Laborategiko otsoak
Bueltan dira Romulo eta Remo. Duela 13.000 urte desagertutako Canis dirus otso espeziea berriz sortzea lortu dute Colossal Biosciences enpresako ikertzaileek. Fosil batzuen DNA erabilita egin dute, egungo hogei otso grisen geneak editatu, eta bestearen ezaugarriak txertatuta. Hala jaio dira Romulus eta Remus, baita Khaleesi ere; sei hilabeteko bi ar eta bi hilabeteko eme bat. Gaur egun ezagunak diren otsoak baino handiagoa da Canis dirus, larru zurikoa, haragijalea.
Otsokume zurien argazkien ondoan, albiste ilunagoak irakurri ditugu asteon egunkarietan. Bilboko Etxarri gaztetxea husteko operazioan, Ertzaintzak jaurtitako foam bala batek jota barrabil bat galdu du Iker Aranak; Amaya Zabartek deklaratu du, 2024ko martxoan futbol partida baten atarian Ertzaintzak hura zauritu eta 13 hilabetera -foam jaurtigai batek jo zuen, eta ertzain batek ostikoa eman zion-; «Indarra erabiltzeko legitimitatea du Ertzaintzak, baina indarra ezin da indarkeria bihurtu», Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren hitzak.
Canis dirus espezieari txakur beldurgarria ere deitzen ei zaio. Askorik pentsatu gabe, albisteen arteko lotura egin du nire buruak. Aranak argi esan du: «Ertzainak begiratu zidan, makurtu zen eta zuzenean barrabiletara apuntatu zidan». Iñigo Cabacas hil zela 13 urte bete diren egun berean jakin dugu Aranaren lesioaren berri. 2012ko apirilaren 5 hartan ere, agindua argia izan zen: «Entrad con todo lo que tenemos». Iaz Tolosako inauterietan Xuhar Pazos billabonatarra Ertzaintzak botatako foam batek jo zuen begian; Ertzaintzaren ikerketaren arabera, «kasualitatez». Kasualitaterik apenas, eta zigorgabetasun handia, bistan denez.
Duela hiru asteko berria: Rosa Zarra Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuela ebatzi du Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak, bertsio ofiziala gezurtatuta. Zarra 1995ean hil zen, pilotakadak eragindako zaurien ondorioz. Berezko heriotza izan zela esan zuen orduan Eusko Jaurlaritzak. Hiru hamarkadaz eutsi diote bertsio horri, benetan gertatutakoa estaliz. Zupiriak, txostena onartu arren, nahiago izan du garaiko «indarkeria giroaz» hitz egitea, ardurei eta poliziaren jardunbideari heldu beharrean.
Zabarteren kasuan ere, Ertzaintzaren jardunbidearekiko konfiantza agertu du Zupiriak -tartean, kargua hartu berritan familiari bidali zion gutunean-. Karen Daniela Agredoren kasua -ertzainek atxilotu eta, hainbat orduren ostean, ZIUn ingresatu zuten buruko lesio larriekin- gertakarietatik hainbat egunera jakin dugu, Kolonbiako “El Pais” egunkariak salaketaren ingurukoak argitaratu ostean. Kasualitaterik apenas hemen ere, eta gardentasuna kolokan. Bitartean, Ertzaintzaren lan baldintzak hobetzeko akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek, «herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzeko eta modernizatzeko», sailburuaren hitzetan.
Gogoan dut Historia irakasgaiko liburu hartako irudia: otseme bat, eta haren azpian titia hartzen bi ume, Romulo eta Remo, Marte gerraren jainkoaren semeak. Teknologiak lagun dezake galzorian diren espezieak kontserbatzen, hala nola Canis dirus espeziea. Gurean, ordea, garaiak majo aldatuagatik, ez dirudi iraganeko polizia eredua galzorian dagoenik. Aurkara, badirudi hari jaten ematen ari direla batzuk, gerraren semeak elikatzen, herritarrok besterik nahi eta behar dugun arren. •