
Arabako Foru Aldundiak abian jarri du mirotz urdinaren eta mirotz zuriaren jarraipena eta kontserbazioa egiteko kanpaina jarri du abian, zereal soroetan uzta lanak hastearekin batera.
Helburua da lurzoruan habiak egiten dituzten hegazti babestu horien kontserbazioa bermatzea. «Programa horren bidez, Natura Ondarearen Zerbitzuak habien jarraipena egiten eta haien kokalekua bilatzen du, batez ere Arabako Lautadako, Arabako Mendialdeko eta Arabako Haranetako zereal eremuetan», zehaztu dute Diputazioko iturriek.
Nekazariei laguntza eskatzen zaie habiak aurkitzekotan 689 23 12 11 telefonoaren bidez jakinarazteko, eta Diputazioak konpentsazio ekonomikoak aurreikusten ditu laguntzagatik. Zehaztutakoaren arabera, 50 euroko ordainketa finkoa dago antzemandako habia bakoitzeko, 300 eurokoa uzta atzeratzeagatik eta 500 eurokoa kumeek habia utzi arte hektarea bat uzta bildu gabe edukitzeagatik».
Emandako datuen arabera, aurreko kanpainan 3.600 euro baino gehiago zuzendu zituen Arabako Foru Aldundiak babes neurri horietara.
29 habia babestu ziren 2025ean
«2025ean lortutako emaitzek jarduketa horrek garrantzia duela islatzen dute. Kanpainan zehar, mirotz urdinaren 25 habia eta mirotz zuriaren 4 hauteman ziren eta haien jarraipena egin zen, eta 43 txita babestu eta salbatu ziren, teknikarien eta nekazarien arteko lankidetzari esker», nabarmendu dutenez.
Gogoratu dute, bestalde, espezie mehatxatuen estatuko eta Foru Aldundiko katalogoetan daudela mirotz urdina (Circus pygargus) eta mirotz zuria (Circus cyaneus). Lehenengoa, kaltebera gisa katalogatuta dago, eta bigarrena, interes bereziko espezie gisa.
«Bi espezieek lurrean egiten dituzte habiak, batez ere zereal laboreen soroetan (garagarra, oloa eta garia), eta labore horiei eragiten dieten karraskariez eta ornogabe handiez elikatzen dira. Horregatik, izurriteen kontrol biologikoko lan handia egiten dute», azaldu dute Diputaziotik, nabarmenduz «euren harri koxkorra jartzen» dutela ekosistemen funtzionamendua hobetzeko.


