13 SET. 2025 - 00:00h Eluska Leibar Alcorta, FC Barcelonak aukeratu duen euskal modeloa Eluska Leibar Alcorta modelo profesionala da, Baionan jaio eta Oiartzunen hazia. Poz handiz partekatu du bizi duen une berezia: FC Barcelonak berriz aukeratu du 2025eko emakumezkoen kanpaina ofizialerako modelo gisa. Urrats garrantzitsua da berarentzat. Eluska Leibar Alcorta, GAUR8rentzat posatzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Maider Iantzi Txikitan orduak pasatzen zituen ispiluan, hori izan zuen entrenamendua. Kamera ikusten duenean automatikoki ateratzen zaio posatzea eta erraza jarri dio gure argazkilariari ere. «Lagunek esaten didate ni naizela ezagutzen duten pertsona bakarra argazkia ateratzen ari naizenean ere posatzen dudana», kontatu digu irriz. Donostiako Gladys Enea parkean egin dugu hitzordua Eluska Leibar Alcortarekin. Urrutitik ezagutu dugu bere edertasun, garaiera eta estiloagatik, eta ahoa zabaldu orduko antzeman diogu nongoa den. Naturala eta hurbila da solasean eta bere bizitzaren laburpena egin digu ordu erdian. Baionan sortu bazen ere, hiru urte zituenetik Oiartzunen bizi da. Euskal Herrian abiatu zuen modelo ibilbidea, 15 urterekin, ile-apaindegian zegoela, bertako diseinatzaileak aukeratu zuenean. «Asteazkena zen; ostiralean desfile bat egin nuen eta igandean argazki saioa. Ezkongaiz jantzi nintzen, Yolanda Torres Donostiako atelierrarekin». Geroztik, urtero egin ditu argazkiak eta desfileak berarekin. Naiara Elgarresta poltsen diseinatzailearekin eta Soia emaztegaiak janzten dituen Orioko diseinatzailearekin ere egin du lan. Gero, bidaiatzen hasi zen. Bidaiatzen zuen lekuetan argazki saioa edo shootinga antolatzen zuen markekin. «Hona bueltatzen nintzenean beti neukan sentsazioa modelo lana gustatzen zitzaidala, baina hemen ez nuela aukera handirik honetaz bizitzeko. Haur Hezkuntzako karrera ikasi nuen on line, eta bukatu nuenean Bartzelonara joateko garaia zela erabaki nuen». Hango lagun baten etxera joan zen oporretara. Agentzia batek ikusi, eta lana eskaini zion. Baietz erantzun zion eta handik lau hilabetera Kataluniako hiriburuan jarri zen bizitzen. «Gustura aritu naiz agentzia horrekin, baina jada batera lan egiteari utzi diogu, kontratuan jartzen zuelako bi urte baino gehiago egonez gero betiko emango nizkiola nire irudi eskubideak. Kontu eduki behar da halako gauzekin. Azkenean ez zara zure irudiaren jabe. Adibidez, beraiek markatzen dizute ilea nola eraman, lan gehiago edukitzeko. Horregatik, psikologikoki ere indartsu egon behar duzu beste hiri batera joateko bakarrik eta emozionalki ukitzen zaituzten egoera asko bizitzeko», aitortu du. LILURA ETA BERE IFRENTZUA «Agentziak neurri batzuk hartzen dizkizu eta bezeroarengana horrela iristen zara. Beraz, garrantzitsua da hor mantentzea. Ilea beltzarana eta motza daramat. Aldatu nahi badut, adostu egin behar dut. Horretan mugak daude. Baina egia da dituzun esperientziak itzelak direla. ‘Bihar shootinga daukazu Alacanten’, esaten dizute. Hegazkina hartzen duzu, argazkiak egiten dituzu, han geratzen zara lo egiten eta hurrengo egunean bueltatzen zara. Zeinek dauka zure inguruan horrelako bizitza bat? Liluragarria da askotan», deskribatu du. Modeloarena ez