Mijo Lizarzaburu: «Arrak eta emeak ez dira existitzen, gizonak eta emakumeak bai»
"Eraldaketarako teoriak zorrozten" jardunaldian Mijo Lizarzaburu filosofoak ere parte hartu zuen. Natura/kultura eta beste hainbat dikotomia birjosten saiatuz, «emakumetasunaren materialtasuna ez dago aluetan, komun garbietan baizik», aldarrikatu zuen.

Aurreko analisian azaldu dugunez, queer teoriaren arabera «generoa nahiz sexua historikoak eta aldagarriak dira, eraikitakoak eta asmatutakoak». Zer esan nahi du horrek? Eraikuntza horretan, gorputzak zenbateraino dira naturalak eta zenbateraino kulturalak? Hor zer da materiala eta zer immateriala? Baieztapen horren bueltan halako galderak sortzen dira normalean, baita horren araberako erantzunak ere.
Mijo Lizarzaburu (Ondarroa, 1998) ikerlari eta militante transfeministak, baina, galdera bera jarri zuen auzitan. Izan ere, «ezer ez da naturala, eta ezer ez da konstrukto kulturala. Dena batera ematen da». Hori azaltzeko asmoz, GAUR8ko kolaborazioetan bezain zorrotz, materialismo berrien inguruko «sarreratxo friendly» bat egin zuen.
MUNDU ZATIKATU ETA XARMAGABEA
Lizarzabururen arabera, natura/kultura eta horri lotutako dikotomiak Mendebaldean erabat sustraituta daude. XVI. mendetik aurrera, gainera, biak oso era zurrunean bereizten dira.
Batetik, natura kokatzen da, «materia hila, lege mekanikoen bidez funtzionatzen duena» bezala ulertuta. Lizarzabururentzat, definizio horretan mugarria izan zen Newtonen grabitazio legea: «Hori garaian pasada bat izan zen: derrepentean gizakiaren arrazoimenak naturaren osotasun eta handitasuna lege bakar batera murriztu zuelako». Bat-batean, natura, osotasun organiko eta miragarri bat baino, makina erraldoi eta hotz bat zen: «Webberren hitzak erabiliz, ilustrazioaren programa munduaren xarma haustea zen».
Gizakiak, baina, galaitzat zuen bere burua, eta ezin zuen onartu materia hila izatea, ezta xarmarik gabea izatea ere. Beraz, «zer izango da ‘izpiritua’ duen gauza bakarra? Gizakia. Orduan, gizakia hilik dagoen mundu erreal bateko bizirik dagoen izaki bakar bezala geratzen da». Gizakiak arrazoi dohatsua omen baitu, «entitate immaterial jainkotiar hori, materialaren domeinuaren agente egiten duena».
Hortaz, horra hor oraindik ere indarrean dagoen dikotomia: kultura, batetik; natura, bestetik. Kultura, askatasunaren erreinu izpiritual gisa; natura, halabeharraren eta aldaezintasunaren definizio bihurtuta.
MUNDUA BIRJOSI
Lizarzaburuk azaldu zuenez, «materialismo berriek logika dikotomiko hori apurtu nahi dute, mundua berriz liluratzeko». Korrontearen izenak adierazten duen moduan, «bereziki dikotomien zentroa den materialaren eta immaterialaren artekoarekin» amaitzea da xedea, baina baita horri lotutako «bizia eta hila, gorputza eta arima, pasiboa eta aktiboa, naturala eta kulturala, gizakia eta animalia, animalia eta makina» eta beste hainbatekin ere.
Nola egin? Batetik, materialtasuna aintzat hartu beharra azpimarratu zuen Lizarzaburuk: «Urte asko pasatu ditugu kuirrek ‘eraikuntza soziala’ defendatzen. Jakina, baina momentu batean Karen Baradek esan zuen: eta non geratzen da materia? Testosterona hartzen baduzu, aldaketa materialak gertatzen dira. Ez dut esan nahi gizon edo emakume egiten gaituenik, baina aldaketa materialak ematen dira. Hau da, badago munduaren materialtasun bat, praktika diskurtsiboekin batera eratzen dena, baina ezin dena praktika diskurtsiboetara erreduzitu».
Beraz, gizakia ez da izaki izpiritual hutsa, materialtasun hori kontuan hartu behar du. Lizarzabururentzat, baina, horrek ez du esan nahi determinismo biologiko moduko batera itzuli behar denik, gizakia materialtasun horrek goitik behera determinatutako izaki aldaezina balitz bezala. Izan ere, materia bera indeterminatua da: «Harreman-sare konplexu hori da, mundua bere burua egiteko autoeraketa etengabeko batean». Alegia, materia jada ez da aldaezina; erlazioen multzoa denez, erlazioak aldatu ahala materia ere etengabe autoeratzen eta eraldatzen da.
Hortaz, X zer da, naturala edo kulturala? Lizarzabururen iritziz, ezin dira bata eta bestea guztiz bereizi, kulturan naturak zerikusi nabarmena duelako, eta alderantziz, natura elkarrekintza kultural horretan mamitzen delako.
IDENTITATEEN MATERIALTASUNA
Material eta immaterial arteko dikotomiak emantzipazio mugimenduetan ere eragiten du. Lizarzaburuk zenbait adibide ezagun aipatu zituen: «Borroka materialak eta identitarioak, birbanaketa eta aitortza kulturala, batzuek ogia eta besteek arrosak...».
