Gazteria eta lege zaharra
Lege zaharra da, ezbairik gabe, nagusiagoak garenok gazteak oker dabiltzala pentsatzea eta esatea. Beti gertatu da eta badirudi betikotutako zerbait dela. Zinez diotsuet ez neukala halako ikuspunturik ezta jarrerarik ere hartzeko asmorik, baina badirudi korronteak indar handiagoa daukala, eta neu ere kutsatu nauela.
Ez dut orokortuko, jakina, baina zentzu batean munduko bazter askotan inboluzio bat gertatzen ari dela sentitzen dut; inboluzioa, luzaroan borrokatu eta eraikitako balore batzuekiko.
Normala da -bizi legea esango nuke- belaunaldi gazteek aurrekoen kontra egitea. Guk ere egin genuen, eta sanoa ere iruditzen zait, baina orain nagoen lekutik beldur pixka bat ematen dit. Izan ere, normala da estutzen eta nazkatzen gaituen sistemari kontra egitea, horren kontra errebelatzea, alajaina. Gazteriaren izatearekin dator hori, eta banaezina da. Baina batzuek hainbeste izerdi eta ahalegin eginda gutako askorentzat eskuratutako lorpenak eta eskubideak desagertzen ikusteak eta horren alde egiteak kezka handia sortzen dit.
Gu ere (izan) gara antisistema, baina hautatu genuen alternatiba, apurtzailea bai, baina ezkertiarragoa zen, eta esango nuke kolektiboan pentsatzen genuela gehiago. Orain, baina, sistemaren alternatiba gisa mozorrotu duten hori are eta eskuinagokoa da, indibidualistagoa, salba-nadin-neu-eta-horretarako-besteak-zapaltzekoa.
Gure (edo nire behintzat) begietatik, are eta kaltegarriagoa da kolektiboarentzat eta, ondorioz, banakoarentzat, gutako edozeinentzat. Mozorrotu diot, estutzen gaituen sistemaren alternatiba bezala saltzen badute ere, lortutako ongizate eta bizikidetza gutxiengoak, gogor borrokatutakoak, eztandarazi eta desagerrarazten dituelako.
Zergatik esaten dudan hau guztia? Ikusten ditudalako gazte asko, dagoeneko galdu dugun zirimiri baten moduan, egunerokoan blaitzen ari direnak erabat atzerakoiak eta oso arriskutsuak diren aurreiritzi arrazista, matxista eta indibidualistekin. Haiek ezjakitun dira horren larritasunaz, eta poliki-poliki normalizatzen doaz, txantxa gisa, helduoi kontra egitearren txantxa bat balitz bezala.
Eta zentzu ez hain larrian eta kutsu folklorikoagoarekin, gauzei duten garrantzia eman behar zaielako, oraindik ahaztu gabe daukagu Udalatx mendiko gurutzea desagerrarazi zutenekoa. Batzuk pozik, beste batzuk kexu, eta kexu direnen argudioak, nire ustetan, gurutzea bezain “peregrinoak”: inori galdetu gabe kendu dutela, herritarrek jarri zutela, ezin dela gauzak baimenik gabe kentzen aritu, aurrekari bat zabaltzen duela, hurrengoa zer izango ote den…
Eta horren guztiaren ondoren, nire harridurarako, orain gutxi parranda testuinguru batean punk kantuak jotzen zituen talde bati zuzenean honako aldarrikapena entzun nion: «Herri bat Gaztetxe bat, mendi bat gurutze bat» (!!). Nolatan eman diezaiokete garrantzia, gazteak modu autonomoan antolatzeko premia ikusita, Gaztetxe bat aldarrikatzearekin bat, antolamendu bertikal eta inposatzailea duen Eliza katolikoa irudikatzen duten gurutzeak mendietan jarrita egoteari? Akaso uste dute Gaztetxeak lortu, martxan jarri eta bizirik mantentzeak ez zuela (eta askotan duela) gizartean dagoenarekin eta ondo ikusitakoarekin apurketa galanta suposatzen? Gu baino zaharragoa da ilargia seinalatzen digutenean atzamarrari begira gelditzea, ezta? Ba horixe. •