Ibai Atutxa, euskaraz: «Benetako borroka mundua aldatzea da; eskubideak tresnak dira»

‘Eraldaketarako teoriak zorrozten: Pentsamenduaren bidez praktikak berritzen’ jardunaldian Ibai Atutxak hizkuntzaren eta nazioaren auziari heldu zien. «Ab-herria» proposatu zuen, «erdigunetik urruntzen denaren, azpian dagoenaren eta kanpotik datorrenaren herria».

Ibai Atutxa, ‘Eraldaketarako teoriak zorrozten' jardunaldian
Ibai Atutxa, ‘Eraldaketarako teoriak zorrozten' jardunaldian (Maialen Andres | FOKU)

Goizeko solasaldien ostean, arratsaldean hitzaldi-dinamika egin zuten ‘Eraldaketarako teoriak zorrozten’ jardunaldian. Horren gidari Ibai Atutxa (Galdakao, 1984) hizkuntzalaria aritu zen. EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakaslea izateaz gain, idazlea da, eta iaz “Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista” (Txalaparta-Iratzar) liburua argitaratu zuen. Hori oinarri hartuta, jardunaldian «hizkuntz-borroka emantzipatzailea» pentsatzen ahalegindu zen.

NAZIOA ERE EXISTITZEN DA

Atutxak goizeko solasaldiekin lotura zuzena eginez ekin zion hitzartzeari: «Mijo Lizarzaburuk esan du: ezin dugu esan ‘gizon eta emakumeak ez dira existitzen, beraz zapalkuntza desagertu da’; edo ‘arrazak ez dira existitzen, beraz arrazakeria desagertu da’. Nazioarekin berdina gertatzen da. Nazio kontzeptua, Modernitatearen egituratzetik bertatik, errepikatzen eta egituratzen den kontzeptu bat da. Baita lehenagotik ere. Ondorioz, ‘nazioak jada ez dira existitzen’? Naziorik ez daukatela diotenak dira nazionalistarik handienak».

Edo ‘zibilizatuenak’. Atutxak azaldu zuenez, nazio eta nazio-kide guztiak ez baitira leku berdinean kokatzen: batzuk barbaroak omen dira –bar-bar hitz egiten dutenak, basak, intoleranteak...–; besteak, berriz, zibilizatuak –irekiak, askeak...–. Euskal Herrian aski ezaguna dugu kopla hori: etnikoak eta zibikoak, identitarioak eta unibertsalak, irrazionalak eta arrazionalak... edo, Eneko Anduezak esan zuen bezala, alde batean euskararekin eta «halako kontuekin» sekulako «kaparrada» ematen dutenak; bestean, berriz, «interes orokorra» hobesten dutenak –hots, «munduko herririk onena dena, Espainia»–.

Hortaz, Atutxarentzat, auzia ez da nazioa existitzen den edo ez, baizik eta «zer egingo dugun nazioarekin». Bere kasuan, «klaserik gabeko gizarte baterantz», nazio auzia beste zapalkuntza eta borrokekin batera pentsatzeko apustua egin zuen: «hizkuntz borroka emantzipatzaile eta matxino batek bi gauza egin behar aldi berean: batetik, hizkuntza minorizatuaren zapalkuntza egituratzen duen antagonismoa identifikatu; bestetik, hizkuntza bera errealitate materialean efektuak eragiteko eta beste zapalkuntza guztiak ere askatzeko erabili».

«AB-HERRIA»

Nola egin? Bide horretan, Atutxak Euskal Herria «ab-herri» gisa birpentsatzea proposatu zuen. Marratxoak iradokitzen duen bezala, hitz jokoa egiten du kontzeptu horren bitartez. Batetik, «ab-» latinezko aurrezkia ekartzen du, zeinak «erdigunetik urruntzen dena, azpian dagoena eta kanpotik datorrena» esan nahi duen; bestetik, «herria». Biak elkartuta, «erdigunetik urruntzen denaren, azpian dagoenaren eta kanpotik datorrenaren herria» izango litzateke «ab-herria».

