26 JUL. 2025 - 00:00h Desagertutako emakume indigenen auziari aurre egiteko antolatu dira Gizarteko beste edozein sektoretan baino neurri handiagoan sufritzen dute Ipar Amerikako emakume indigenek indarkeria. Milaka dira desagertu eta sekula agertu ez direnak. Baina egoeraren larria salatzeko eta komunitateak ahalduntzeko egitasmoek indarra hartu dute azken urteotan. Subiranotasuna eta emakume indigenen segurtasuna aldarrikatzeko NIWRC Emakume Indigenentzako Baliabideen Zentro Nazionalak egindako ekimen bat (NIWR) Urtzi URRUTIKOETXEA Sault Sainte Marie Ipar Amerikako aintzira handien eskualdeko leku estrategikoa da, Michigan, Superior eta Huron elkartzen diren lekutik gertu. Mugak zeharkatutako hiria ere bada; Kanadako aldean eta AEBetakoan izen bereko bi hiri daude. Mugak muga, ojibwe edo chippewa herriaren lurrak dira, eta hiriaren ekialdean daukate erreserba. Michigan estatuko tribu handienak dira, herriaren alde batera ageri den kasino erraldoiak erakutsi legez. Herriko sarrerari erreparatuz gero, baina, soineko gorrien erreskada batek ematen du atentzioa. Emakume soinekoak zuhaitzetatik eskegita. Haur soinekoak, bat edo beste. Batean, Yvonne Renee izeneko emakume baten argazkia ere ageri da. Duela 20 urte baino gehiago desagertu zenetik, familiak ez du haren berri. Gaur egun 53 urte lituzke. «Utzi gure ahizpak osteari» leloa dago soineko guztien bidearen hasieran, Kanada eta AEBetako banderekin batera. Aurrerago Andrea Marie izena irakur daiteke, justizia eske: «Predatzaile batek bahitua. Drogatu, bortxatu eta eraila». Sault Sainte Marie ez da zoritxarreko salbuespena. Mugako lerroa jarraituz, New Yorkeko Akwesasne herrian antzeko afixa ageri da: «Ez ostu ahizpa gehiagorik». Atlantikotik Ozeano Barera eta Alaskatik Oklahomara, gero eta ozenago entzuten den aldarrikapena da. MMIW akronimoak ‘Desagertutako eta Eraildako Emakume Indigenak’ esan nahi du, ahoa estaltzen duen esku gorriaren irudi indartsuarekin batera. «Beste edozein gizataldetan baino gehiagotan desagertzen dira emakume indigenak AEBetan eta Kanadan. Kasuetako asko sekula ez dira argitzen, desagertuetako asko inoiz ez dira aurkitzen», dio GAUR8ri NIWRC Emakume Indigenentzako Baliabideen Zentro Nazionaleko Kerri Colfer politika arduradunak. Alaskako tlingit naziokoa da. «Indigenok gidatutako elkartea gara, kontzientzia pizteko eta bizirik irten direnei eta biktimen senideei babesa eta baliabideak emateko. Emakume indigenentzako justizia eta segurtasuna eskatzen duen mugimendu handiago baten zati gara, balore eta lidergo indigenetan oinarrituta». NIWRC Emakume Indigenentzako Baliabideen Zentro Nazionaleko ordezkariek haien egoeraren berri emateko egindako mobilizazio bat. NIWRC Estatistikak izatea zaila bada ere, datuak oso argigarriak dira: emakume indigenen %84,3k jasan dute indarkeria bizitzan zehar, eta erdiek baino gehiagok, %56,1ek, sexu indarkeria jasan dute noizbait. Hego Dakotan, esaterako, natibo estatubatuarrak biztanleen hamarrena ere ez diren arren, bortxaketa kasuen herena dira, Stronghearts Native Helpline-ren arabera. Duela hamabi urte NIWRCren baitan diseinatu eta 2017. urtean abian jarri zen laguntza gune bat da, edozein unetan aholkularitza jasotzeko profesional indigenak dituena. Arrazoi historikoak eta gaur ere bizirik dauden injustiziak daude egungo egoeraren atzean, hala nola, «lurraldetik indarrez kanporatzea, egitura sozialak eta babes tradizionalak hautsi izana, eta lege hutsuneak ere badaude, inolako erantzukizunik gabe indigenei kalte egitea errazten dutenak». Beste faktoreetako bat jatorrizko herritar askoren pobrezia kronikoa da. «Etxebizitza seguruak falta dira komunitate indigenetan, zerbitzuak eta baliabideak eskuragarri egotea falta da tribu askotan, eta sarritan polizia ere falta da. Beraz, gaur egun ikusten ari garen indarkeria sistema horien emaitza da; oso aspalditik emakume eta familia natiboei kale egin