
Bost urte bete dira Espainiako Estatuan eutanasia legeztatu zenetik, bost urte, gurean uztailaren 23an lehen eutanasia egin zenetik. Mobilizazioz, eztabaida etikoz eta samin kolektiboz jositako hamarkadetako borrokaren ostean iritsi zen legea. Ramon Sampedro, Maribel Tellaetxea, edota Maria Jose Carrasco eta Angel Hernandezen izenak datoz memoriara; DMD bezalako gizarte-eragileen borroka amaigabearen lorpena.
Gizarte-konkisten inguruan, ordea, ilusio optiko kolektibo eta arriskutsu bat dugu: eskubide bat Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratze hutsarekin, betirako babestuta dagoela sinestea. Eskubide zibilak, sozialak eta giza eskubideak ez dira granitozko monumentuak, kristalezko eraikuntzak dira, etengabeko seismo erreakzionarioen eraginpean dagoen lurralde batean. Sinadura soil batekin, epai batekin edota aldaketa kultural batekin desegin edo larriki moztu daitezkeen lorpen hauskorrak dira. Atzera pausuen etorkizun distopikoa jada ez da mehatxu bat, ate joka dagoen errealitate bat baizik, bestela begiratu Madrilera eta nasciturus-aren inguruko aferara…
LEGEA, LUBAKIAREN HASIERA?
Lege honek oinarrizko eskubide bat finkatu zuen, duintasunaren, askatasunaren eta autonomia pertsonalaren printzipio konstituzionalei estuki lotutakoa. Bizitzaren amaiera norbanakoaren azken egintza subiranoa izateko aukera ahalbideratu zuen, eta heldutasun demokratikoko mugarri gisa txalotu genuen.
Urte hauetan pilatutako esperientziak, aitzitik, erakutsi digu legea ez dela bidearen amaiera, lubaki baten hasiera baizik. Gaur egun, eskubide hau setio isil baina suntsitzaile baten pean dago, fronte anitzetatik edukiz husteko mehatxupean: prozesuaren judizializazio kezkagarria eta mesfidantza kliniko nahiz jurisprudentzial sakona, besteak beste.
Izan ere, legearen espirituari emandako kolperik gogorrena ez da parlamentutik etorri, auzitegietatik baizik. Noelia Castilloren kasuaren harira, Auzitegi Gorenak berretsi berri du familia-lotura duten pertsonek eutanasia prozesu bati helegitea jartzeko eskubidea dutela, “hirugarrenen interes legitimoa” izenburupean. Prozesuaren judizializazioak gaixoaren bizitza itxaronaldi agoniko batean geldiarazten du, ziurgabetasunez beteta, bere sufrimenduaren kronometroak gupidarik gabe aurrera jarraitzen duen bitartean.
Erabaki judizial hori erregresio paternalista eta kezkagarria da. Eutanasia ez da erabaki familiarra edo adostasun komunitarioa. Jasanezina den sufrimenduaren aurrean, pertsona heldu eta eskudun batek duen autonomiaren azken adierazpen intimoa da. Nola liteke maite dugun pertsona baten galerak sortzen digun oinazeak, pertsona horrek bere sufrimendua ekiditeko duen tresna bahitzea? Sorrentinoren “La Grazia” pelikulako galdera bota beharko genuke airera gai honetan: norenak dira gure egunak?
BIZITZA BIOLOGIKOA BAINA EZ BIOGRAFIKOA
Noeliaren Castillo gazte katalanaren kasuak, eztabaidaren muinean dagoen beste errealitate deseroso bat azaleratu du: pairamendu kroniko baten ondorioz egindako eskaera zen Noeliarena. Eta hori ez da kontu makala. Gizarte gisa, “hobeto” edo errazago ulertzen ditugu bizitza arriskuan duten gaixoen eskaerak, edota denbora gutxi barru hilko diren pertsonen heriotza-eskaerak. Aldiz, esperoan eta gizartearen epaipean geratzen dira aurretik urteetako bizi-itxaropen luzea izan dezaketen eskatzaileak, bizitza biologikoaren mantentzea lehenesten dugulako, atzean inolako bizi-biografiarik ez dagoenean ere.
Erresistentzia horren muinean gure kultura katolikoaren aztarna sakonak daude. Mendeetan zehar, gure arbasoei sufrimenduaren aurreko erresilientzia itsua exijitu zaie, min jasanezin hori pairatzearen truke hurrengo “bizitzan” ordain jainkotiar bat, zeruko saria, izango zutela aginduz. Sufrimendua bera sakralizatu egin da, gizakia makurtzeko tresna gisa. Zentzurik gabeko min horren goraipamenak Auschwitzeko atarian zegoen «Arbeit macht frei» (Lanak aske egingo zaitu) esaldi makabro hartara garamatza zuzenean: ankerkeria eta mendekotasuna bertute, autosuperaziorako aukera eta askapen gisa mozorrotzea, bidean norbanakoaren duintasuna erabat birrintzen bada ere. Nork erabaki behar du dagoeneko nahikoa sufritu dudan? Nork erabaki behar du saria ala zigorra den nire bizitza biologikoa mantentzea?

