Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
MARIA ISABEL OBONO OBAMA MANGUE ETA NGUEMA MANGUE
Ekuatore Gineako LGTBIQ+ komunitatearen giza eskubideen aldeko aktibistak

«Lesbianok ez gara existitzen Ginean. Ez gara borrokatzeaz nekatuko, merezi dugulako»

Somos Parte Del Mundo kolektiboko kideak Euskal Herrian dira. NARE Giza Eskubideen Defendatzaileen Babeserako Programarekin etorri dira, jazarpenetatik errekuperatzeko, babes-sareak handitzeko eta elkartasun politikoa zabaltzeko.

(Argazkiak: Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Lakuako Gobernuaren NARE programak 42 defendatzaile babestu ditu 2011tik; Kolonbia, El Salvador, Honduras, Guatemala, Peru, Nikaragua eta Saharakoak, besteak beste. Aurten lehenbizikoz hartu ditu Ekuatore Gineako herritarrak. Bilbon elkartu gara haiekin, parke lasai batean.

«Zorte handia da hemen egotea. Lehenbizi bisa lortu behar da Ekuatore Ginean. Horretarako nor zaren eta zertara etorri zaren begiratzen dute. Hona bidean aireportuan geldiarazi gintuzten, esanez ezin genuela bidaiatu hemen harrera egingo zigutenekin hitz egin arte. Deitu genien eta azkenean bidaia egin ahal izan genuen», kontatu digute.

Maria Isabel Obonok hamarkada bat darama Somos Parte Del Mundo (SPDM) elkartean lanean. Bere orientazio sexualagatik espetxeratuak dauden pertsonak akonpainatzen ditu, homosexualitatea delitua den herrialde batean. Bertan, homosexualak ez direnez legalki existitzen, ezin dute elkartea erregistratu.

«Bada denbora bat herrialdean zurrumurruak zabaldu zirela. Homosexual guztiak harrapatuko gintuztela eta irlarik urrun eta abandonatuena oparituko zigutela zioten. Ez da gauzatu. Baina kolektiboa arriskuan dago, batez ere aurpegia ematen ari garenok. Komisaria, ospitale eta ministerioetan ari gara borrokan. Izan ere, pertsona transek ezin dute ministerioa zapaldu NANa eskatzeko, ez dute espazio publiko horietan sartzerik».

Indarkeria ikusarazten Nguema Mangue figura nabarmena da Ekuatore Gineako LGTBIQ+ kolektiboan, bere etengabeko aktibismoagatik eta sexu eta genero aniztasuneko pertsonek sufritu behar duten indarkeria instituzionala eta soziala ikusgarri egiteagatik.

«SPDM kolektiboko kideok LGTBIQ+ pertsonen eta emakumeen eskubideen alde ari gara. Gure lan-ildoen artean daude giza eskubideen gaineko informazioa, eskubide urratzeen dokumentazioa, arreta psikosoziala, akonpainamendu legala eta kultur sustapena, erresistentzia forma bezala. Nazioartean ere lan garrantzitsua egiten dugu. Nazio Batuek aldizka egiten duten azterketari ekarpena egiten diogu txostenekin, eta sarean lanean ari gara».

Estatuak zuzenean jo du beren aurka. «Gobernuak kolektiboaren jarduerei betoa jarri die, ‘homosexual’ terminoa zentsuratu du, segurtasun indarrak gehitu ditu bereziki pertsona transok bizi garen guneetan». Hala eta guztiz ere, SPDM elkarteak lanean jarraitzen du, babes-sareak osatuz eta herrialdean bizi dituzten indarkeriak salatuz.

Mangue Komunikazio arduraduna da. Kolektiboaren ekintzen argazki eta bideoak egin eta sareetan argitaratzen ditu. Noizbehinka akonpainamendua ere egiten du kartzela eta ospitaleetan.

Hala kontatu digu bere esperientzia: «Normalean pertsona transok ez dugu armairutik atera beharrik. Hazten goazen neurrian nabaritzen da. Transa zer den ez dakienak lesbiana edo homosexuala esango digu. Nire kasuan, aitak babesten ninduen. Ez zekien homosexuala naizela, baina egin nahi nuen guztian babesten ninduen. Hil zenean, ordea, amak eta anaiek naizena deskubritu zuten. Amak ez ninduen iraindu, ez zidan ezer esan. Ikusten ninduen bakoitzean negarrez hasten zen, besterik ez. Hiriz aldatu nintzenean, deitu zidan esateko gizon bat nirekin egon zedin nahi zuela. Nik esan nion: ‘Ama, badakizu nolakoa naizen, hoberena da ez berriz hitz egitea gizon kontuez’. Ez zuen gaia gehiago atera. Nondik dator arazoa? Anaiengandik. Etxetik bota ninduten».

