden pertsonentzat, gorputzean sartzeko jaki bero bat eskaintzen da Karmelan; berez ez du Karmelak antolatzen, baina ekimen horretan parte hartzen du», azaldu dute.

Karmelako hormen artean egunero gertatzen den horri guztiari erreparatuta, ikusgarria da proiektua zer izatera heldu den, hainbat gunetan banatutako espazio horietan mota askotako jarduerak baitaude.

SEI IZAR IZENEKO GIMNASIO BAT

Sei Izar izena du Karmelaren herri gimnasioak, 1995. urtean Pirinioetan hil ziren sei mendizale santutxuarren omenez. Auzoak bizi izan zuen «galera latz» horren memoria eta erreferentzia mantendu nahi izan dituzte, auzoko herri krosak egin zuen bezala, gogoratu dutenez. Jende gaztez beteriko gimnasio bat izan daiteke burura datorren lehen irudia, «eta ez da horrela izaten», aipatu dute Karmelako kideek. «Gimnasio horretan euskal dantzak entseatzen dituzten eta tai jia egiten duten kolektiboak daude, eta bietan gazteak daude. baita erretiroa hartu dutenak ere, eta azken horiek dira askotan eskolak ematen dituztenak», azaldu dute.

Horma-irudia, Karmelan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Ludoteka ere badugu, eta hona gurasoak ere etortzen dira haurren urtebetetzeak ospatzera, adibidez. Leku autogestionatu batekin lotu ohi diren estereotipoak apurtzen dira hemen», aipatu du Hernandezek, eta erantsi du Atutxak zaila dela horma horien artean egiten den guztia aipatzea. Baina Karmelan rokodromoa ere badago, boxeoa egiten duen taldea, beste hainbat tailer, yoga, akroyoga, zirku talde bat, antzerki talde pare bat, inguruko baserrietako produktuen kontsumoa antolatzen duen taldea... Eta kutsu politikoagoa duten beste kolektibo batzuk dituzte bizikide, hala nola Akelarre auzoko kolektibo feminista, Sukar Horia talde ekologista, Ay Dragmela drag kolektiboa, Ozen, Poliamor..., «eta Kranba okupazio konpartsa ere etxean daukagu, euskara eskolak daude...»

Auzoan errotuta eta bizirik dagoena beste proiektu askorentzako bilgune da, etxe eta sinergia eta inspirazio iturri. Detaile bat aipatzearren, Pottokak kontaktu kirol transfeminista lantzen duen kolektiboa gehitu da Karmelaren proiektura... Rol eta mahai jokoen inguruan ibiltzen den taldearentzat ere bada etxe, eta, era berean, Bilbora heldu eta migrazio prozesuan dauden pertsonentzat kontsigna moduko zerbitzu bat eskaintzen du, «egunean zehar haien gauzak bertan utzi eta gorde ahal izan ditzaten».

Bere buruaz esana du Karmelak «gure gelak, korridoreak, kafeta, jantokia, kantxak eta frontoia proposamen antikapitalisten, ekologisten, antirrazisten, euskaldunen, feministen eta transmaribolloen topagune eta gurutzagune» direla; eta «gimnasioa, liburutegia, rokodromoa, antzerkia, zirkua, serigrafia, ikasgela eta asanblada» ere «konspiratzeko eta aliantzak sortzeko» espazioak direla. Ekosistema aske horretan, txoko atseginak atondu dituzte irakurtzeko, eta Picassoren “Guernica” erreproduzitzen duen horma irudi handi batean oroimenari eskainitako mezua margotu dute: “Kontatu ez dena entzun dezagun. Entzun ezin zena konta dezagun. Haien kontakizuna da gure memoria”.

Gune bakarrean jarduera maila hori kudeatzeko, ezinbestekoa izan zen espazioaren antolaketa; are gehiago, kontuan hartuta solairu bakoitzak 2.000 metro karratu dituela. Profesionalen aholkua jarraituz ekin zioten antolaketa horri, eta horrek ere istorioak eta historia dituzten izenak ekarri ditu.

Sei Izar gimnasioaz gain, Mari Arkota izena du Karmelaren gune batek. Eraikinak dauzkan kutxatila kantitate handiarekin eta horrek emandako arazoekin jolastuz jarri zioten izen hori. Izan ere, kontatu dute askotan gainezka egin eta «horrek eraman gaitu goian bizi diren auzokideekin harreman bat erakitzera». Kontrakultur da beste gune bat; Topalekua -Kafeta eta Txikigunea hartzen dituena- eta A2, herri mugimenduko elkarte eta eragileentzako espazioa.

