GAUR8

HIND RAJAB UMEAREN AHOTSA PANTAILA HANDIAN

(DPA-EUROPAPRESS)

2024ko urtarrilaren 29an, sei urteko Hind Rajab, bere osaba-izebak eta lau lehengusu Gaza Hiriko Tel al-Hawa auzotik ihes egiten saiatu ziren kotxez, Israelgo Armadak eremua ebakuatzeko agindu ostean. Tanke batek eraso egin zien. Rajaben lehengusina batek, 15 urteko Layan Hamadak, Ilargi Gorriari deitu zion beren kotxea tirokatzen ari zirela eta bere gurasoak eta hiru anai-arrebak hilda zeudela esateko. Bere ahotsa betiko isildu zen, telefonoaren bestaldean tiroen zarata entzuten zuten bitartean. Forensic Architecturek Al Jazeerako kazetariekin batera egindako ikerketaren arabera, sei segundotan -Layan Hamaden azken hitzak entzuten zirela- 64 tiro jaso zituen autoak. Tankea distantzia gutxira zegoen. Hind Rajab bizirik zegoen oraindik eta Ilargi Gorriarekin eta amarekin ere hitz egiten jarraitu zuen telefonoz. Norbait bere bila joatea erregutu zuen. Israelgo Armadarekin anbulantzia bat bidaltzea koordinatu zuen Ilargi Gorriak, baina anbulantzia ere tirokatu eta barruan zeuden bi paramedikuak hil zituzten. Nazio Batuen Erakundearen ikerketa batzorde batek ondorioztatu zuenez, ezinezkoa zen soldaduek kotxearen barruan zibilak eta umeak besterik ez zeudela ez ikustea. Ordu luze horietan haurrak izan zituen elkarrizketen audioak oinarri hartuta, bere sufrikarioa eta heriotza “Hind Rajaben ahotsa” izeneko pelikulan jaso ditu Kaouther Ben Hania zuzendari tunisiarrak. Veneziako Zinemaldian estreinatu zuten asteazkenean eta irailaren 19an hasiko den Donostiako Zinemaldian ere ikusgai egongo da Perlak sailean. «Ez al da nahikoa? Akabo sarraskiak, gosetea, deshumanizazioa, suntsiketa eta okupazio etengabea. Film hau ez da iritzi bat, ezta fantasia bat ere, egian ainguratuta dago. Gazan hildako dozenaka mila haurretako bat da bere ahotsa», adierazi zuen filmaren lan taldeak aurkezpenean. Ia bi urte hauetan, 50.000 haur hil edo zauritu ditu Israelek, Unicefen datuen arabera.