GAUR8

Meloniren lehen porrota hautetsontzietan boterera heldu zenetik

Giorgia Melonik boterera iritsi zenetik lehen porrota jaso du bozka kutxetan. Erreforma judizial bat egiteko asmoz, konstituzio galdeketa bat egin dute eta ezezkoak irabazi du. Erreforma horri uko eginik Italiak herrialdea eguneratzeko aukera galdu duela esan du.

Italian boterera iritsi zenetik lehen porrota jaso du bozka kutxetan Giorgia Melonik. Erreforma judizial bat egiteko asmoz, konstituzio galdeketa bat egin dute eta ezezkoak irabazi du. Erreforma horri uko eginik Italiak herrialdea eguneratzeko aukera galdu duela esan du Melonik, baina hauteskundeetarako urte bete falta denean argi geratu da Italiako lehen ministroaren jarduna ez dela herritar askoren gustokoa izan.

Bere botere posizioa indartu nahiean, orain arte egin dituen mugimendu guztiak irabaziak zituen Melonik. Orain, ordea, eta hauteskundeak horren gertu dituen honetan, erreforma judiziala egiteko galdeketan porrota jaso du. Halaber, ez duela dimisiorik emango argi esan du, 2016an antzeko galdeketa batean Matteo Renzik galdu eta kargua utzi ondoren.

Azken galdeketa honetan parte hartzea %59koa izan da eta baiezkoak soilik eskuinaren gotorlekuetan irabazi du: Lonbardian, Venezian eta Veneton. Erreformaren bidez, epaile eta fiskalen ibilbideak banatu eta Magistratuen Batzorde Gorena deiturikoa, botere judiziala alegia, aukeratzeko moduak aldatzeko asmoa zuen.

Honen kontra agertu diren Magistratuen Elkarte Nazionaleko ordezkariak emaitzarekin pozik agertu dira, botere judizialaren autonomia bermatu dutelako herritarrek.