Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida
Gipuzkoako Aldundiak 1990eko hamarkadatik ezarria zuen betebeharra -13 urtera arte talde kirol bat klub batean egin ahal izateko, izena eman behar zen Eskola Kirolean- bertan behera geratu ostean, zenbait herritan nabarmen egin du behera parte-hartzeak programa horretan. Zein izango dira ondorioak?

"Norgehiago"-k bi zati ditu ongi bereiziak: "nor" eta "gehiago".
Hautatu beharra dago.
Zer nahiago dugu izan "nor" ala "gehiago"?
NOR denak ez du GEHIAGO izan beharrik. Garatu du nortasuna.
Badaki neurgailua bere baitan dagoela, jolasean.
GEHIAGO izan nahi duenak erretxinduta igaro beharko du bizitza.
Ez baita inor beti bestea baino GEHIAGO denik.
Familia, lagunak, kalea, eskola... nortasuna garatzeko guneak dira.
Aisiarteak norabide berari segi behar lioke.
Baina askotan... GEHIAGO izan nahia nagusitzen da...
Andoni Egaña Makazaga
Bertsolaria
Marka da. 30 urtez arrakasta eredua dela erakutsi arren, Gipuzkoako Eskola Kirola programa berriz ere eztabaida gai bilakatu da. Bilakatu dute. Aski ezaguna den moduan, Pasaiako familia batek abiarazitako auzibideari erantzunez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1990eko hamarkadatik ezarria zuen betebehar bat: 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin ahal izateko, ezinbestean izena eman behar zuten Eskola Kirolean.
Aurtengo ikasturtean aplikatu da lehen aldiz araudi berria, eta behin-behineko datuek erakutsi dute Eskola Kirola programan izena eman duten haurren kopuruak nabarmen behera egin duela. Herriaren arabera zenbakiak desberdinak diren arren, zenbait lekutan beherakada hori %30-40 ingurukoa izan da.
Gaiari hurbilpen bat egiteko, Manu Urbieta zarauztarrarekin bildu gara. Manuk urte asko daramatza Eskola Kirolaren onurak azpimarratzen, futbol munduan izan duen ibilbide luzean bizitako esperientzietan oinarrituta. Psikomotrizista ere bada, eta EKAP Eskola Kirolaren Aldeko Plataformaren bultzatzaileetako bat. Ezagutza horretatik, argi du haurren garapenean lehia goiztiar arautuak onura baino kaltea ekartzen duela.
«Eskola Kirolarekin bilatzen dena da modu ludiko lasai batetik kirol desberdinak ezagutzea, eskola inguruko eta gelako lagunekin, euskara bultzatuz. Eta kirolaren ezagutza hori garaian garaikoa izan dadila, epeak errespetatuz eta prozesuan etapak erre gabe. Oinarrizko gaitasunak landu, lagunekin batera jolasa ulertu, lehiaketa heltzen den unean eta aurkari baten aurrean jarri behar denean lehia hori modu lasai batean hartzeko, inolako presiorik gabe eta inolako helburu garailerik gabe. Poliki-poliki joan, badagoelako denbora. Oinarrizko gaitasunak landuta daudenean, garapena egokia izan denean, emozionalki ongi sentitzen zarenean... prest zaude. Ezagutzen dut jolasa, trebetasun motorra landuta daukat, ba aurrera», zerrendatu ditu Eskola Kirolaren onurak.
AUKERATZEKO PRESAK
«Multikirola diogunean zertaz ari gara? Ba, LH3 mailan, 7-8 urterekin, hasten dira kirol desberdinak probatzen, ezagutzen hasteko. Eta LH5 eta LH6an gehixeago lehiatzen joaten dira. Zarautzen, adibidez, hondartzako futbola, eskubaloia eta saskibaloia dira indar gehien dutenak, baina gero beste asko ezagutzeko aukera dute: txirrindularitza, arrauna, igeriketa, errugbia, pilota... Denetik probatu eta beti egongo da norbait eroso sentituko dena horietakoren batean. Eta bakoitzak ikusiko du noiz aurkitu duen bere lekua. DBH1en? Ba, agian bai eta agian ez. Jarraitu daiteke probatzen. Ez dago legerik dioena adin horretan kirol bakarra aukeratu beharra dagoenik. Zergatik? Niri pilota, surfa eta bizikleta gustatzen bazaizkit, ba segi ahal den bitartean. Aurrerago aukeratuko duzu», iritzi dio presa horiei buruz.
«Goazen haurra eraikitzera, presarik gabe. Haurra erdigunean jarri behar dela esaten dugu beti. Ba hartu lasai orduan. Nire aita musikaria zen eta erritmoa aipatzen zuen beti. Musika gozatzeko aurrena zure gorputza eraiki behar duzula, erritmoa. Erritmo hori, pauso hori eraikitzen duzunean, bihotza entzuteko gai zarenean, orduan datoz hitza, doinua, eta gero, instrumentua. Gaur egun joera kontrakoa da, dena azkar egin nahi izatea», dio Imanol Urbieta aitzindariaren semeak.