diete». Herri indigenak subiranoak dira legez, horretarako daude AEBetako gobernuarekin historian zehar sinatutako tratatuak (Washingtonek behin baino gehiagotan urratu dituen arren). Baina subiranotasun hori herritar indigenengana mugatzen da, lur tribaletan (erreserbetan) gertatu arren krimenak. «Gobernu tribalen ahalmena murritza da, herritar indigenak abusatzaile edo gaizkileengandik babesteko». Hau da, bahitzaile edo bortxatzaile zuri baten kasuan, «beste jurisdikzio batek esku hartu behar du, eta horrek askotan atzerapena dakar; argitu behar da nori dagokion, ardura estatala ala federala den. Atzerapenak luzatzen direnean, noski, justizia ere atzeratzen da. Ikaragarria da, ikerketa edo salbamenduaren atzerapena hilgarria izan daitekeelako. Bortxatzaile edo bahitzaile batek, lurralde tribalean krimena egiten diharduen bahitzaile zuri batek, nola edo hala, sentitzen du inork ezin duela akusatu edo atxilotu», salatu du NIWRCko arduradunak. Oso aspalditik datorren arazoa den arren, azken urteotan ikusgarritasun handiagoa ematea lortu dute emakume indigenek. Horretarako denetik egin dute, kasu zehatz eta gordinetatik estatistika beldurgarrietara, eta gorri kolorean oinarritutako kanpainetara. Urtez urte, udaberrian arreta berezia hartzen du gaiak, maiatzean MMIW Eguna agendetan sartzen hasi zirenetik, 21 urteko Hana Harris neska cheyennearen omenez; desagertuta zegoela salatu zuten, eta erailda agertu zen 2013an. «Urtero, gorriz janzten gara ez daudenak gogorarazteko, bizia kendu zietenei omen egiteko, eta familiei babesa emateko, haiek justizia eske jarraitzen duten bitartean. Oroimenerako egun soil gisa sortu zena ekintzarako dei kolektibo bihurtu da», aldarrikatu dute aurten. Izan ere, egutegian egun bat izatea ona izan daitekeen bezala, gainerako egunetako lanak ere berebiziko garrantzia du. Ikusgarritasun horrek zenbait urrats egitea ere ekarri du, «egon dira legeak, herri indigenei eta emakumeei zuzendutakoak, baina arau horien irismena eta ardura ez dira proportzionalak emakume indigenek jasaten duten indarkeriaren eskalarekin. Komunitate askotan irudipena dute, bizi diren lurraldean, ez dela ezer aldatu beren bizitzetan. Kasu asko konpondu gabe gelditzen dira. Indarkeriaren biktimak askotan baliabide eta laguntza gabe gelditzen dira; poliziari deitzen diotenean sarritan ez da inor agertzen, une horretan ez dagoelako inor; eremu urrun batzuetan egunak pasa ditzakezu legea noiz agertuko zain». Komunikazioa edo, hobe esanda, komunikazio falta, arazo larria da. Bai segurtasun indarren eta herritar indigenen artekoa, pertsona batzuen bizitzako unerik zailenetako batean, senide bat galdu duten unean, baina baita administrazio eta polizia indarren artekoa ere. Emakume desagertuen aldeko elkarteek badakite kontzientziak gora egin duela azken urteotan, besteak beste, eta nagusiki, elkarte horien lanaren ondorioz, «baina justizia oraindik oso urrun dago. Pertsona bat desagertzen denean, gaizkilearen, emakumearen edo lekuaren arabera, oso erreakzio desberdinak izan litezke», dio Colferrek. Familia indigena gehienek ezagutzen dituzte oso hurbil antzeko kasuak, eta «gehienei kasua atzera bota edo ikerketa atzeratu zaie. Eta atzerapenak sekulako eragina dauka, kasu batzuk sekula ez argitzeraino». Egoera are larriagoa egiten duen faktoreetako bat datu zehatzen falta da. Estatistikak eta arrazen arteko banaketa hain maite dituen herrialdean, oso era baldarrean daude jasota emakume indigenen aurkako indarkeria kasuak. «Behin baino gehiagotan oker sailkatzen dute kasua, neska latinoa edo asiarra balitz bezala edo beste talde batean sartuz, eta beraz, tribuari ez zaio jakinarazten pertsona bat desagertuta dagoela», adierazi du. Ondorioz, ez dago zehatz jakiterik zenbat diren biktimak, «baina badakigu emakume indigena gehienek indarkeria sufritzen dutela beren bizialdian». Egungo errealitate gordina oso lotuta dago