Munduko desordena berria
2026. urtearen hasierak inperioaren azkoin-bira berri batekin asaldatu du mundua: Venezuelaren aurkako erasoa eta hango presidentearen bahiketa, planeta osoko telebista ikusleen begietara minutuz minutu kontatua. Analista batek baino gehiagok galdetu du suminduta nola ote den posible nazioarteko legedia hain modu nabarmenean urratzea eta ordainetan inongo ondoriorik ez pairatzea. Erantzuna handik kilometro askotara dago, Gazan.
Francesca Albanesek, NBEk Palestinan duen Giza Eskubideetako kontalari bereziak, ohartarazi zuen bere garaian bertan, Gazako zerrendan «azken iltzea» jarri zitzaiola «Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren hilkutxari». Gauza jakina da azken hamarkadetan Palestina munduko gaizkiaren esperimentazio eremua izan dela. Hantxe jarri dira proban, populazio zibilaren aurka, armagintza-teknologia sofistikatu eta hilkorrenak, jazarpen teknika zitalenak eta disidentziaren kontrolerako estrategia bihurrienak. Gerora mundu osora zabaldu den jazarpenaren industriak hantxe izan du probalekua, eta handik esportatu da mundu zabalera, «benetako gerra testuinguruan erabilia» delako bermearekin.
2023ko urritik gaurdaino Israelgo erregimen koloniala Palestinan egiten ari den genozidioak, berriz, agertoki berri batean jarri du orain arte ezagutzen genuen nolabaiteko munduko ordena. Gazan Israelek hordagoa bota dio gizateriari. Probatu nahi izan du zenbateraino tenka zitekeen arrazionaltasunaren soka ondoriorik jaso gabe. Eta emaitza latza izan da: egiten duena egiten duela, ez da izango inperioari bidea mozten ausartuko denik.
Behinola, Bigarren Mundu Gerrako gehiegikeriak errepika ez zitezen nazioartean ezarritako itunak eta erakundeak ezerezean geratu dira. Hemendik aurrera gertatzen direnak irakurtzeko pentsamoldea aldatu beharko dugu, munduko desordena berri honetan lehengo joko-arauek ez dutelako balio, edo, hobeki esanda, joko-araurik ez dagoelako. Hamaika geratzen zaizkigu oraindik ikusteko. •