Harrera etxea Etxetik bidali aurretik, erasoak, irainak, bortxaketak eta tratu txarrak jasaten zituen Manguek. Ez zuenean zer eta nola egin, ihes egin zuen. «Ordurako SPDMk harrera etxea zuen, eta han babestu nintzen. Jada ez dugu harrera etxerik, gobernatzailea suntsitzera etorri zelako. Ordutik gaur arte non alokatu bilatzen ari gara, leku seguruago bat izateko. Oraindik ez dugu lortu, denek baztertzen gaituztelako homosexualak izateagatik».

Haur eta nerabe ugari daude beren etxeetatik kanpo, familiek homosexualak direla deskubritu dutelako eta bidali dituztelako. Kalean daude eta anitz kutsatuta daude sufritzen dituzten bortxaketengatik. Maria Isabel Obonok GIBa duten pertsonak akonpainatzen ditu. «Ekuatore Ginean GIBa diagnostikatzen dizutenean, biztanleriarentzat hila zaude. Okerrago homosexuala bazara. Jainkoak bidali dizun zigorra dela esaten dizute».

Lesbianen etapak «Ginean, lesbianok beldurrarekin hazten gara: ‘Ez nazatela deskubritu’. Harreman heterosexual batean sartzen zara, non ez zauden pozik. Sei-zazpi umerekin ateratzen zara, traumatizatuta. Zurea ez den bizi baten itxurak egiten dituzu. Gizonek modu basatian kolpatzen dituzte emakumeak. Batzuk ezkontzako erlaziotik ateratzen dira eta bizitza kalean bizitzea erabakitzen dute. Familia zure etxea utzi duzula ohartzen denean, zure bila hasten dira eta harrapatzen bazaituzte tratu txarrak ematen dizkizute. Inork ez du ezer esaten eta egiten. Normala da, akats larria egin duzulako: zure seme-alabak eta senarra abandonatzea. Senarra guztiarekin gelditzen da», deskribatu du Obonok.

«Beste batzuk erlazio matxista horietan errenditzen dira. Bi bizi bizitzen dituzte, senarrarekin eta familiarekin bat eta neskekin liatuz bestea. Arazoa zurrumurruekin heltzen da: senarrari emaztea lesbiana dela eta neskekin dabilela iristen zaio. Badira gizonak haien lagunek hori jakitea baino nahiago dutenak zu hiltzea. Baina ez dute publikoki egiten. Ematen dizun jipoi bakoitzarekin poliki-poliki hiltzen zaitu. Haurrekin gelditzen da. Seguru nago halako heriotza gehiago daudela hilketa zuzenak baino. Jendeak ezer pasatuko ez balitz bezala egiten du».

«Nik pasa behar izan dudana beldurgarria da. Eskerrak jada hemen nagoen. Dena aldatuko da. Bizi lasaia izango dut. Gelditu nintzelako. Gelditu nintzen. Sei ume ekarri ditut jada mundura. Ez dakit zer pasatu zen, hiru hil egin ziren. Hiru bakarrik gelditzen zaizkit. Nire herrialdean daude. Orain hemen lanean egonda, aurpegia erakutsiz, arriskuan jartzen dugu gure familiaren bizia, Gobernuak gure aurpegiak ikusten dituenean gure jendearen kontra joanen baita. Beti jokatzen du horrela», adierazi du Obonok.

«Hala eta guztiz ere, egin egiten dugu. Belaunaldi gehiago daude. Behintzat existitzen garela jakin dadila».

Nola lagundu Bost hilabete daramate Euskal Herrian. Hitzaldiak eman dituzte, eta laguntza eskatzen ari dira harrera etxea lortzeko. Lursail bat erosteko ideia dute, bertan etxea eraikitzeko. «Haurrak hartzen segitu nahi dugu, familiak etxetik bota dituenak. Familia hauei on egiten die gu sufritzen ikusteak, beren ustez sufrimenduak pentsarazi egingo dielako eta homosexual izateari utziko diotelako. Baina ohartzen direnean ez direla kalean bizi, baizik eta harrera etxe batean, sutan jartzen dira eta salatu egiten gaituzte», azaldu du Obonok.

«Gure lanaren berri emanez eta sentsibilizatuz ere lagun dezakezue», erantsi du.

