
Gaur dela 45 urte jaio zen Hegoafrikako Johannesburg hirian Zoleka Mandela, Zindzi Mandelaren alaba eta Nelson Mandela eta Winnie Madikizela-Mandelaren biloba. Bere bizitzako esperientzia pertsonalak, hala nola bularreko minbizia gainditzea eta seme-alaben galera tragikoak, publikoarekin partekatu zituen, besteak beste, ‘When Hope Whispers’ autobiografian.
Txikitan sexu-abusuak jasan zituen eta gaztaroan hainbat adikziotan erori zen. Hogei urte zituenean izan zuen bere lehenengo alaba.
2010ean hamahiru urteko alaba auto istripu batean hil zen, Munduko Futbol Kopako testuinguruko kontzertu batetik etxerako bidean. Gidari mozkor batek eragin zuen ezbeharra. Haren heriotzak mundu mailako zirkulazio-istripuen biktima kopuru handia ikusarazten lagundu zuen, eta familiako kideak bide-segurtasuneko aktibista bihurtu ziren.
2011n beste seme bat erditu zuen, baina behar baino lehenago jaio zen eta handik egun gutxira hil egin zen.
Bularreko minbizia izan zuen, eta hainbat urtez tratamenduan egon zen. Bere esperientzia pertsonalaren bidez, minbiziaren aurkako borrokan inplikatu zen. ‘When Hope Whispers’ autobiografian bere esperientzia kontatu zuen. 2016an, BBCk munduko 100 emakume inspiratzaileen zerrendan kokatu zuen.
Zoleka Mandela minbiziak jota hil zen 2023ko irailaren 25ean, 43 urterekin.