indigena guztiek azken bi mendeetan sufritutako asimilazio politikekin, eta hortik geratu den traumarekin. «Mende bat baino gehiago pasatu dute haur indigenak familietatik harrapatzen, haien kultura eta hizkuntza kentzeko, eta komunitatearekiko lotura eteteko. Askotan abusuak jasan zituzten, bortxaketa, hil ere egin zituzten, asko dira etxera itzuli ez zirenak». Hor ere ez dago antzeko kasuak oso gertu sufritu ez dituen komunitate indigenarik, gurasoen edo aitona-amonen belaunaldiari begiratuta. «Pertsona horien trauma haien familia eta komunitateena ere bada. Familia egiturak urratu dira komunitate indigenetan, baita komunitatearekiko konfiantza eta ezagutza kultural eta espirituala ere. Horrek guztiak behinola rol garrantzitsua zuen emakume indigenak, haurrak eta gizarteko ahulenak babesterako orduan; orain gure komunitateetan babes horiek galdu dira». Trauma oso sakon errotuta dago, eta asko oraindik isilik daude, mintzatzeko beldurrez. «Hala, ez dute sendatzerik izan, eta indarkeriaren zikloa berpizten du horrek». Emakumeen eta, zer esanik ez, haurren aurkako indarkeria kasuetako asko etxe barruan gertatzen dira. Elkarteek ez dute ukatzen hori, «baina askotan ez da aipatzen zenbat pertsona ez-indigena ibiltzen diren lur tribalen inguruan». Erreserba askoren inguruan industria eta meatzaritza daude, eta langile asko erakartzen dituzte. «Ezaguna da krimenetako asko komunitateko kide ez direnek egiten dituztela, ia ondoriorik gabe. Horregatik ere jotzen dute haurren aurka, hauskorragoak direlako. Beraz, bai, aitortu behar da komunitate guztietan gerta daitekeela barnetik kalte egitea, baina are garrantzitsuagoa da komunitate indigenak baliabideak izatea barne zein kanpoko erasoei aurre egiteko». Sault Sainte Marien hildako eta desagertutako emakumeen omenez arboletatik eskegitako soineko gorriak. Urtzi URRUTIKOETXEA Etxebizitzaren garrantzia Kerri Colfer indigenen etxebizitza seguruen zentroaren egitasmoaz dago bereziki harro. Etxearen egonkortasunari, etxe-gabeziaren arazoari eta indarkeria matxistarekiko loturari heltzen die. «Uste dugu etxebizitza seguru, egonkor eta kulturalki egokia eskaintzea dela indarkeria amaitzeko modurik onenetakoa, ziurtatuz abusu egoera batean daudenek badutela nora jo, eta sentituz oraindik ere komunitatea daukatela inguruan». Izan ere, indarkeriari aurre egin behar dioten askok familia, komunitate eta erreserbatik alde egin behar izaten dute babeslekua izateko. «Horregatik uste dugu garrantzitsua dela komunitate barruan egotea babeslekua eta etxebizitza programak. Ez dugu zertan gure kultura utzi abusuari ihes egiteko». Subiranotasuna, gako Indigenen aurkako indarkeriari aurre egiteko, komunitatearen lana berebizikoa da. «Ahalduntzen garenean daukagu indar handiena. Horregatik NIWRCn bultzatzen ditugun programek prebentzioan, sendabidean eta autodeterminazioan dute fokua. Komunitate seguruak errespetuan, haurridetasunean eta antzeko balore indigenetan eraikitzeko trebakuntzak egiten ditugu, indarkeriari gure kulturan oinarritutako erantzunak emanez», dio Kerri Colferrek. Proiektu horietako batzuk etxebizitza egitasmoak dira, beste batzuetan komunitatea sendatzeko programak, edo hezkuntza saioak, gazteentzat bereziki, harreman osasuntsuak izan ditzaten. «Horrekin batera, kontzientziazio kanpainak eta komunitate trebakuntzak egiten ditugu. Horretan guztian, subiranotasun indigenaren garrantzia azpimarratzen dugu, gure komunitateek beste inork baino hobeto ulertzen baitute zein behar dituzten eta nola lortu horiek», azaldu du Emakume Indigenentzako Baliabideen Zentro Nazionaleko kideak. Beraz, komunitateak berak zuzendutako estrategiak eraginkorragoak dira, bertatik bertara egindakoak direlako. Badakite zer behar duten, zer arazo duten eta arazo horiei nola heldu. Eraginkorragoak dira, berezko balioetatik, kulturatik eta beharretatik abiatutako soluzioak sortu ditzaketelako.