Manguek baieztatu du dirulaguntza bat ez litzaiekeela gaizki etorriko osasunerako eta hezkuntzarako ere. «Haur asko ez doaz klasera, eta ez ez dutelako nahi. Lehenbizi familiak arbuiatzen ditu, eta gero jendarteak. Sar daitezkeen leku bakarra harrera etxea da. Hor elikadura, hezkuntza eta osasuna izan ditzakete».

«Konbertsio terapiak» “Konbertsio terapiak” egiten dizkiete homosexualitatea sendatzeko. Horietan, droga aluzinatzaile batekin hipnotizatzen dituzte. «Lurrean botata uzten zaituzte, ur putzu handi batean. Garbiketa deitzen diote espiritu homosexuala gorputzetik ateratzeko egiten dutenari. Zuk ez dakizu non zauden, bortxatu egiten zaituzte, eta kontzientzia berreskuratzen hasten zarenean berriro drogatzen zaituzte. Lau edo bost egun egon zaitezke han etzanda. Asko transmisio sexualeko gaixotasunekin ateratzen dira; beste asko haurdun. Ez dakizu zeinek utzi zaituen haurdun, hainbat gizonek bortxatzen zaituztelako», deskribatu du Obonok.

“Terapia” hori ohikoa da. «Gutako gehienok sinetsi egiten dugu hasieran. Nik ere homosexualitatea senda zitekeela uste nuen. Eskerrak ez nintzela konbertsio terapia horietatik pasatu, baina gure jendea bisitatzen nuen egiten zituzten lekuetan. Elizetan ere bortxaketak egiten dira. Apaizak sexu harremanak izaten ditu zurekin zure amari esaten dion bitartean zu sendatzen ari dela, eta ama kontent. Gau eta egun gertatzen da. Ez dago homosexualik Ginean 30 urterekin osasuntsu dagoenik».

Maria Isabel Obonok 35 urte beteko ditu irailean eta Nguema Manguek 33 urte bete berri ditu. «Ausartak izan gara. Gure familiei aurre egin ahal izan diegu», dio Maria Isabelek. «Nire familiari aurre egin nion osabak birjinitatea kendu zidalako, mesede bat egiten ari zitzaidala esanez, emakume bat ezin delako emakume batekin ezkondu».

Kontatu duenez, orain martxan duten bertze estrategia bat dirua aurreztu eta homosexualak herrialdetik ateratzea da. Atzerrira bidaltzen dituzte ikastera, beren baimenik gabe, traizioa eginez. «Urratzen dizkiguten eskubideak dira. Norberak erabaki behar du non egon nahi duen, baina ez daukagu aukera hori».

Nguemak hezur-haragitan sufritu ditu konbertsio terapiak. Azalean horren markak ditu. «Bizar-xaflekin mozketak egiten dizkizute gorputzean. Gero kolore zuriko janari tradizional bero bat ekarri eta pikantearekin paratzen dizute».

Errekuperatzen «Errekuperatzen ari naiz hemen», agertu du Maria Isabel Obonok. «Oso gaizki nengoen. Lehoi bat bezala haserretzen nintzen, indarkeria asko zegoen inguru batean hazi nintzelako. Normalizatu egin nuen».

Hemen jaso duten tratua zeharo ezberdina da. «Kalean negarrez hasten bazara, gelditu eta zer duzun galdetzen dizute, zertan laguntzen ahal dizuten. Nire herrialdean gehienez grabatu eta bullyinga egingo dizute. Lesbianok ez gara existitzen Ginean. Hori da dugun borroka, eta ez gara nekatuko, zernahi kostarik ere, merezi dugulako», azpimarratu du.

Errepresiogile handia Teodoro Obiangen diktadura militarraren mende bizi dira Ekuatore Ginean duela 46 urte luzetatik. Munduko errepresiogile handienetako bat da. Homosexualak torturatzen ari da, Francok erabili zuen Alfer eta Gaizkileen Legearen bidez.

«Herrialdea petrolioan eta gasean aberatsa bada ere, biztanleria pobrezian bizi da, eta presidentea kritikatua da ez delako ongi gobernatzen ari. Giza eskubideen urraketak daude edozein espaziotan», salatu du Nguemak. «Emakumeok ez daukagu ikasteko eskubiderik, diktadorearen arabera gizonak dena egin behar duelako bere emaztearentzat», jarraitu dio lagunak.

«Poliziak kalean kolpatzen zaitu eta jendeak baso bat esne edaten ariko bazina bezala ikusten du. Pobrea bazara eta ospitalera bazoaz, ez zaituzte artatzen eta hil egiten zara. Honen semea ailegatzen bada lehenengo pasatzen dute eta zu zain gelditzen zara. Horrela da eremu guztietan».