BEGIRATZETIK PARTE HARTZERA

Karmelaren funtzionamendua antolatzeko zenbait une garrantzitsu daude. Asanblea orokorrak dira horietako bat, «eta hor guztiok hartzen dugun konpromisoetako bat da asanblea orokor guztietara joatea». Asanblean erabakitzen da ikasturte bakoitzean zer norabide hartzen duen proiektuak. «Espazioa irekita dago mundu guztiarentzat, baina gutxieneko konpromiso batzuk eskatzen dira proiektua aurrera eraman ahal izateko», azaldu du Ane Hernandezek.

Karmelak, gainera, auzoko kaleei begiratzeari uzten ez dion espazioa da, Euskara Astean, sanjoanetan, gabonetan edota inauterietan «ekarpen bat egiteko auzoari eta Bilbori». Tattoo Zirkus Euskal Herria bezalako ekintza potentea igaro da Karmelatik, eta udan, ikasturtea amaitu eta Karmelaren egitaraua geldotzen denean, hango hormak Bilboko konpartsenak ere badira. Karmelak Kranba konpartsa du etxean, baina beste konpartsa askotan ibiltzen da Karmelako jendea. «Bilbo handia da, baina gero eta espazio gutxiago dago [txosnen] panelak margotzeko eta Bilboko Aste Nagusiak behar duen aurrelanketa hori egiteko, eta espazioa eskatzen dute hori egiteko».

Proiektuaren harrera gunea. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Egindako ibilbidea gogoratzeko aukera izaten dira urteurrenak, baina sor daitezkeen erronkei begira ere badago proiektua. Hernandezek dio proiektuak bizirik jarraitzea dela Karmelaren lehen erronka. «Gure ikuspuntua argia da: ongi etorria da edozein kolektibo, betiere Karmelaren baloreak onartzen baditu. Eta horietako bat da beste espazio batean haien lekua ikusten ez dutenentzako gune honek bizirik irautea». Atutxaren hitzetan, «neurri batean kanpoko munduak jartzen digu erronka, gaur egungo gatazka eta zapalkuntza guztien aurkako benetako artikulazio bat eraikitzea, benetako espazio bat delako, gu ez gara ideietan flotatzen bizi, eta gure erronka hori da».

Oinarrian lan militantea duen proiektua da, eta askotan aipatzen da horren galera. Karmelan beherakadarik ez dutela nabaritu esan dute, ordea. Izan ere, proiektua bera militantziarako abiapuntua da pertsona askoren kasuan. Hernandezek dioenez, bada aurretik beste proiektu batzuetan militatu edo parte hartu ez duen jendea: «Hona heltzen da gimnasioagatik edo beste zerbaitegatik eta hor hasten da bere etapa berri hori».

Gakoa «erabiltzailetik parte-hartzaile izaterako txip aldaketa horretan» dagoela diote. Atutxak planteatu duenez, haien sentsazioa da, agian, ez dagoela militatu nahi duen jende gutxiago, baizik eta militatzeko gero eta espazio gutxiago, «eta guk horri aurre egin nahi diogu, hain zuzen, Karmela militatzeko, parte hartzeko eta parte izateko espazioa delako».



Hasi 14an eta «revival» gau batekin amaitu, 15ean

Karmelan ikasturte formatua izaten dute programazioek eta aurtengoa, 2025-2026koa, nagusiki urtemugaren ospakizunetara egongo da bideratuta. Irudia eman diote efemerideari, eta “Hamarkada herrikada” leloa jarri diote. Ekitaldiak 14an bertan abiatuko dira, eta orduan aurkeztuko dute urte osorako egitaraua, baita urteurrenaren nondik norakoak ere. Orkestra «auzoko talde mitikoak» girotuko ditu kaleak ondoren, eta hurrengo egunean, zapatuan, apur bat aldatu behar izan dute jatorrizko ideia, Euskal Herriko eta Palestinako selekzioen arteko partidak barnebiltzen dituen aldarrikapenekin bat egiteko. Gosari herrikoi batekin abiatuko da zapatu hori Karmelan: «11.00etan izango da eta mundu guztia dago gonbidatuta». Horren ostean, gainera, ateak zabalik jarriko dituzte Karmelan, hura ezagutu nahi duenak detailerik gal ez dezan. «Uste genuen daukagun bizitza hori erakusteko gauzarik politena zela ate irekien saio bat egitea, nahi duenak ikusi ahal izateko espazio guztietan zer lan egiten den eta zer kolektibo dauden», azaldu dute kideek.

Bertokoen eta bisitarien joan-etorriak alaitzeko «marianito musikatua» prestatu dute Pantx Records-en eskutik. Herri bazkaria egongo da ondoren, eta arratsaldean, “Gora herrien arteko samurtasuna!” oihu eginez, Bilboko kaleetan izango den elkartasun uholdearekin bat egitera deitu du Karmelak. Gauean, musikak berreskuratuko du urteurrenaren ospakizunen protagonismoa, baina Bilboko Alde Zaharrean izango da, Zazpi Katu gaztetxean, duela 10 urte Karmelan jo zuen Gorka Suaiak eta Espinelis-ek musikatuta.