da bizimodu egonkorra, ordea. Denboraldi batean lan pila izaten du, baina gero ez. «Ikasi behar duzu ez dela zure errua. Familia eta lagunek bizitza salbatu didate, halako baxualdiak gogorrak izaten baitira». (Jagoba MANTEROLA / FOKU) Gorputzarekin harreman ona izatea ere kostatzen zaio. «Psikologoak izugarri lagundu dit. Gorputz disformia daukat, ispiluan ez dut nire burua egiatan naizen bezala ikusten. Anorexia ere pasatu nuen. Hori da nire gatazkarik handiena: zauri horiek ditut nire gorputzarekin, eta horrekin ari naiz lanean. Ondo joan da. Une batzuk oso baxuak izan dira, baina erlazioa hobetzen ari da pixkanaka». «Ispiluan nire burua ikusten dudanean etengabe akatsak bilatzen aritzen naiz. Nire konplexua hankak dira eta erakustea ez zait ezer gustatzen. Barçako azken kanpaina honetan makilatzaileak (jada laguna), galtzerdi luzeak eta galtza motzak jarri zizkidan. Hanka gihartsuak ditut, ez dira modelo estandar batenak bezalakoak. Lagunak begiratzen zidan eta esaten zidan: ‘Eluska, lasaitu’. Urduri nengoen nire angelu txarra edo konplexua erakusten ari nintzelako. Gainera, argazkian ondo atera behar nuen, ez zitzaidan nabaritu behar gatazka horretan nengoela». FC BARCELONAREN IRUDIA FC Barcelonak bigarrenez aukeratu du emakumezkoen kanpaina ofizialerako modelo gisa. Lehenengo esperientzia 2024an izan zen. «Ez nuen sinesten. Justu tokatu zen anaia Bartzelonara etorri zela bisitan. Ranbletan ginen eta klubaren denda ikusi genuen. Han nintzen! Argazkiak bidali genizkion familiari: ‘Begira, begira!’. Camp Noun ere nire aurpegia zegoen, eta atzeko aldean, Lamine Yamal!». Barçarekin lan egitea erraza izan dela dio. «Normalean shootingetan argazkilariak, diseinatzailea eta estilista egoten dira, baina kanpaina horretan jende gehiago ibiltzen da. Mahai baten atzean egoten dira, ordenagailuarekin ikusten zein argazki bai eta zein ez, eta zu aurrean zaude. Serioagoa da. Zaindua». «Bigarren aldi honetan, arropa probatzera joan nintzenean, esan zidaten handicap bat zela bi aldiz ateratzea. Orduan, bukatu zela pentsatu nuen. Ostegunean izan ziren azken argazkiak eta astelehenean esan zidaten: ‘Azkenean bai’. Ez nuen espero! Agentziakoarekin hitz egiten, esan zidan ez zuela inork errepikatu», adierazi du pozarren. (FC BARCELONA) Barça ezaguna da mundu osoan eta prestigio handia ematen du bere irudi izateak. Kanpaina horretaz gain, Sprinter-ekin eta Alicia Ruedarekin lan egin du. Rihannaren lentzeria linearen enbaxadorea ere bada. Hilabetero bidaltzen dio arropa argazkiak egiteko. Pixkanaka bidea zabaltzen ari da, egonkortasuna bilatzen duen bitartean. «Alokairuan bizitzeko dirua behar da, eta Bartzelonako Sutton diskotekan lanean ibili naiz. Modan, askotan ez duzu egunean bertan kobratzen. Orduan kontuz ibili behar duzu». Astean lauzpabost aldiz gimnasiora joaten da, eta euskarako C1a ateratzeko ikasten ari da. Orain Moto GPetan dabil azafata gisa eta aurki Zinemaldian ariko da. Halako lanak bilatzen ditu, eta ahal duenean etxera bueltatzen da. «Hiri batean lanarengatik edo norberaren ametsarengatik bizitzea ondo dago, baina asteburuetan ez dauzkazu ingurukoak ondoan, eta ez bazara lan asko jasotzen ari, horrek emozio gorabeherak eragiten