Gaur 8

Duela 40 urte, Herri Urratsen aurkako polizia kargak mugan

Jendetza ibili zen igandean ‘Geroa eraikiz, laku bat orroka’ lelopean ospatu zen 43. Herri Urratsen. Baina gaur 40 urte, 1986an zehazki, eguna korapilatsuagoa izan zen, Polizia espainolak Hego Euskal Herritik Herri Urratsera parte hartzera zihoazen milaka pertsonen kontra kargatu baitzuen.

Hurrengo egunean ‘Egin’ek horrela islatu zuen gertatutakoa.
Hurrengo egunean ‘Egin’ek horrela islatu zuen gertatutakoa. (NAIZ)

Espainiako eta Frantziako agintariek euskarari egindako jazarpena ez da berria; forma ezberdinak hartu dituen dinamika bat da, batzuetan sotilagoa eta beste batzuetan gordinagoa. Azken honen adibide, gaur 40 urte bizi zen. «Polizia Senpereko euskararen festa itotzen saiatu zen», irakur zitekeen ‘Egin’ egunkariko hurrengo eguneko lehen orrialdeko titularrean. 

Ipar Euskal Herriko ikastolen festa handia Bidasoaren bi aldeetatik etorritako jende askoren bilgune izan ohi da, egun alaia eta aldarrikatzailea. Lapurdiko herri horretako aintzira ezagunaren ertzean, Seaskak antolatutako ekimenaren 3. edizioak une latzak bizi zituen, duela 40 urte.

Orduko kronikan irakurri daitekeenez, igande horretako lehen ordutik poliziak filtro zorrotza ezarri zuen autobidean, Behobia parean. Trafikoa kolapsatu zen, hori zen helburua, eta horrek eragin zuzena izan zuen hegoaldeko lau herrialdeetatik Lapurdira iritsi nahi zutenengan.

Hura ez zen izan Polizia Senperera iristea oztopatzen saiatu zen aldi bakarra, izan ere, ohiko joera izan zen lehen urte haietan. Blokeoa ez zen berria, beraz, baina ondoren AP-8an gertatutakoa bai, ordea. Izan ere, autobusak eta autoak pilatzen joan ahala, bi kilometro baino gehiagoko tapoia osatzera iritsiz, jende askok kanping-mahaiak zabaldu zituen inguruko bazterbide, ezponda eta zelaietan hamaiketakoa egiteko, eta ez ziren gutxi izan, eguerdian eta pazientzia agortuta, autobidearen bi bideak bereizten dituen hesia era guztietako objektuekin kolpatzen hasi zirenak, «txalaparta metaliko» moduko bat sortuz, kronistaren hitzetan.

Minutu gutxiren buruan, bat-bateko protesta bat hasi zen, dozenaka guardia zibilek eta poliziak zapuztu zutena. Hainbat furgonetatan iritsi ziren, eta istiluen aurkako materialarekin kargatu zuten, aldez aurretik abisatu gabe.