Gaur egungo nahasteak eta beste nahasarazte batzuk
Maiz, “beltz” hitza saihestuta, gizaki beltzentzat iraingarria delakoan, “koloredun” iraingarriagoa entzuten da. Nahaste berdina ote da noire adierazteko negresse erabiltzea? Bordeleko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman die berriro Miarritzeko La Negrese auzoaren izenaren inguruko auzian aldatu beharra aldarrikatzen dutenei; hala ere, auziaren hastapenean, Paueko epaitegi batean fiskalak esan zuen horrelako hitzek, esklabotza abolitu ondoren erabilita, ez dutela giza duintasunarekiko konnotazio arrazista edo izaera iraingarririk. Beraz, esklabotzarik gabeko mundu honetan zilegi da, nonbait, Bidasoaz hegoaldeko puto negro esapidea ere. Egingo nuke prokuradore hura ez dela kolorekoa.
Beltz guztiak ez dira berdinak, edonola ere; gama zabala dago. Nire lagun batek dioenez, ez horren zabala, ordea: baltza, baltz-baltza eta total baltza. Zuriak ere badu sorta handia: argia, margula, arrosa antzekoa... eta, denetan benetakoena, laranja.
Gizon laranjaren ipurtzuloa eta munduaren zilborra ez dira gauza bera, baina lotura estua dute, duela aste bi munduaren zilborra dela uste duen edo baden agintariak erakutsi zuen moduan, bere egitasmoen epitomea agertuta: munduak bere ipurtzuloa musukatzea. Eginkizun horretan, Txina baino ez du falta, muga zergen gerra delakoa hasi zenetik zenbait analistak iragarri zutenez, bai baitirudi asiar erraldoi horiak gizon laranjaren ipurtzuloan muin egin gabe eusteko gaitasuna duela.
Ez dira nahasi behar 72 orduko biziraupena eta 72 orduko gerra. AEBez jabetu den eromenaren ifrentzuak, Europako Batzordeaz jabetu den eromenak, alegia, 72 orduan bizirik irauteko kit bat gomendatu digu, baina 72 ordu baino askoz gehiagoko gerrarako armak erosteko asmoa du. Gure diruarekin eta gure irizpiderik gabe. Norengandik defendatzeko? Europako Batasunak europarron aurkako eraso baten arriskua asmatu du; halakorik balego, erasotzailea berak xaxatua izango litzateke, baina zer baliagarritasun izan lezake gomendatu duen bizirauteko sorta horrek? Espero izatekoa da ez gaituztela hura erostera behartuko behintzat. Europako agintariengandik defendatzeko balioko balu gutxienez...
Ez da ohikoa aberastearen eta ez gastatzearen arteko nahastea. Edonola ere, Pablo Llarena magistratuak argitu zuenez, eta oraindik orain Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi duenez, ez gastatzea aberastea da eta, horrenbestez, Carles Puigdemont president ohiari eta Toni Comin eta Lluis Puig conseller ohiei ez diete amnistia aplikatuko. Epaileek esandakoaren arabera, politiko katalanek procés-ean ez zuten beren dirutik gastatu; beraz, aberastu egin dira.
Nahasteak eta nahasarazteak, mundu zabaleko nahiz tokian tokiko kontuei dagozkienak. Batzuk ezjakintasunaren ondorio; bestetzuk, okerrago, jakin nahi ez izanaren ondorio, eta badago beste aukera bat are okerragoa: jakinda ere, nahastea eragin nahia.
Etxean hasi eta etxean amaitzearren, xehetasun bat. ETAren Komando Antikapitalistak eta ETAren Komando Kapitalistak ez dira gauza bera. Izan ere, ia denok dakigunez, bigarrenak ez dira inoiz existitu, eta lehenengoak ere ez. •