GAUR8

Loreak zuri, loreak askapen borrokari


Zure oihartzunak entzunak nituen beharbada, eta noizbait ikusia zintudan, Garesen, festetan. Zure buruan zeneraman lore hori ez da ahazten erraza. Ez nekien nor zinen.

Hor zeunden, 2015eko urtarrileko larunbat hotz hartan, Artazun, mexikarrak dantzatzen. Ordurako zein zinen banekien, gutxi gorabehera non ibilia zinen noizbait, norenean; ulertu ezin nuena zen zer egiten zenuen gure ehun biztanleko herrian. Baina, badakizu: lagunak nonahi zenituen.

Hamar urte baino gehiago pasatu dira geroztik: herrira iritsi aurretik beste herri txiki batean egona nintzen, bilera luze batean, ulertzen ez nituen gauza asko entzuten, eta gerora hartuko nuen bide militantearen lehen hazietakoa izan zen hura. Gero zu eta zure lorea ikusi zintuztedan. Gustatzen zait esanahia ematea horri guztiari, kasualitateei kausalitatea gehitzea, alegia. Finean, gure herriaren borrokaren historia hori ere bada, ezta? Leku askotan, jende askok egin duena eta leku askotan, jende askok elkarrekin ezagutu duena eta bizi izan duena.

2018an partekatu genuen barne mailako mahai-inguru bat, zenbait belaunalditako kideak aritu ginen hizketan testuinguruaz, baldintza politikoez, gure borrokak eta borrokek zuten esanahiaz. Erdi bromatan erdi serio esan zenigun Zarautzen, zure herrian, Ernaikoei eskatua zeniela taldean sartzea, zuk Ernaikoa izan nahi zenuela. Ez dakit zer esan nahi zuen horrek: gazte izaten segitzen zenuela -zalantzarik ez dago-, edo etengabe nahi zenuela ikasi, jendearekin egon eta komunitateak ezagutu, bizitza gozatu. Bi aukerak miresgarriak direla esanen nuke. Ezin da mundu guztiari buruz hori esan.

Zenbat ideia besarkatu ditugun zurekin, hitz egiten zenuelako argi, gogor, zehatz, eta aldi berean itxaropentsu, bizitzeko halako gogo erraldoiak ematen zituen energiaz. Askapen nazional eta sozialaren bidean engaiatu ziren lehen militante haietakoa izan zinen, edonor maitemintzeko moduan hitz egiten zenuen Euskal Herriaz, borrokaz, mugimenduaz. Horrela errazago ulertzen da nolako herria amesten dugun, nolako herria eraiki nahi dugun eta zein esanahi eta indar zuen zuretzat feminismoak, proiektu oso batek.

Info7 Irratian Martin Garitanok duela urte batzuk egindako elkarrizketan zera esaten zenuen, herri oso batek egiten duela borroka. Eta horrek erreferenteak behar dituela. Ez dakit zutaz hala hitz egitea gustatuko zitzaizun, baina zugan herri oso bat ikusi dugu borrokan, Arantza; zure begietan, eta loreetan, eta hitz zorrotzetan ikusi ditugu beste ehunka, milaka lagun, kide, amorante. Borrokan, itxaropenean, herri honekiko konpromisoan. Nola edo hala. Hori guztia ikusi dugu, ez bakarrik zu. Sedukzioaz aritu zinen Garitanorekin, eta gu ere seduzitu gintuzun hamaika bider, Arantza. Herri hau askatzera lotu zineten lehen belaunaldietatik gaur arte, jarrai dezagun amets kolektibo honen bidean, askatasunera -irailaren 27an, Anaitasunara-.

Irratian “Chavelarena” eskatu zenuen amaiera-kanta bezala, eta zein egokia gaurko, Arantza. Mila lore zuretzat. Tómate esta botella conmigo, y en el último trago nos vamos...