ditu». Modaren aldaketak Modaren eboluzioa izugarria izan da. «Hasi nintzenean, argazki saioetan makilatzailea, argazkilaria, ile-apaintzailea, estilista, diseinatzaileak eta modeloak egoten ziren. Gaur egun, ez da bideograforik falta izaten, Tik Tokerako. Lehen, lau argazki on egiten baziren, orain gehiago egiten dira, sare sozialetako kontsumoari segika. Gehiago exijitzen dizute». Turkian shooting bat egin diote adimen artifizialarekin. «Ni ez naiz Turkian egon eta nire argazkiak daude han». Beste aldaketa bat: «Lehen modeloek saltzen zuten gehiago; orain, influencerrek. Haien bizitza kontatzeak fidagarritasuna ematen die». Modak lehiakorra dirudien arren, Eluska Leibarren inguruan justu alderantziz da. «Lan batera ezin banaiz iritsi kide bati pasatzen diot. Ilegorri bat bilatzen ari badira, lagun ilegorriei abisatzen diet. Gorabeherak ditugunean, gure artean baino hobeto zeinek ulertuko gaitu?». Modelo izaten kideengandik ikasi du eta bera ere aritzen da erakusten. «Aski gogorra da ezezkoak jasotzea; behintzat gure artean kideak gara». Casting pila egin ditu, eta 50 laneko 300 ezezko jasoko zituen. 28 urte ditu. Dioenez, adinaren eragina aldatu egin da modelo lanean. «Nire lagun batek lan pila bat egiten du eta 36 urte ditu. Gauza da nola zaintzen eta irudikatzen duzun zure burua. Bartzelonan, batez ere, publizitatea egiten da eta 30 eta 40 urte inguruko modeloak behar dituzte». Modelo curvyak ere gehiago ikusten dira, aniztasuna handiagoa da. Marka anitzek naturaltasuna mantentzen dute. «Behar da. Gimnasioan gazte asko ikusten ditut obsesionatuak eta pentsatzen dut: zer min egiten duen gorputz perfektuak ikusteak. Kontuan izan behar da hartzen duzun angeluaren arabera argazkiak guztiz aldatzen direla». Amaren aldetik baditu modelo erreferente batzuk. «Ane Mendizabal, miss Gipuzkoa izan zena, amaren lehengusina da; izeba Eli modelo izan zen, eta amak ere lan batzuk egin zituen. Ama oso dotorea da eta txikitatik bideratu nau mundu honetara», adierazi du. «Berak lortu ez duen ametsa lortu dut. Ametsean aurrera joan naiz eta honetaz bizi naitekeela ikusi dut. Horrek asko betetzen nau». (Jagoba MANETROLA / FOKU) Amaren familiak Atlantis denda du Donostian eta haiekin shootinga egitea ederra izan zen Eluskarentzat. «Ilargi bete-bete bat egon zen hor, hunkigarria. Aitona-amonek ez naute ikusi honaino iristen. Aitona futbolagatik poztuko litzateke, baina amona oso dotorea izan zen. Ahizpa eta iloba modeloak izan zituen, eta bilobak ere lortu duela ikustea polita izango zen». Naiara Elgarrestarekin egindako shootingak ere maiteak ditu. «Bere poltsen lehen kanpaina nirekin egin zuen. Zenbat hazi garen biok! Lagunik onenetakoa dut eta bere denboraldi berriak ikusteak bihotza betetzen dit». ETORKIZUN HURBILEAN Bi urteren buruan hemen bizi nahi luke modu egonkorrean. «Euskal Herria maite dut, Oiartzun maite dut, nire familia eta lagunengatik naiz naizena eta ditudan balioak eta dudan guztia nire herritik datoz, ona eta txarra. Behin galdetu zidaten: ‘Kritikek ez dizute eragiten?’. Niri, ez; Oiartzunen hazia naiz, kritikak txikitatik jaso ditut». Modelo izatea bezala, bokazio du irakaskuntza eta etorkizun hurbilean amets horren bila joan nahi luke.