Zer esan nahi du horrek? Definizio horretan sakondu nahian, “Barbaroak eta zibilizatuak” liburuko definizio osoa irakurri zuen. Bertan argitzen duenez, «euskal gramatika inzibilizatuan ‘aberri’ hitza ez letorke ‘aba’ edo patriarka hitza herri hitzarekin eginiko elkarketa garbizale sabindarretik. Aberria ez litzateke gehiago nazio burges, patriarkal, zisheteroarautu, arrazial-etnokultural purua». Kontrara, latinezko «ab-» eta «herria» elkartuta, «ab-herria da ab-normala: modernitateren arauak eta pentsamendu dualistak zalantzan jartzen dituena. Ab-herria da ab-errantea: erdigune bakarretik diskurtsoak inposatzetik urrundu egiten dena. Ab-herria da ab-iektoa eta ab-usoz erabiltzekoa: behetik gora eraikitzen dena. Ab-herria da mordoilokeriaz euskara egiten duena borroka demokratizatzaile eta emantzipatzaile ezberdinen gatazkagune zikin eta nahasia, jasoa bezain kaletarra. Ab-erria da indarkeria burges-kapitalista, zisheteropatriarkal, inperial-arrazista eta zibilizatzaileetatik askatzeko. Ab-herria da, ez zibilizatu eta ez barbaro, subjektu emantzipatzaile ab-hertzale berri bati lekua egiten diona».

Hori pentsatzeko latinezko «ab-» oinarri bezala hartzea koherentea da?, galdetu zion parte hartzaileetako batek. Atutxaren ustez, guztiz: «Iruditzen zait hor badagoela tendentzia bat euskarari on gehiegirik egiten ez diona. Badago beste borroketan ere primitibismoa deitzen dena... horrek gu subjektu gisa mistifikatu eta exotizatu egiten gaitu, eta urrundu egiten gaitu benetan existitzen diren borrokak birpentsatu eta bertan parte hartzetik. Proto-euskara, garbizalekeria, euskararen garbitasuna... momentu batean horrekin hautsi egin behar dela iruditzen zait». Baina latina erabiliz edo arabiera erabiliz?, berriz parte hartzaileak. «Nahi duguna erabiliz», erantzun zion Atutxak: «Hau ez da ideien eztabaida bat, hau da praktika materialetatik zein zapalkuntza sortzen diren eta horri nola egin diezaiokegun aurre guztion artean. Hizkuntz borrokaren terminoetan gizartea goitik behera eraldatzeko nola mobilizatuko ditugu kontzeptuak?».

EUSKARA, MUNDUA ALDATZEKO

Azalpen teoriko mamitsu baten ostean, hitzaldi-dinamikako bigarren erdian galdera hori lurreratzen saiatu ziren Atutxa eta parte hartzaileak: «Behetik gora, kanpotik barrura, bazterretik erdigunera, nola eman gorputza ab-herriari?».

Parte hartzaileekin elkarrizketan, Atutxak euskararen borroka hizkuntz-eskubideen defentsaz harago eramateko gonbita egin zuen: «Ados, euskara ez da superestruktura hutsa. Orduan, zer da? Nik uste dut galdera hori dela. Hau da, hizkuntz zapalkuntza nola erabiltzen da formazio sozial hau produzitzeko eta erreproduzitzeko? Zapalkuntza estruktural bat da, indarkeria konstitutiboa. Horren gainean, eskubideengatik borrokatzen dugu, baina ez horiengatik bakarrik. Eskubideek ematen dizkigute hizkuntza ez hiltzeko bitartekoak –hezkuntzan, osasungintzan...–, baina eskubide guztiak aitortuta ere zapalkuntza ardatza ez da desagertuko. Zergatik? Egiturazkoa delako. Eta horrek hartzen duen izena da barbaroak, intoleranteak eta terroristak garela. XVI. mendetik hau gupidagabe taladratu digute».

Horren aurrean, Atutxaren ustez, «benetako borroka mundua aldatzea da. Eskubideak tresnak dira, baina fokua herri borroketan jarri behar dugu. Orain gertatzen dena da eskubideak herri mugimenduak paralizatzeko eta diziplinatzeko erabiltzen direla. Zuk egin ahal duzun bakarra eskubideengatik borrokatzea da. Baina hemen mundua aldatzeko ari gara, eta eskubideak zerbait taktikoa dira». Euskalgintza munduberrigintza baita, Rikardo Arregiren hitzetan.

«Kalera irten eta egin. Txarto ala ondo irtengo da, askatuko ditu guztiak ala ez, baina inportantea kanpoan gertatzen da», biribildu zuen.