Noeliaren kasuaren harira, iraganeko paternalismo moralizatzaile horren oihartzunek gaur egungo telebista-platoak blaitu dituzte. Iritzi publiko voyeurista desegituratutako familia baten miseriak disekzionatuz. Tertuliano ugarik, gaztearen “burua babesteko” aitzakiarekin, pazientearen subiranotasun existentziala infantilizatu eta zalantzan jarri dute. Bihozgabekeria onartezina, moralismo mediatikoa. Gure begiradaren distortsioan dago arazoa, enpatia gaixotasunaren izenaren edota adinaren arabera neurtzen duen iragazki sozial horretan: Noeliak 50 urte izan balitu, edo minbizi bat izango balu, iritzi berdinak entzungo genituzke? Emakumea, gaztea, bortxakeria eta osasun mentala, kirats patriarkala bere osotasunean...
HORMA PSIKIATRIKOA ETA ANAKRONISMO MEDIKOA
Hirugarren erresistentzia-fronte handia buru-nahasmenduak dituzten pertsonenganako mesfidantzan oinarritzen da. Konstituzio Auzitegiaren epaiek legearen konstituzionaltasuna baliozkotu badute ere, funts juridikoak kortse esklusibo gisa jokatzen du: “pairamenak” jatorri somatikoa edo fisikoa izan behar duela dio (nahiz eta lotutako sufrimendua psikikoa izan), eta, horretan oinarrituta, batzuentzat patologia psikiatriko hutsak errotik kanpo uzten dituen horma bat eraiki da.
Fisikoaren eta mentalaren arteko bereizketa zorrotz hori anakronismo medikoa eta maltzurkeria etikoa da. Giza sufrimenduarekin hurbiletik lan egin dugunok badakigu buruko gaixotasun larri askok min sakona, etengabea eta onartezina eragiten dutela. Min hori edozein patologia onkologikorekin edo neurodegeneratiborekin guztiz parekagarria da, eta, batzuetan, baita handiagoa ere. Hiltzeko laguntza ukatzea gaixotasunaren jatorrian soilik oinarrituta, eta ez pazientearen sufrimenduaren intentsitatean, diskriminazio instituzional nabarmena da.
Errezeloak gaixo mentalaren erabakitzeko ahalmenik ezaren argudioan ezkutatu ohi dira. Bistan da, testuinguru horietan, ebaluazio zorrotzak eta diziplina anitzekoak beharrezkoak direla. Baina literatura zientifikoak erakusten du nahasmendu larriak dituzten paziente askok beren osasunari eta bizitzari buruzko erabaki informatuak hartzeko gaitasuna dutela. Kontrakoa esatea pertsona horien zuzenbide-subjektu izaera baliogabetzen duen orokortze bidegabean eta estigmatizatzailean erortzea da. Paternalista.
POSTA KODEAREN LOTERIA
Goi mailako eztabaida juridikoetatik harago, legea egunero aplikatzeak autokritika sakona eskatzen duten josturak azaleratzen ditu. Beste erkidego batzuetan gertatzen ari dena ikustea besterik ez dago hasieran aipatutako seismo suntsitzailea gure begien aurrean gertatzen ari dela jabetzeko: eskubidea eskatzailearen posta kodearen mende dago erabat.
Zerbait kulturala ere egon daiteke egungo egoeraren atzean; agian, euskaldunon eta katalanen kasuan, autodeterminazio-nahi sakon horrek, geure patuaren jabe izateko grina areagotzen du. Baina auzia ez da horretara mugatzen. Opakutasun burokratikoak, informazio-hutsuneek eta irizpide batasun ezak muga ikusezin bat sortu dute, pazientea poliki-poliki higatzen duena eta herritarrak babesik gabe uzten dituena unean uneko eskualdeko gobernuaren borondate politikoaren aurrean.
Askatasuna ez da graziazko egoera iraunkor bat; eguneroko erresistentzia-ariketa bat da. Ez dezagun onartu gure azken egintza subiranoa epaitegi baten, moral erlijioso baten edo gure posta kodearen menpe geratzea. Bizitzaren amaieran, zentzua eta duintasuna ez dira galtzen; defendatu egiten dira. Duintasunez hiltzea askatasunaren azken gotorlekua baita.

Espainol ez-nazionalista baten adierazpena (parodikoa, edo ez hainbeste)

«Motorra eta martxak aldatu behar zaizkio abertzaletasunari, softwarea aktualizatu behar da»

«Udan nabaritzen da jende gehiago dabilela, baina ez da garai batean bezala»