Baina, noski, teorian horren logikoa dirudien planteamenduak familien eguneroko errealitatearekin egiten du topo, eta hor beste faktore asko sartzen dira jokoan. Izan ere, gaztetxoen kirol jardunean ikusten diren joerak gaur egungo jendarteak dituen aje orokorren isla besterik ez dira kasu gehienetan.
«Badirudi presa dagoela kirol bat aukeratzeko. Horretan zerikusi handia dute gelako lagunek. Imajinatu zure seme-alabari txirrindularitza gustatzen zaiola, baina lagun guztiak futbolera joaten direla. Ba gurasoak ziurrenik pentsatuko du: ‘Bueno, bizikletan ibiliko da nirekin tarteka, baina lagunik gabe ez dadila geratu’. Horixe da guraso askoren beldurra. Mugikorrarekin gertatzen den berdina da. Lagun denek mugikorra daukate, Whatsappez geratzen dira, eta zure seme-alaba ez da enteratu. Zer egingo duzu? Ba mugikorra eman, taldetik kanpo ez geratzeko. Oso ohikoa da».
Eta argumentuari jarraipena eman dio, berak futbolean ikusi izan duen errealitatetik. «Futbolarekin antzekoa gertatzen da. Asko joaten dira lagunak doazelako, nahiz eta lehia horretan ez gozatu. Zeren trebea ez denak, presio unea iristen denean, gaizki pasako du. Lagun artean parkean jolasten ari zarenean ez dago presio hori, eta trebea ez denak bilatuko du moduren bat moldatzeko: aurrean edo alde batean jarri, atezain jarri... Baina helduak tartean daudenean, gauzak aldatu egiten dira».
ZENBAT ETA LEHENAGO HASI...
Puntu honetara iritsita, ziur Eskola Kirolaren edo multikirolaren ahuleziak nabarmendu nahi dituenak bi ideia dituela buruan bueltaka. Lehena: zenbat eta lehenago hasi, orduan eta aukera gehiago kirol maila altu batera iristeko. Bigarrena: eskola kirolean ez dago behar beste seriotasun. Kasuistika oso anitza den arren, Urbietak bi uste zabaldu horiek ezbaian jartzera gonbidatu gaitu.
«Nik sei urte egin nituen Zubietan. Eta orduan ezagutu nuen Gipuzkoako futbolaren errealitatea. Nik futbola 97an utzi nuen, lau urte egin nituen Zarautzen eta Realera joan nintzen. Garai hartan, infantil mailan, Realak eskola kiroletik hartzen zituen jokalariak. Herri bakoitzeko onena hartzen zuen eta gero herri horietako taldeen aurka jokatzen zuen. Normala den bezala, partida guztiak irabazten zituen, eta orduan kanpora irteten zen beste aurkari indartsuago batzuen kontra jokatzeko: Villarreal, Bartzelona, Athletic... Eskola Kiroleko haurrekin lehiatzen ginen eta ez ginen besteak baino txarragoak. Beste talde gehienetan lehenago hasten ziren errendimendu filosofiarekin, eta hala ere, oso paretsu ibiltzen ginen», dio errendimendu plangintzetan lehenago sartzeak besterik gabe jokalari hobeak emango dituen ustearen inguruan.
Alde horretatik, arazoa lehia goiztiar arautu horretan ikusten du. «Bai, jolastu behar dute, mugitu behar dira, hartu behar dute trebekuntza motorra, trebekuntza kognitiboa ere bai, ulertu behar dute jolasa, zein diren arauak. Horretan guztian hobetzen joan behar dira, baina inolako presiorik gabe, antsietaterik gabe, lehiakortasun goiztiarra neurtuz. Zeren haurrak lehiakorrak dira, baina lehiaketa bat antolatzean, kanpoko beste elementu asko sartzen dira, kontrolatzeko zailak direnak».

