Miren AZKARATE BADIOLA

Bakearen usoa testigu

Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko Donostiako manifestazioan egon nintzen aurreko larunbatean.

Gure sendiko hiru belaunaldi, oihu bera garrasika errepikatuz: “Palestina askatu!”. Hunkigarria izan zen, manifestazioan zehar, hainbatetan negarrari ezin eutsi egon nintzen, baita amaieran prest zegoen performance-a (zapatila pila bat lurrean jarrita, bonbardaketa bat iragartzen zuen sirena) ikustean ere. Haurrek luzatzen zizkidaten galderak erantzuten saiatu nintzen momentu oro, eta neure burua imajinatzen nuen guda baten erdian: nolakoa izango ote litzateke bizitza?

Amaiera “Bakearen usoa” eskulturan izan zen: hutsala, zentzugabea, baliorik gabea… Hitz egingo balu, ez ziratekeen 30 urte pasa behar izango Rosa Zarra erail egin zutela jakiteko, eta gezurra zela, behin eta berriro adierazi zuten bezala, gaixotasun batek hil zuela. Gu guztiok 30 urte hauetan oihukatu dugun bezala oihukatuko zukeen txori horrek, Ertzaintzak hil zuela. Usoa testigu da.

Non daude orain bakezale guztiak? Non Juan Maria Atutxa? Non daude usoa bakearen sinbolo bezala erabili zuten demokrata guztiak?

Zergatik onartu dute orain, 30 urte beranduago? Zein froga berri dituzte orain?

Inpunitatea, hori da euskal gatazkan batzuek gehiegi izan dutena; definitzen dituena. Poliki bada ere, azaleratuko duguna. Gu ez gara nekatuko, haiek nekatuko dira.

Inpunitatea, Israel (eta Europa) definitzen d(it)uen hitza. Ez du balio 30 urte barru onartzea Palestinar herriaren aurkakoa genozidioa izan zela. Usoak badaki, gutako batzuok ere bai. •