Euskal Herriko loreari
1979ko amaieran eta 1980ko hasieran, ezker abertzaleko emakumeok ibilbide bati ekin genion, galdera eta kezka berberek lotuta: Euskal Herrian independentziaren eta sozialismoaren aldeko borroka nahikoa al da emakumeon diskriminazioarekin amaitzeko? Zer harreman daude Euskal Herrian sexu-zapalkuntzaren, klase-esplotazioaren eta zapalkuntza nazionalaren artean? Existitzen diren erakundeek onartzen al dute sexu-arrazoiengatiko zapalkuntza espezifiko bat dagoela? Haren aurka lan egiten al dute? Nola?...
Prozesu horretan, modu kontzientean adierazi genituen gure pentsamenduak eta sentimenduak: hemen, emakumeok zapalkuntza hirukoitza bizi dugula, Euskal Herria ez-patriarkala/feminista lortzea ezinbesteko baldintza dela pertsona askeen gizarte batean, emakume abertzaleok erakunde feminista baten inguruan antolatu behar dugula... Eta horrela jaio ziren, lehenengo, KAS Emakumeak eta, gero, Aizan!.
Euskal Herria ez-patriarkalaren esanahia adierazi genuen, aurreneko aldiz: gure gorputzen kontrola izatea, harreman afektibo eta sexual libre eta berdintasunezkoak izatea, etxeko lanak sozializatzea eta gizartearen kudeaketan benetako berdintasun-baldintzetan parte hartzea. Dinamika ugari sustatu genituen: gerrako bortxaketak salatzea, atxilotutako emakumeen aurkako tortura-modu espezifikoak eta preso zeuden euskal emakume politikoen egoera aztertzea eta salatzea, abortu libre eta doakoa izateko eskubidea aldarrikatzea, sexu-informazioko eta jaiotza-kontroleko zentroak aldarrikatzea... Hori guztia, bi testuingurutan: ezker abertzalearena eta mugimendu feministarena.
Eta une guztietan, Arantza gure erreferente garrantzitsua izan da. Borroka, sufrimendua eta errepresioa bizi eta gero, bere konpromisoari eusten zion. Feminista zen, ez soilik ideologikoki, baita bere bizitzan ere. Aldarrikatzen ditugun baloreak partekatu zituen: adimen emozionala, enpatia, aurrerapen- eta iraunkortasun-ikuspegiak, maitasuna, zaintza… Emakume xarmagarria, erakargarria, burutsua, urratzailea, elegantea. Ez, ez zen inoiz emakume konbentzionala izan. Eta ez zen iraganean gelditu. Aparteko ahalmena zuen oraina aztertzeko eta etorkizuna iragartzeko, azterketa politikoa egiteko eta ideiak argi eta erraz adierazteko gaitasun handiaz.
Denok “seduzitu” gintuen: bere ideiak garbi eta tinko azaltzen zituen, erreminik eta garraztasunik gabe. “Gorrototik ez da ezer konpontzen, kostu energetiko gehiegi dauka”, adierazi zuen Arantzak egindako elkarrizketa batean. Hori bai, esan beharrekoa esaten zuen, apaltasunez, baina isilik geratu gabe.
Gogoratzen al zara? Aizan!-en “bollitoak” ginen (gara). Denontzat zenuen ezizen bat, eta horixe jarri zenigun. Gure artean egindako afariak, erreproduzitu ezin diren elkarrizketak, barreak, abestiak, dantzak, musuak, betiko geldituko zaizkigun une alaiak… Tolosako kaleek hitz egingo balute! Bizi izandako hori guztia oroitzapen preziatu gisa gordeko dugu.
Agur, Arantza, gure artean beti egongo den lorea.