Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Jauna emateko moduak eta ebanjelioaren bertsioa

Ez zituen gaizki aukeratu Leon XIV.ak bidaia egiteko egunak. Munduko Kopa -futbolekoa, jakina- hasita egin izan balu, nekez izango zuen tartetxoren bat teleberrietan. Baina eguraldiak besteko tartea izan du teleberrietan. Haietatik kanpo, are gehiago.

Ezin uka aita santuak jendetza bildu duela agertu den den leku guztietan. Igandean, milioi bat lagunentzako meza eman omen zuen; antolatzaileen arabera, 1,2 milioi; 1,1 Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzaren arabera, eta milioi bat eta erdi ere irakurri dut nonbait. Asko, alegia, eta batezbestekoaren erdiak izanda ere, makina bat. Izango ote zituen denentzako adina ostia? Denek ez zuten Jauna hartzeko asmorik izango, baina erdiek hartuta ere, denboratxoa beharko zuen aita santuak denei emateko; berak eta laguntzaileek, jakina. Izan ere, 500 apaizek eman zuten meza Leon XIV.arekin batean, 2.300ek eman zuten Jauna eta, hala ere, milaka eliztar ostiarik gabe geratu omen ziren. Edonola ere, ziztu bizian jardun beharko zuten. A toda hostia, hain zuzen.

Beste batzuek, berriz, a hostia limpia. Aita santuak Madrilgo erdigunean txalo zaparrada jasotzen zuen ordu bertsuan, Arkautin, zerbitzuan hildako agenteak omentzeko eta kondekorazioak banatzeko ekitaldian, Imanol Pradales lehendakariak, maiatzaren 24an Ertzaintzak flotillako kideei egin zien harrera gogoan zuela, nonbait, han ziren agenteei esan zien ez dela nahikoa aginduak betetzea. «Nahitaezkoa da irizpide propioa, autokontrola eta justizia sena edukitzea». Autokontrola. Eta bere Gobernuaren kontrola?

Ertzainen autokontrol premia Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak ere aipatu zuen Gasteizko Legebiltzarrean joan den martxoan, eta berriro ere egin zuen Loiuko oldarraldiaren gaineko azalpenak eman zituenean. Pradalesek berak ere beste behin eskatu zien gauza bera Arkautin bosgarren promozioko ertzainei: «irizpidea, autokontrola eta justizia sena»; noiz eta Loiuko zafraldiaren bezperan.

Ertzainek, edonola ere, erakutsi izan dute autokontrola. Duela hiru hilabete Gasteizko campusean Voxen jarraitzaileak Martxoaren 3ko kartelak kentzen ari zirela, odol hotz askoaren jabe agertu ziren, faxisten aurka atzamar bat ere altxatu gabe. Joan den urriaren 12an, berriz, Gasteizen era berean, odol hotza eta beroa txandakatu zituzten, aurrean zituztenen arabera; Falangekoekin hotza, antifaxistekin beroa, irakina.

Loiuko aireportuko gehiegikeriak ez zuela gertatu behar izan eta sentitzen zuela esan ondoren, denok -nik behinik behin-, espero genuen ertzain horien aurkako neurrien eta zabaldutako ikerketaren berri emango zuela sailburuak hurrengo egunetan. Sentitzen zuela esan zuen berriro, baina... bainaka hasi zen. Malo. Euspelen eta Erneren araberako ebanjelioaren pasarte bat kontatu zigun eta oilarrak jo baino lehen hiru -edo hamaika- aldiz ukatu zuen egia. Ertzain batek jasandako «erasoak» piztu zuen zalaparta; errudunak jipoituak izan ziren, beraz, eta sindikatu horien «testuingurua» ere baliatu zuen: ETA, gaitz guztien iturburu. Flotillako kideak terroristak direla bagenekien, ordea, Ben-Gvirrek eta enparauek esanda. •