20 SET. 2025 - 00:00h Begiak aukera berrietara ireki Ez daude erantzun itxiak, ezta pronostiko ziurrak ere. Abentura honetan, jende kultua beharko da, irakurtzeko denbora, pentsatzeko sosegua eta huts egiteko askatasuna izango duten euskaldunak Argiaren uhina-partikula dualtasuna, fenomeno bat bi modu ezberdinetan ulertzea, mekanika kuantikoak planteatu arazo filosofoetariko bat. (Wikipedia) Mikel Zubimendi Denok gara gure aita eta amaren seme-alaba. Den-denok dauzkagu egun hobeak eta txarragoak, geure euforiak eta existentziaren erridikuluak. Krudelak izateko gai gara, eta on puska barregarriak, batzuetan okurrenteak gara eta beste batzuetan benetako tostoiak. Baina denoi interesatzen zaizkigu esplikazioak, begi bistakoaren ertzean dagoen irekitasuna. Eta, agian espazio ireki horretan erantzunik ez daukagulako, egonezina sortzen digu, esplikaezin zaigunak esploratu dugunak baino leku handiagoa hartzen duelako gure bizitzan, segur aski esplikaezin den parte hori delako gu hobekien esplikatzen gaituena. Ez daude erantzun itxiak, ezta pronostiko ziurrak ere. Izozkailuko tupperwarean gordetako dogma multzoak ez ditugu behar, etorkizunak eskaintzen digun ziurtasun bakarra gure aurreikuspen guztiak hankaz gora jarriko dituela delako. Abentura horretan, euskaldun kultuak behar ditugu, ahalmen kritikoekin, zalantza metodikoarekin, ausardia intelektualarekin, jakin-minarekiko eta arriskuekiko apetitu handiarekin. Irakurtzeko denbora, pentsatzeko sosegua eta huts egiteko askatasuna izango duten euskaldunak. Gure herriaren askapenak, euskarak, eta Euskal Herriaren beste arazo potoloek, energiarenak, urak, elikagaiak, faxismoak, irrazionaltasun edo ezberdinkeriek, gizateriaren, munduko arazo globalek, ez dute soluzio errazik. Baina gauza bat badago argi: ez dira jakintza gutxiagorekin konponduko. Jakintzak, izatez, horixe daukalako: xaboia ez bezala, zenbat eta gehiago erabili orduan eta gehiago duzula, herri jakintsuagoa zarela; eta, gure jakintza gero eta zabalagoa denean, gure ezjakintasuna gero eta sakonagoa iruditzen zaigula. AMETSA EPE LUZEAN Zientzia behar da, zientzia gogorrak behar dira: zientziaren poesia den matematika, eta matematikaren poesia den fisika. Eta humanitateak behar dira, filosofia, literatura. Bien arteko konbinazio batek bakarrik jakintza eta bere erabileran jakituria eskutik joateko etika argitu dezakeelako. Zientziak bakarrik ez gaitu erabat askatuko, gorputz-arima beste elikagai batzuk behar ditugu: ametsa, mitoa… Zientziaren konkisten mugaldeetan beti dagoelako misterioa flotatzen, mugak zenbat eta urrunago, misterioa orduan eta zabalago. Ametsik gabe ez dagoelako zientziarik, arterik, matematikarik, fisikarik, ez eta merezi duen bizitzarik ere. Pasiorik gabe arte guztiak desegiten direlako, zientzia bera barne. Fisika kuantikoak ezin duelako maitasuna esplikatu, ilunsenti baten edertasuna ezin delako uhin-luzeretara mugatu, edo zeure kantu gustukoena presio-kurbetara. Horixe baita zientzia: sormena. Ez da hainbeste gauza tekniko bat, begiak aukera berrietara irekitzea da. Sormena ez da jakintza soila, pasioa da, sinistea, erabakimena eta ekintza dira. Esploratzeko pasio hori, ekintzarako kuraia, kritikoa izateko askatasun harro zoragarria. Euskal Herrian sortzaileak zaindu behar dira, ideiak sortzen dituztenak, aberastasuna sortzen dutenak, edertasunaren sortzaileak. Justizian oinarritutako askatasun ekosistema bat eskainiz, ahalik eta burokrazia txikienarekin; burokraziak hedatzea eta autojustifikatzea joera naturala duela bai baitakigu. Arnasa luzea landuz, utilitarismotik harago jauzi eginez, talde lanaren kulturan. Ahal den neurrian, ikerlariek irakatsiz eta irakasleek ikertuz. Ekuazioak eta kurbak arbelean. Arrazoiz esaten da matematikak direla zientziaren poesia. (GETTY IMAGES) Txikitatik erakutsi behar da zientziaren poesia, euskaldun denek izan dezaten ulertzeko eta sortzeko gaitasuna. Ez soilik batuketak eta kenketak, benetako matematikak baizik. Alfabetatze matematikoa eta algoritmoen hizkuntza jorratu behar dira, txiki-txikitatik. Matematikak oso boteretsuak direlako, dauzkagun tresnen artean agian boteretsuenak, onerako zein txarrerako. Begira, bestela, mundua kontrolatzen duen eliteari, gure burmuinak kolonizatu eta gure ideologia hackeatu dezaketenei: ez dituzte armak, ekintzaile suizidak, bonbak eta misilak erabili, ez; matematika asko erabili dute, algoritmo asko. Gogoratu Trumpek kargua hartu zuen zeremonian hantxe bertan zen oligarkia teknologikoa, Elon Musk, Mark Zuckerberg, Sundar Pichal, Jeff Bezos eta enparauak, matematikei eta