Eta adibide konkretu batzuk jarri ditu. «Adibidez, gaztetxoen arteko partida batean jendea epaileei oihuka aritzea. Uste dut ari garela pixkanaka konturatzen, baina erabat normalizatuta egon da epaileei edozer esatea. Edo animatzea. Benetan haur batek, berez duen estimulazioaz gain, kanpotik gehiago estimulatzea behar du kirol batean aritzeko? ‘Txarra al da animatzea?’, galdetzen dizute. Baina hausnartu beharko genuke ea animo horiek ez duten askotan urduritasuna eta antsietatea areagotzen. Hori da nire iritzia. Badakit badaudela bestela pentsatzen dutenak, haur batek ezin duela lo egon eta behar duela bultzada bat kanpotik esna eta erne egoteko. Nire ustez, hori lehenago hasi behar horren ondorioa da. Lehenago egon behar dute prest, lehenago hasi behar dute lehiatzen, eta sobreestimulazio horrek haur askorengan kontrako efektua dauka: ‘utz nazazue bakean’. Nik hori askotan ikusi dut».
KLUBETAN ERE, OINUTSIK
Eskola Kiroleko entrenamenduetan egon daitekeen seriotasun faltari buruz, Manuk ez du ukatzen zenbait kasutan hala gerta daitekeenik, entrenatzaileak ere askotan gaztetxoak izaten direlako -datorren denboraldian legedi berria sartuko da indarrean-. Horregatik, duela zenbait urte EKAP plataformak esfortzu berezi bat egin zuen entrenatzaileei ikus-entzunezko materiala eskuragarri jartzeko.
«Aplikazio bat sortu genuen 150 jolas proposamenekin, eta bideoan grabatu genituen monitore gazte horiek mugikorrean eskura eduki ahal izateko. Helburua horixe zen, monitoreek jolasak iruditan eta eskura edukitzea, irakurtzen ibili beharrik gabe. Errealitate bat da. Monitoreek ez dute kobratzen, asko jota denboraldi amaieran merienda bat, afari bat edo bidaia bat PortAventurara», dio.
Baina, era berean, Urbietak argi du klubetan ere dena ez dela urre kolorekoa. «Klubetan ere antzeko daude. Talde gehiago badituzu entrenatzaile gehiago behar dituzu. Eta entrenatzaile horiek nondik ateratzen dira? Askotan badirudi klub bat izateagatik sekulako entrenatzaileak izango dituzula, eta ez du zertan horrela izan. Askotan pentsatzen da oihu asko egiten duena entrenatzaile hobea dela, serioagoa. Zergatik? Oihu asko egitea serioa izatea al da? Hori normalean gurasoek egiten dute, futbolean aritutakoek, eta uste dutenek oihu egin eta diziplina jartzeagatik hobeto entrenatzen ari direla. Hori eztabaidagarria da. Agian haur horiek eskolako patioan beren kasa jardunda gaitasun desberdin gehiago ari dira lantzen», hausnartu du.
Eta gai arantzatsua dela jakin arren, lehia orokor horren atzean interes batzuk daudela gaineratu du, ezkutatu ezin direnak. «Federazioek zer nahi dute? Ahalik eta haur gehien eduki beren kirolean. Klubek zer nahi dute? Ahalik eta haur gehien eduki beraien eskoletan, infantiletan ahalik eta talde potenteena edukitzeko. Hor askotan klub horien egoa sartzen da jokoan. Hiru edo lau infantil onenak edukitzea, 200 haur erakartzea. Berdin du gero entrenatzaileak lortu ezinik baldin banabil, zelaia lortu ezinik banabil... Eskola Kiroleko izen-emateak jaisteak hori ekarriko du. Prest al daude klubak horretarako? Beste gai bat da, baina kirol elkarteetan ba al dago jendea prest lan hori dena musu-truk egiteko? Guraso horiek denak prest al daude lanetik irten eta klubean laguntzera joateko? Joango dira asteburuero zelaiak markatzera edo tabernan esku bat botatzera? Hor ere arazo bat daukate klubek».
Onartzen duenez, borroka hau nekagarria suertatzen ari zaio, zenbait jendek gaia arlo pertsonalera eramaten duelako, baina iritzi desberdinak plazaratzea garrantzitsua dela iruditzen zaio. «Badakizu zer gertatzen den gai hauekin? Minduak sentitzen garela. Jende asko ari da jo eta ke lanean klubetan, eta horrelako zerbait esaten baduzu pentsatzen dute haien kontra ari zarela. Eta ez da horrela. Zarauzko kasuan, adibidez, ni ez naiz inoiz klubaren kontra jarriko. Ni neu klubetik sortu nintzen. Ni Zarautz Kirol Elkartetik atera nintzen. Nik futbolean ibilbide bat egin badut, horri esker izan da. Ni Zarauzko entrenatzailea izan naiz. Baina egindako ibilbide horren ondoren, iritzi bat daukat. Eta errespetu guztiarekin ematen dut».
ERAKUSKETA BAT HAUSNARTZEKO
Testuinguru horretan, urri hasierara arte “Norgehiagoka” izeneko erakusketa egon zen ikusgai Usurbilen, Eskola Kirolean eta, oro har, kirol lehiaketetan izaten diren jarrera desegokien eta lehiakortasun goiztiarraren inguruko hausnarketa bultzatzeko. Ikus-entzunezko batez, hainbat argazkiz eta testuz osatzen da. Testu horietako batzuk hemen txertatu ditugu, baina guztira 40 inguru dira, eta liburuxka eder batean bildu dituzte.