Asilo eskaera NARE programa abuztuaren 6an bukatuko da, baina asilo eskaera lantzen ari dira, ez direlako itzuliko. «Hemen lanean jarraitzea gustatuko litzaiguke, sentsibilizatzen, eta egiten dugun guztia argitaratzea nahiko genuke, bizia ezinezko egiten digutenengana hel dadin; jakin dezatela hemen gaudela gure eskubideak exijitzen. Ez diegulako deus eskatzen, dagokiguna exijitzen dugu».

Ez dakite nola eginen dioten aurre etapa berriari. «Nire umeei gerta dakiekeenak ez dit uzten lasai lo egiten, baina arriskatu beharra dut», dio Obonok. «Hau da nire aukera umeei etorkizun hobexeagoa emateko, baita neure buruari ere. Nahiz eta ez dagoen leku erabat segururik, neurri batean hemen seguru sentitzen naiz».

Manguek hala azaldu du: «Asiloa lortzen badugu, formatzea da nire plana, karrera bat izatea, lan egin ahal izatea, eta urte batzuen buruan, Ginean dagoen nire alabari deitu ahal izatea. Oxala NAREk berriz Ekuatore Gineako SPDM elkartearekin lan egin ahal izatea, gu etorri garen bezala datorren urtean beste batzuk etor daitezen».



«LGTB izatea beti fobiari lotzetik, desioari eta filiari lotua ere badagoela ulertzera igaro gara»

Leire Lasa ETA ZURIÑE RODRIGUEZ

Nolatan hartu ditu NAREk Ekuatore Gineako defendatzaileak?

Leire Lasa: Somos Parte del Mundo elkarteak harremana zuen Estatu espainiarreko beste antolakunde batzuekin. Hortik iritsi zitzaigun eskaera. Apustua egin genuen eta akonpainamendu hori zer elkarte euskaldunekin egiten ahalko genukeen aztertu genuen. Más Mujeres eta Sudergintza elkarteek baietza eman ziguten eta hiruron artean ekin genion lanari.

Zuriñe Rodriguez: Nazioarteko kooperazio eta elkartasunean aritzen gara Sudergintzan, baita Euskal Herriko LGTBI mugimenduan eta mugimendu feministan ere. Sentsazioa dugu nazioarteko kooperazioan batzuetan LGTB begirada indartsu bat falta dela. Aldi berean, ikusten genuen bertako mugimenduan, elkartasuna egon arren, nazioarteko agenda alde batera uzten zela. Proiektu honek bi eremuak batzea ahalbidetzen zigun.

Bost hilabete dira ekintzaileak etorri zirela. Zein balorazio egiten duzue?

L. L: Orokorrean balantzea baikorra da. Munduko testuingurua gero eta bortitzagoa da. Gero eta profil konplexuagoak hartzen ditugu NAREn, bizi hautsiagoak, indarkeria gehiago jasan duten pertsonak. Hori da defendatzaileen kontrako indarkeriaren xedea: beraiek eta beren ehun soziala puskatzea, egiten duten lanarekin jarrai ez dezaten. LGTBIQ+ kolektiboko kide bezala, indarkeria handia sufritzen dute beren gorputzetan direnak izateagatik eta izan nahi dutena aldarrikatzeagatik. Hortaz, prozesua konplexua da. Gure ikuspuntutik, akonpainatzen dugun pertsona eta elkarte bezala, ez da erraza indarkeria asko pairatutako bizitzak laguntzea. Ibilbideak definitzeko lan handia egin behar da, asko pentsatu, hitz egin, gure artean konfiantza espazioak sortu, nondik ibili ikusteko. Gainera, konplexua da indarkeriak gu ere zeharkatzen gaituelako. Inpaktu emozional handia du gugan akonpainamendu honek. Indarkeria soziopolitikoak inpaktu bat du, baina indarkeria matxistek eta LGTBIfoboek beste leku batetik inpaktatzen gaituzte, gure zauriak zabaltzen dituztelako.

Prozesua baikorra dela uste dut, Isabel Obonorengan eta Nguema Manguerengan aldaketa bat sumatzen dugulako fisikoki zein emozionalki.

Z. R: Emakumeenganako eta sexu disidentzien aurkako indarkeriak ezaugarri berezi batzuk ditu. Zarena zu ezabatzeko motibo den testuinguru batean bizi zarenean, erabateko biziraupenean zaude; ezin duzu zure nortasuna garatu. Lesbiana zaren, transa zaren, ez bitarra, zer lesbiana mota izan nahi duzun, zer emakume mota desio dituzun, nola ligatu dezakezun emakumeekin... Galdera horiek egiteko aukera lapurtzen diete.