algoritmoei dena zor dietenak. MATEMATIKEN ARTELAN Badirudi gauza kontraesankorra dela matematiken objektibotasuna bizi garen mundu subjektiboan. Eta algoritmoen oinarrian daudenez gero, eta algoritmoei desinformazioa, intoxikazioa eta gezur-giro arnasezina sortzea egozten zaienez gero, ostrazismora pasa litezke, mainstream-etik bazterrera, txarrak bailiran, ia gaizkile. Apur bat kimikari pasatu zaion antzera. Kimikak fama txarra daukalako, zerbait txarra dela uste baita, kimika gehiegi izatea ia-ia pozoitsu izatearen sinonimo eginda. Eta ez, kimika guztiz onuragarria da, bizitzan dena baita kimika: alabaren musuak, jaten duzuna, airea... Eta orain, konputazioaren eztandarekin batera, algoritmoen txanda da. Googlen iradokizunak, Amazonen erosketak, sare sozialetan zu sutzeko eta zeure burua hackeatzeko... algoritmoen inguruan kristorenak eta bi esateko bada nahiko aitzakia. Baina onak dira, algoritmo denak onak dira, arazoak konpontzeko metodoak direlako, matematiken artelanak. Algoritmo onena azkarrena da, gauzak azkarren egiten dituena. Algoritmoa bizitzeko ezinbestekoa da. Edo beste modu batean esanda, algoritmoak txarrak dira pertsona txarren eskuetan, telebista bezala, tanta hotzak egindako txikizioaren aurrean laguntza eramateko edo Rambletan oinezkoak harrapatu eta hiltzeko erabiltzen den furgoneta bezala. Eta tentatuta egon gaitezke pentsatzeko AEBetakoa, Trump bezalako jendilajea hautatzeagatik, algoritmoek burua kanibalizatu dieten jende babo arraioa dela. Eta Euskal Herria herri tontoa, ergela dela; beti igualtsu, ia beti EAJ bozkatzen duelako. Baina jendea ez da ergela, algoritmoak ez dira ergelkeria bat, edo, nahi bada, denok gara ergelak, maila berean ergel. Gehiengoaren espejismoaz hitz egin beharko genuke hemen, matematikek hain ongi adierazten eta demostratzen duten fenomenoaz, baina hori beste kontu bat da, beste baterakoa. Sare sozialetan zu sutzeko eta zeure burua hackeatzeko duten gaitasunagatik, algoritmoen inguruan kristorenak eta bi esaten dira. Baina onak dira, arazoak konpontzeko metodo, bizitzeko ezinbesteko. Edo beste modu batean esanda, txarrak dira pertsona txarren eskuetan daudenean. (GETTY IMAGES) Gerren bitartez mugak aldatu daitezke, herri-izenak eta ortografiak, udaltzain izateko hizkuntz eskaerak… dena, edo ia dena aldatu daiteke giza kapritxo hutsez. Baina matematikak ez dira aldatzen, ez dira giza kapritxoen esaneko, gertatzen dena gertatuta ere, bonba nuklearra leherrarazita ere, bosta zenbaki lehena izango da. Bestela deitu dezakezula? Jakina baietz, baina faktorizatu, ez dugu faktorizatuko. Beti gertatu da berdin, edo berdintsu. Gauzak, matematikak kasu honetan, kontu bat dira, eta haien aplikazioa, oso bestelakoa. Eta orain, oso modakoa den eztabaida dabil, algoritmoen etikarena. Algoritmoaren etika definitzea hil ala bizikoa dela esaten da. Baina definitu nahi bada, lehenik eta behin, etika orokorra, globala, zein den adostu beharko da, ezta? Eta bai, hor dago diskriminazio algoritmikoa, algoritmoak entrenatzerakoan eskaintzen zaizkien datuak. Prozesuan zeinek zaindu, detektatu eta zuzenduko ditu alborapen matxista, arrazista eta ideologikoak? Ez dakit, umiltasun osoz aitortzen dut: erantzunik ez daukat. Eta erantzun errazik ere ez du, faxismoaren mugaldetara iristen garelako. Zer den ideologikoki zuzen eta zer oker ebatzi nahi eta faxismoan ez irristatzea hain zaila baita! Zeinek kontrolatu behar du hori? Legeek? Protokoloek? Dekalogoek? Arazoa, beti bezala, lehenik tresna sortzea eta gero gerokoa izaten da. Ohi bezala, jai dugunean, estropezu ederra eginda dagoenean, kaka egin ostean, legeak egiten ditugula. Adimen artifizialarekin ere, berdin. BURBUILAK PITZATU Algoritmoen eta adimen artifizialaren inguruko etika batetarako plan eta protokoloen historia beti bukatzen da gezur batean. Protokoloak egiten direnean ordenamendu bat egiten saiatzen da, asko gustatzen zaigulako gauzak ordenatzea, egoera kontrolatzen dugula esatea. Ordenamenduak menderatzea eskatzen du, baina, zein da bikote honen kide txikia? Gezurra. Gezurrik gabe ezin da menderatu. Gero, gure garai zinikoarena dago, badakigulako gezurrean instalatuta gaudela, baina ezjakinaren plantak egiten ditugu. Eta zertara jolasten garen ez dakigunean ere, beti geratzen zaigu planeta salbatzea. Perfektu! Beste protokolo edo plan bat egingo dugu. Algoritmoek iradokitako bideoak ikusi edo adimen artifizalari hontaz eta hartaz galdetu, baina, azkenean, ohartuko gara giza kontaktua dela txinparta, pospoloa, punta-puntako teknologia. Eta burbuilak horretarako daudela, pitzatzeko.