«23/24 ikasturtean liskar asko egon ziren. Futbolean, eskubaloian, saskibaloian, boleibolean... Tentsio une asko egon ziren. Eta guk, Eskola Kiroletik, hori ikusita, pentsatu genuen bideo bat egitea. Andoni Egaña, Asier Mendoza eta beste zarauztar batzuk ibili ginen horretan, eta Usurbilgo Udala hori babesteko prest agertu zen. Justu horretan ari ginela, Andonik eroriko bat izan zuen Bidanian, eta denbora batez ez aurrera ez atzera eduki genuen gaia. Ni, geldirik egon ezinik, tarte horretan beste idatzi batzuk biltzen joan nintzen: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Asier Serrano, Mikel Labaka, Asier Illarramendi... Bertsolariak, idazleak... eta kirolariak ere bai, baina kirolaz beste ikuspegi bat dutenak. Azkenean, 36 testu, bideoa eta Iñaki Zinkunegi zarauztarrak ateratako argazki batzuk bildu ditugu», azaldu digu Manu Urbietak.
«Testu horiek hausnarketarako beste bide bat eskaintzen dute: poesiaren bitartez, ipuin laburren bitartez, bertsoen bitartez eta bizi esperientzien bitartez. Honek ez du ezer konponduko, baina bada hausnarketarako beste begirada bat eskaintzea. Batzuetan komeni da distantzia bat hartu, guraso edo kirolari figuratik apur bat aldendu, eta entzutea besteek zer duten esateko», amaitu du.
Elitearen sehaskak ez du aniztasun funtzionalik kulunkatzen;
ez ote ditu -TASUNak baino -KERIak
oihukatzen?
Elkar hartu
elkar ba(na)tu;
ez elkarrekin sartu
baizik elkarrekin ausartu.
Dibertsifikazioa, dibertsitatea
zabaldu dibertsioari atea.
Norgehiagoka derrigorrezko zor bat al da?
Ez bada, eskaini kirol lagunari sorbalda.
Egin eta eragin
denontzakoa izateko era egin
elkar ekin
denok elkarrekin;
elkar animatuz solas
elkarrengana arrimatuz jolas
elkar lanean bide berriak asmatuz goaz.
Amaia Agirre Arrastoa
Bertsolaria

Adina ez da oztopo, eta Euskal Selekzioa munduko txapelketa gogotsu jokatzen ari da

«Gatazkaren memorian gazteek beraien ikuspegia inportantea dela sentitu behar dute»

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