Ondarrutarrak osoko emendakina egiten dio horri: «Materialak dira identitate guztiak, ez bakarrik langile klasea». Adibidez, «emakume eta gizon identitateak esklabotza harreman batean oinarritzen dira, non emakumeek doako lana egiten duten gizarte osoarentzat eta denbora guztian. Emakumetasunaren materialtasuna ez dago aluetan, komun garbietan baizik».
Filosofoaren esanetan, biologikoki nahiko erraza da arrak eta emeak ez direla existitzen frogatzea: «Zerk definitzen ditu? Gameto ezberdinak produzitzeko gaitasunak. Hau da, gizakien kasuan, obuluak eta espermatozoideak produzitzeko gaitasunak. Animalia guztien artean dagoen diferentzia da ‘ar’ deitzen diogula gameto txikiak produzitzen dituenari, eta ‘eme’ deitzen diogula gameto handiak produzitzen dituenari. Hori klasifikazio forma material bat da, baina beste hogeitaka egin daitezke. Orduan, kategoria espezifikoagoak sortu daitezke, beste aldagai pila bat kontuan hartzen dituztenak eta medikuntza eta biologia ona egiteko erabilgarriagoak direnak».
Ados, beraz, arrak eta emeak ez dira existitzen... baina «gizonak eta emakumeak, noski, existitzen dira!», aldarrikatu zuen Lizarzaburuk: «Oxala ezetz, baina noski! Askotan kontrako eskema aplikatu dugu: gizonak eta emakumeak ez dira existitzen; arrak eta emeak, bai. Ez, ez, ez. Existitzen direnak gizon eta emakumeak dira, existitzen direnak komun garbiak dira». Horren ondorio materialak zerrendatu zituen: emakumeek gizonek baino lo gutxiago egiten dute, pastilla gehiago hartzen dituzte, antsietate maila handiagoa dute...
Kulturaltzat jotzen diren beste kategoria sozialen kasuan ere beste horrenbeste: «Adibidez, ni lodi egiten nauena nire bolumena eta pisua da? Bestea ‘diska’ egiten duena bere gurpildun aulkia da? Ez. Ni lodi egiten nauena autobuseko eserleku txikiak dira; bestea ‘diska’ egiten dutenak, berriz, eskailerak. Kontua da ez dela ez zure bolumena eta pisua -hori ere existitzen da, noski-, ez zure oinez egiteko gaitasun eza, baizik eta horren, arkitekturaren eta arau sozialen arteko harremana. Arrazarekin gauza bera pasatzen da. Arraza ez dago azal kolorean, baizik eta Frontexen. Jartzen ditugun harresietan, kanporatzeko inbertitutako diru guztian, Atzerritartasun Legean, poliziaren jazarpen bakoitzean...».
EUSKAL NAZIO QUEERRA
Eta hori nola lotzen da hizkuntzaren eta nazioaren borrokarekin? Galdera hori zehar-lerrokoa izan zen jardunaldian eta Lizarzabururi ere luzatu zioten.
Horri erantzuteko, ondarrutarrak anekdota bat kontatu zuen: «Apirilean ‘Orgull Crític’ jardunaldi transmaribibollo estataletara joan ginen, Valentziara. Eta han, ostras, oso euskaldunak ginen. Usaindu egiten da. Adibidez, ikusten genuen Euskal Herrian ez daudela horrenbeste makro-hiri, eta orduan dauzkazun arazoak ez direla hain sofistikatuak». Itxura denez, ezta guztiz berdinak ere. Adibidez, halako batean, «andaluziarrak etorri ziren, eta esaten zuten: ‘Guk ezin dugu antolakuntza transmaribollo bat eratu hemen, jendea kanpora joan behar delako lanera’. Eta orduan, sare horiek indartzea eta guk esku bat botatzea eskatzen zuten». Denek buruarekin baietz esaten omen zuten, baina zalantzaz beteta: «Asko sentitzen dut. Ni Andaluziako kuirren alde topera, baina ikuspegi internazionalista batetik».
Txanponaren bestaldean, «Iparraldeko adibideak ere etortzen zaizkit. Bollotopaketetan euretako bat etorri zen, esanez: ‘Ni orain gaztea naiz eta joan naiteke Hegoaldera zuek ikustera, zahartzen naizenean etorriko zarete ni Iparraldera ikustera? Zuek ez zarete etorriko’. Eta super-kontziente naiz horretaz. Ni queer nazioaren parte sentitzen naiz eta eraiki nahi dut tipa horrekin batera, ez Andaluziakoekin batera -onena opatuta, eh!-», nabarmendu zuen Lizarzaburuk.
Nazio horrek, queerra izango bada, botere ardatz ezberdinak hartu beharko ditu aintzat. Zentzu horretan, ardatz bakoitzarentzat kategoria propioak erabiltzeko proposamena egin zuen: «Askotan esaten dugunean Euskal Herria kolonia bat dela, edo kolonialismoaren menpe egon dela, problematikoa iruditzen zait. Uste dut oso erraz konpondu genezakeela matiz terminologiko batekin, kolonialismoa eta nazio zapalkuntza bereiziz. Nazio zapalkuntzak ez du inondik inora ukatzen hemen egon den indarkeria -tortura, kartzela...-, baina matiz hori interesgarria da. Hitzak behar ditugulako azaltzeko zergatik nik EHUn ezin dudan Filosofia gradua euskaraz amaitu, eta zergatik nik Filosofia gradua egiten dudan bitartean emakume langile latino batek zaintzen dituen nire haurrak. Eta bientzat termino bera erabiltzen badugu, problematikoa da».