Memoria ala kontzientzia?
Aspalditik ikusita gaude tertulietan, ETA hizpide denean, solaskideren bati kargu hartzea, esate baterako, “banda” esan beharrean “erakunde” esateagatik. Edo esan duenagatik barik, esan ez duenagatik (terrorista); «Sen demokratak» ezarritako terminologia ez erabiltzeagatik, alegia, indarkeria zuritzea egotzita. Horixe omen da, zer esanik ez, Txiki eta Otaegi askatasunaren aldeko borrokalariak zirela esatea.
Horrelako «nahaste» edo desbideratzeak nabarmendu eta salatzeko ardura hedabideek izan dute, eta oraindik orain, antza denez, Gogora Institutuak ere hartu du zeregin hori. Ez dakigu ondo haren betebeharra memoria ala eztabaida politikoaren parametro moral jakin batzuk jaso eta transmititzea den. Ez dakigu ondo bizikidetzaren institutua ala kontzientzia fiskalizatzeko bulegoa ote den.
Ez da atzo goizeko kontua, ordea, Joxe Azurmendik aspalditik ohartarazi izan duenez. «Gaitza zaharra da; hots, erlijioa, politika eta morala nahastea ez da Euskal Herrikoa eta oraingoa bakarrik. Ez da espainola bakarrik ere, biziki espainola baden arren. Antzinakoa da kristautasunean, hau Estatuaren erlijioa (Estatu ideologia) bilakatuz gero, eta mendebal guztian; eta zaharra filosofia modernoan ere», (“Barkamena, kondena, tortura”. Elkar, 2012). Ba ote?
Txiki eta Otaegi bidezko epaiketarik eta berme juridikorik gabe modu arbitrarioan heriotza zigorra ezarrita fusilatu izanak «frankismoaren biktima bihurtzen ditu, eta hori aitortu egin behar zaie». Eskuzabala, gero, Institutuko zuzendaria. Hala ere, euskal militante horiek nolabait ez dira erabateko biktimak, edo ez dira biktima normalak, «Francoren diktaduraren tresna berdinak» baliatu baitzituzten: «Indarkeria, izua eta terrorea».
Hitz horietatik ulertzen dut frankismoa ere gaitzesgarria dela, tresna horiek erabiltzen zituelako, hain zuzen. Agian gauza gehiagorengatik ere bai. Dena dela, demokraziek ere erabiltzen zituzten, eta dituzte, tresna horiek, eta ez dugu Ekialde Hurbilera joan beharrik hori egiaztatzeko. Bai, gogaitzeraino entzunda gaude bortxa legitimoaren kalamatrika, baina mendebaldeko demokraziek zuzenean nahiz zeharka baliatu izan dituzten indarkeria, izua eta terrorea areagotzeko armategia handitzeko aurrekontua biderkatzen ari diren honetan, grazia gutxiko txistea da.
Txiki eta Otaegi ezin omen dira parekatu frankismoan demokrazia aldarrikatzen zuten alderdietako milaka militanteekin. Ustez, armak hartu ez zituzten borrokalariez mintzo da; izan ere, milaka haiek askotariko tresnak baliatu zituzten: 36ko gerra amaitu baino lehenagotik 1965era arte makiak -tartean UGT eta PSOEko kide askok- eta geroago FRAPek eta beste zenbait taldek, ETAk bezala, borroka armatua; beste batzuek, propaganda, agitazio soziala... eta beste askok otoitz egingo zuten (Jainkoa frankisten aldekoa zen arren). Halako batean Franco hil zen, ez dakigu ETAk eman zizkion buruhausteen, agitazio sozialaren, hainbaten otoitzen edo gehiegi afaltzearen ondorioz.
Nolanahi ere, ETA gaitz guztien iturri omen da eta ez dago hori kolokan jarriko duen ñabardurarik ere eransterik, ez ikuspegi horrekin bat ez datorren ikuspegi eta eztabaidarik onartzerik. Azalpen erraz hori -eztabaidaezina denez gero- traba lezakeen oro ezabatu egin beharra dago. Aspaldi erreparatu zion Azurmendik horri: «Bortxaren gaitzespena agindu moral naturala bezala da, edo hala funtzionatzen du behintzat gure jendartean: eztabaidatu beharrik-edo ez dago, kondenatu beharra dago bakarrik».
Zer da, ba, Covitek salatu izana Hego Euskal Herriko jaietan «ETAren aldeko» 135 ekitaldi izan direla? •