Oier Imaz
Filosofoa

Agian ez da nahikoa

Ekainaren 4an eman zuen ezagutzera World Inequality Lab erakundeak “The Global Justice Report: a Plan for Equality and prosperity within planetary boundaries” txostena. Bi urtez 45 ikerlarik egindako lanaren emaitzak biltzen ditu, besteak beste, ekonomialariak, ingurugiro zientzietan edo historian adituak. Ondorio nagusiak ate bat irekitzen dio itxaropenari: «it is possible to reconcile planetary habitality and high well-being for all». Era berean, ondorio nagusiak atea ixten dio azken urteetan, jasangarritasun estrategiei buruzko debatean, errekurrentea izan den dilemari: jasangarritasunean aurrera egiteak dakar desberdinkerietan sakontzea.

Dilemak badu bere oinarria. Adibidez, inork ez du eztabaidan jartzen Lapurdiko kostan karbono dioxido isuriak murrizteko ibilgailuen joan-etorria mugatu behar dugunik. Aldiz, ingurugiro etiketaren bidez eginez gero, kaltetuak txiroenak dira, auto zaharrak dituztenak, ez luxuzko autoekin Parisetik datozen turistak. Bide beretik, jakin badakigu Pariseko Akordioan sinaturiko helburuei eutsi nahi badiegu, ekonomiaren erritmoa jaitsi behar dugula. Aldiz, hazkundea ongizatearen neurgailu nagusitzat duen eredu ekonomiko honetan, erritmoa jaisteak, edo desazkundeak, ongizatea sortu eta banatzeko gaitasuna galtzea esan nahi du, eta, horrenbestez, egun bizi ditugun desberdinkerietan sakontzeko arriskua.

Bada, txostena idatzi duten ikerlarien arabera, «what stands in the way is not technical impossibility but political choice…». Txostenak modelizazio ariketa zabal baten emaitzak biltzen ditu. Ikerlariek 2026tik 2100era doan trantsizioa irudikatu dute, agertoki posible desberdinei erreparatuz. Datuetan jarri dute arreta, eta ondorioztatu dute planetaren mugen barruan bizi gaitezkeela, ongizate partekatua kaltetu gabe, baldin eta hiru zutabetan lan egiten badugu, aldi berean: energia sistemen deskarbonizazioa, produkzioaren eta kontsumoaren nahikotasuna, eta herrien arteko eta herrien barneko desberdinkerien aurkako borroka.

Txostenak harrera beroa izan du arlo honetan dabiltzan ikerlarien artean. Thimotee Parriquek, adibidez, nabarmendu du «this could be another Meadows moment», txostenaren irismena 1972an Donella Meadowsek idatziko “The limits to growth” lanarekin alderatuz. Aldiz, Parriquek berak egin ditu hainbat ñabardura interesgarri txostenaren harira.

Lehenik, jasangarritasunean aurreratzeak ez dakar desberdinkerietan sakontzea, kontrakoa baizik. Ebidentzia historiko eta enpirikoak erakusten du hazkundeak oparotasuna ekartzen duela, baina ez denontzat. Aldiz, errekurtso material finituak dituen mundu honetan, hazten jarraitzeko lasterketak desberdinkeriak sakontzen ditu. Horiek horrela, Parriquek aintzat hartzen du energia sistemaren deskarbonizazioak, eta produkzio eta kontsumo sareen nahikotasunean arreta jartzeak, izan dezakeen eragina. Txostenak oreka berri horri “jasangarritasun konbergentzia” deitzen dio eta defendatzen du isuriak jaitsiz eta hazkundea nahikotasunaren ideiarekin lotuz (ez bakoitzak nahi bezainbeste, baizik eta ondo bizitzeko behar bezainbeste), jasangarritasun helburuak erdiesteko moduan egongo ginatekeela, desberdinkeriak indartu gabe. Parriquek, aldiz, galdera pausatzen du: «baina, orduan, zergatik hazten jarraitu?». Bestela esanda: oreka hori erdiestea posible da sistema ekonomikoa, politikoa eta soziala bustiko dituen egiturazko aldaketarik egin gabe?

Berriki, Parriquek babesa adierazi dio ekainaren 26an Olivier De Schutterrek, Nazio Batuetako muturreko txirotasun eta giza eskubideen idazkari bereziak, aurkeztuko duen “The Roadmap for Eradicating Poverty Beyond Growth” txostenari. Parriquez gain, izen esanguratsu ugarik egin du txostenarekin bat: Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel sariduna, Kate Raworth Doughnouts “Economics” liburuaren egilea, edo Jason Hickel desazkundearen teorikoa. Mezu orokorra argia da: «The real question is no whether growth continues, but what kind of economies we are building…». Hau da, desberdinkeriak gainditzea ez da auzi teknikoa, erabaki politikoa baizik. Finean, sinatzaileen ustez, desberdinkeriak orekatzea ez baita jasangarritasun estrategien albo-kaltea, baizik eta bere helburua. Eta erabakiak hartzeko, bistan da, inportanteak dira datuak eta ebidentziak. Baina ez da nahikoa, beharrezkoa da ausardia politikoa ere. •