Iritsi zirenean ia ez genuen elkarrizketarik; orain, berriz, emakume bat polita iruditzen zaigun ala ez komentatzen ahal dugu. Honek huskeria ematen ahal du, baina oinarrizkoa da, LGTB izatea beti fobiari lotuta dagoela pentsatzetik, LGTB izatea desioari eta filiari lotua ere badagoela ulertzera igarotzen garelako. Hortik egiten dugu lan Sudergintzan, badirudielako LGTB pertsonez ari garenean sufritu dutenaz ari behar dugula beti, eta ez desio dutenaz eta dituzten sareez.

Ekuatore Gineako defendatzaileek ere beren herrialdean desio-sare ugari dituzte. Ezabatu nahi dituzten testuinguru batean ere badago desiratzeko, maitatzeko eta disfrutatzeko aukera. Isabel eta Nguemari begiratzea eta berriro desiratzen duten gorputzak eta desiratuak izan daitezkeenak direla ikustea, eta desio horri ez zaiola eraso egingo, ederra da, beraiek akonpainatzea gogorra bada ere. Hemen ere jakina badaudela arriskuak, baina inork ez diezaiela lapurtu lasai dantzatzeko aukera.

Defendatzaile hauek ez dira beren herrialdera itzuliko, arrisku handian egonen liratekeelako.

L. L: NAREren ibilbidean jende gehiena bere herrira bueltatu da. Egia da itzulerak gero eta konplexuagoak direla, testuingurua gero eta bortitzagoa baita. Eta egia da pertsonak testuinguru bortitz batetik atera eta bertara itzultzen direla. Guk atsedenerako eta zaintzarako denbora bat eskaintzen diegu. Sareak josten ditugu, aliantzek salbatu egiten dutelako. Eta lan handia egiten dugu itzulera hori nolakoa izango den ikusteko. Beti daude hiru agertoki: zure herrira itzultzea, zure eskualdean edo inguruko herrialderen batean birkokatzea, eta Euskal Herrian gelditzea nazioarteko babesa eskatuta.

Z. R: Edozein asilo eskatzailek hasten duen etapa hasiko dute orain. Ibilbide hori marko oso heterosexualetik pentsatu da. Babes eta asilo eredu bat behar dugu LGTBI begiradarekin.

Nola egiten duzue lan?

L. L: Taldeko espazio terapeutiko bat dugu. Gure zalantza eta beldurrak partekatzen ditugu bertan, akonpainamenduak sortzen digun guztia. Horretaz aparte, nik adibidez, nire akonpainamendu terapeutikoa dut. Konfiantza eta segurtasuna oinarri duen lantalde bat osatzea da ideia. Ezagutza anitzeko elkarteak gara eta bakoitzak berea emanez ondo osatzen dugu elkar. Funtsezkoa da beraiek entzutea ere. Entzute aktibotik abiatzen gara, zintzo eta umil.

Z. R: Agian une batean defendatzaile batek konplizitatea sortzen du Leirerekin eta ez nirekin, eta orduan Leirek emozionalki akonpainatzeko rola hartzen du eta ni gehiago arduratzen naiz logistikaz. Garrantzitsua da mugak jartzea ere: ‘Nik honaino egin dezaket’. Sudergintzan, guretzat garrantzitsua zen karga emozional horrek analisian ez eragitea. Horregatik erabaki genuen kide bat barruan egotea eta bestea kanpoan, eragin emozionalaz aparte, programak helburu batzuk dituelako: babesa ematea eta espazio ez-heterosexual bat sortzen laguntzea. Hasieratik genuen garbi lantaldeak feminista izan behar zuela ere.

L. L: Beraiek banakako akonpainamendu terapeutikoa dute. Lan pertsonal handia egin dute. Hori da denbora gehien hartu duena, gutxien ikusten dena eta haiek kontatzeko gogoz egotea posible egin duena. Beste gauza asko ere egiten ari dira: hitzaldiak, Parlamentura bisita, elkarrizketak, Martxoaren 8ko eta Ekainaren 28ko mobilizazioak...

Z. R: Aisia ere ekintzen barnean dago. Bi aktibistei aisirako eskubidea lapurtu diete. Hortaz, guretzat garrantzitsua izan da, adibidez, Sinsorgara joatea trago bat hartzera, irakurtzera edo dantzatzera. Hala, poliki-poliki espazio publikoaz jabetzen ari dira. Militantzia terapeutikoa izan daiteke, eta kideak, aukeratutako familia.