Oinetako harri ikusezina: Mortonen neuroma

Batzuetan oinetako aurrealdean urrats bakoitzean zirrara, erretze-sentsazioa edo deskarga elektriko baten antzeko mina sentitzen dugu, tartean kolpe edo arrazoi argirik ez dagoela. Sintoma horien atzean Mortonen neuroma egon daiteke, oineko nerbio bati eragiten dion gaitz nahiko ohiko baina askotan gaizki ulertua. Izenak horrela iradoki dezakeen arren, Mortonen neuroma ez da benetako tumore bat. Izan ere, behatzen arteko nerbio digitaletako baten inguruko ehunaren loditzea da, nerbioaren narritadura kronikoaren ondorioz. Gehienetan hirugarren eta laugarren behatzen artean agertzen bada ere, beste tarte batzuetan ere gerta daiteke. Arazo hau emakumeengan gizonezkoengan baino ohikoagoa da, neurri handi batean punta estuko edo takoidun oinetakoak maiz erabiltzearekin lotuta dagoelako; halere, ez da emakumeen arazo esklusiboa.
Sintomarik bereizgarriena oinaren aurrealdeko mina da, ibiltzean edo zutik denbora luzez egotean areagotzen dena. Paziente askok zapata barruan harri txiki bat izango balute bezala deskribatzen dute sentsazioa. Beste batzuek, berriz, behatzetara hedatzen den erretze, inurridura edo lokartzea nabaritzen dute. Diagnostikoa pazientearen historia klinikoan eta azterketa fisikoan oinarritzen da batez ere -sintomak errepikatzen dituzten maniobra espezifikoak egin ohi dira-. Zenbait kasutan, ekografia edo erresonantzia magnetikoak erabil daitezke diagnostikoa baieztatzeko edo antzeko sintomak eragiten dituzten beste arazo batzuk baztertzeko.
Tratamenduaren lehen urratsa normalean faktore eragileak murriztea izaten da. Horretarako, punta zabaleko oinetakoak erabiltzea, takoi altuak saihestea eta oinaren aurrealdeko presioa gutxitzea gomendatzen da. Zenbait kasutan, barne-zola pertsonalizatuek edo metatartsoen azpian kokatutako euskarri bereziek karga hobeto banatzen laguntzen dute. Fisioterapiak bereziki hasierako faseetan lagundu dezake, sintomak kroniko bihurtu aurretik. Helburua ez da mina soilik arintzea, baizik eta nerbioaren gaineko presioa murriztea eta arazoa mantentzen duten faktore biomekanikoak zuzentzea. Tratamendu kontserbadorearekin hobekuntzarik lortzen ez denean, infiltrazioak egin daitezke, normalean kortikoideekin, hantura eta mina murrizteko. Azken aukera gisa, sintomek bizitza normala nabarmen mugatzen badute eta gainerako tratamenduek huts egiten badute, kirurgia planteatu daiteke nerbioaren gaineko presioa askatzeko edo neuroma kentzeko.
Mortonen neuromak ez du bizitza arriskuan jartzen, baina eguneroko jarduerak baldintza ditzake, ibiltzea edo kirola egitea zailduz. Horregatik, garrantzitsua da lehen sintomei arreta jartzea eta mina kroniko bihurtu aurretik profesional batengana jotzea. Kasu askotan, diagnostiko goiztiarrak eta fisioterapia barne hartzen duen tratamendu egoki batek kirurgiaren beharra saihestu eta bizi-kalitatea nabarmen hobetu dezake. •



