12 JUL. 2025 - 00:00h Agente autonomoak ordenagailuan: Adimen Artifizialaren mugarri berria Guk botoirik sakatu gabe, AA gai da gure ordenagailuan nabigatuz hainbat aplikazio erabiltzeko. (GETTY IMAGES) Gorka Julio Leku guztietatik iristen da AAren inguruko informazioa. Zutabe hau, baina, zalapartak zalaparta, adimen artifizialean ikusiko dugun jauzi esanguratsuenetako bati eskainiko diogu: agente autonomoak. Agente autonomoak gizakiaren esku-hartze iraunkorrik gabe ordenagailuan lan konplexuak egiteko gai diren sistemak dira. Batzuen ustez, tresna horiek urrats erabakigarria dira Adimen Artifizial Orokorraren (AAO) norabidean, baina are garrantzitsuagoa, adimen artifizialaren, ordenagailu propioaren eta bertan dauden programen arteko elkarrekintza ahalbidetzen dute. Ez baduzu ezer ulertu, hau litzateke adibide bat: irudikatu audio bat editatu nahi duzula eta laguntzaile digital bati argibideak ematen dizkiozula horretarako. Hark ahots grabazioa jasotzen duenean, gainerako guztiaz bera arduratuko da: zarata kenduko du, bolumena doituko du, atzeko musika gehituko du, soinuak orekatuko ditu eta azken emaitza esportatuko du. Guztia automatikoki egingo du, zure ordenagailuaren kontrola hartuz eta normalean erabiltzen dituzun programak erabiliz; zuk ez duzu ez programarik menperatu ez botoirik sakatu beharrik izango. Askotan, tresna horiek ezagutuko dituzu, noski, baina kasu horietan ere laguntzaileak lan neketsuak azkarrago egin ahal izango ditu. Orain imajinatu gauza bera aurkezpenetan, testuetan, irudietan edo programazioan aplikatuta. Esan diozun hori egiten ikusiko duzu agentea; alegia, pantailak ireki, botoiak sakatu eta komandoak zure ordez exekutatuko ditu zure begien aurrean. 2024ko urriaren 22an, Anthropic konpainiak Claude 3.5 Sonnet eredua aurkeztu zuen, “Computer use” funtzioarekin. Horri esker, sistemak gure ordenagailuetako aplikazioak ireki, fitxategiak manipulatu, testuak kopiatu eta itsatsi, eta hainbat lan automatizatu ditzake, giza presentziarik gabe. Batzuen ustez, Adimen Artifizial Orokorraren bidean, 3. mailara iritsi gara horrekin. Maila horrekin, testu-erantzunak emateaz gain, tresnak erabiltzeko gaitasuna eta kanpo-munduko baliabideekin jarduteko gaitasuna izatea lortzen dute agente horiek. AUKERA BERRIAK, ZALANTZA BERRIAK Argi dago tresna horiek zenbait lan errepikakorretan lagundu dezaketela. Eskuz egin beharreko agindu segidak berak errazago eta azkarrago egiteko balia daitezke. Funtzio zehatzetarako inguruneetan ere, oso baliagarriak izan daitezke prozesuak berak optimizatzeko ere. Orain arte ez bezala, aurreikusitako gaitasunak izango dituzte, gure gailuetan dauden programak eta prozesuak exekutatzeko gaitasun horren bidez. Paradigma berri honek aukerak eta arriskuak dakartza, zibersegurtasunaren ikuspegitik adibidez. (GETTY IMAGES) Horrek, baina, arrisku argiak ekartzen ditu. Zenbait portaera autonomo ulertezinak izan daitezke, ez baita oso gardena algoritmo horiek erabakiak hartzeko daukaten era. Segurtasun eta pribatutasun arriskuak ere badaude, gure datu pribatuak eskuratzeko beste sarbide bat izango baitute tresna horiek. Beste segurtasun foku bat gure sisteman exekutatuko dituzten programak dira. Normalean, nabigatzailean edo eremu kontrolatuan exekutatu izan dira Adimen Artifizialeko tresnak, baina orain, baimenduz gero, eremu hori zeharkatuko dute eta hor kontrola galtzeko aukera askoz handiagoa da. Ez da nahikoa erregulazioarekin: elkarbizitzarako ikuspegi berriak behar dira: • Prestakuntza berriak: AA, datu analisia, segurtasun digitala eta etika teknologikoa. • AA kolaboratiboaren eredua: tresna lagungarriak izatea, ez ordezkatzaile soilak. • Talde hibridoak: pertsona eta agentearen lankidetza oinarri duten egiturak. AUKERAZ BETERIKO TRANTSIZIOA Gizakiaren historian, aldaketa teknologiko handiek eraldaketa sozialak ekarri dituzte. Agentearen autonomiaren aroan sartzen ari gara, eta trantsizio hori aukera bilakatu dezakegu, baldin eta ausardia politikoa, gaitasun soziala eta ikuspegi etikoa konbinatzen baditugu. Orain da garaia: botere teknologikoa gizakiaren zerbitzura jartzeko, eta ez alderantziz. Adimen Artifizial Orokorraren (AAO) norabidean, bost aurrerapen maila Maila hauek ez dira estandar ofizialak, baina Claude, OpenAI eta beste hainbat eredu estrategikoren inguruko analisi teknologikoetan oinarrituta formulatu dira. 1. maila - Elkarrizketa txatbotak: LLMetan (hala nola GPT-4o edo Claude) oinarritutako sistemek testu bidezko elkarrizketa koherenteak izaten dituzte eta oinarrizko zereginak egiten dituzte: itzulpenak, laburpenak, edukien sorkuntza eta abar. 2. maila - Arrazoilariak: Giza mailako edo doktore mailako gaitasunarekin aritzeko diseinatutako AA. Arazo konplexuak konpontzen ditu, analisi prediktiboak egiten ditu, hipotesiak sortzen ditu eta logika aurreratua erabiltzen du. 3. maila - Agente autonomoak: AA sistemak beren kabuz jarduteko gai dira. Negoziazioak egiten dituzte, prozesuak optimizatzen dituzte eta estrategiak exekutatzen dituzte etengabeko gainbegiraturik gabe. Plangintza eta ekintza bateratuak egiteko gai dira, 24 orduz jardunez. 4. maila - Berritzaile autonomoak: AA sortzaile eta ikertzaileak dira. Ideia berriak sortzen dituzte, patenteak garatzen dituzte, proiektu originalak diseinatzen dituzte eta berrikuntza teknologiko edo zientifikorako lankidetzan jarduten dute gizakiekin. 5. maila - Antolakunde autonomoak: Giza esku-hartzerik gabe funtzionatzen duten erakunde osoak kudeatzeko gai diren sistemak dira. Finantzak, logistikak, marketina eta giza baliabideak automatikoki koordinatzen dituzte, eta AAren bidez bakarrik aritzen dira. Maila horien bidez, AA arruntetik abiatu eta erabat autonomo funtzionatuko luketen sistemetaraino heltzen da eskailera. Eskailerak, noski, ez du lorpen hori problematizatzen; bide zehatz bat irudikatzen du eta ez du zalantzan jartzen aipatzen den AAO hori lortuko denik ere.