DEC. 18 2025 - 13:09h WhatsApp kanala aktibatu du Galdakaoko Udalak, gazteen kezka emozionalak artatzeko WhatsApp kanala aktibatu du Galdakaoko Udalak, gazteen eta nerabeen kezka emozionalen aurrean laguntza profesionala eskaintzeko. Osasun psikologikoarekin, harreman pertsonalekin edota kontsumo eta adikzio egoerekin lotutako kezkak erantzungo dituzte, era konfidentzialean. Gazettei eta nerabeei zuzendutako zerbitzua da WhatsApp kanal berria. (Raul BOGAJO | FOKU) GAUR8 «Gazteen komunikazio ohituretara egokitzeko eta laguntza emozionala errazteko helburuarekin», WhatsApp bidezko arreta zerbitzua jarri du martxan Galdakaoko Udalak. «Hurbil dagoen eta eskuragarria den kanala da, betiere profesional kualifikatuek artatua, behar duten pertsonei laguntza profesionala, konfidentziala eta kalitatezkoa eskainiko diena», nabarmendu dute Udal Gobernutik.Izan ere, entzute erreala eta pertsonala bermatu nahi du, «adimen artifizialeko aplikazioek ematen dituzten erantzun automatikoetatik urrun». Batera zerbitzuak duen kanal berri honekin, «harremanen eta emozioen inguruan dituzten kezkei ohikoa eta gertukoa zaien baliabidearen bitartez erantzungo zaie gazteei, baina modu profesional eta seguru batean». «Gazteengandik hurbil egotea eta behar duten akonpainamendua egitea da helburua», azpimarratu dute.Emango den arretaren inguruan, udal iturriek aipatu dute «aldaketa, zalantza eta norbere burua ezagutzeko prozesu betean», gazte askok «sentitzen dutena lasaitasunez eta epaituak izan gabe adierazteko guneak behar» direla. Laguntza pertsonalizatua«Gaur egun irtenbideak klik bakarrean eskuragarri diruditen arren, kezka emozional eta afektibo-sexual askok erantzun sakonagoa eskatzen dute: entzutea behar dute, gertutasuna sentitzea eta laguntza pertsonalizatua jasotzea», azaldu dute.Erantsi dutenez, egoera horietan maiz Interneten bilatzen dira irtenbideak, ChatGPT, Copilot edo antzeko plataformetan. Baterak eskaintzen duen zerbitzu honek aholkularitza, arreta eta laguntza psikologikoa eskaintzen dituen espazio segurua izan nahi du. Azpimarratu dutenez, profesional espezializatuek erantzungo dituzte gazteek planteatzen dituzten kezkak, eta «osasun psikologikoarekin eta harreman pertsonalekin lotuta dituzten kezka eta zailtasunetan entzun, ulertu eta euren bideetan laguntzen diete».Zehaztu dute, halaber, askotariko gaiak landuko dituztela, «hala nola norberaren buruaren zainketa eta autoestimua, estresaren eta bakardadearen kudeaketa, bikote harreman gatazkatsuetatik ateratzeko edo haiek konpontzeko laguntza, kontsumo eta adikzio egoerak lantzea edota indarkeriak detektatzea».