Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

EAJren nekropolitika arrazista

Ceutako hiria arrazismo krudelenaren erakusleiho bihurtu da aurtengo udan, eta PSOE-Sumar Gobernuaren utzikeria ikusita, badirudi horrela jarraituko duela gutxienez Gabonak arte. Munduaren egituraketa kolonialaren desoreka estrukturalei eta Mohamed VI.aren politikei ihesi uztailaren 30ean heldu ziren 70.000 pertsona inguru Ipar Afrikako hirira, bidaian 140 pertsonak bizitza galdu zutelarik. Baina, bere mugen barruan giza eskubideak bermatzeko derrigortasuna duen Estatu espainolak, babesa eskaini beharrean, kale gorrian utzi zituen. Ondorioz, Ceuta mundu mailan egonkortzen dabilen ultraeskuinaren narratibak legitimatzeko eszenatoki perfektu bilakatu zen. Ohikoak izan dira prentsan “inbasio”, “segurtasun falta” edo “osasun larrialdi” terminoak, ez horrenbeste “giza eskubide”, “babesgabetasun instituzional” edo “laguntza humanitario”.

Krisi humanitario horren aurrean Estatuak eginbeharrekoa agerikoa da, hirian geratzen diren 10.000 pertsonak penintsulatik banatu eta Marokoren, Israelen eta Ameriketako Estatu Batuen estrategia geopolitikoaren erdigunean egotea suertatu zaion 80.000 biztanleko hiria bakean utzi.

Faxismo espainiarrak argi esan du, baina, beraiek ez dutela inolako migratzailerik jasoko. Badakit horrek ez duela inor harritzen PP-VOXen politikak ikusita; aho zabalik utzi nauena, ordea, EAJ ere estrategia horretara batzea izan da. Horrela, Nerea Melgosaren (Ongizate, Gazteri eta Erronka Demografikorako sailburua) edo Txema Ezkerraren (Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzako arduraduna) hitz lotsagarriak entzun behar izan genituen abuztuan, beharrak bultzatutako migratzaile zaurgarriei Euskadiko ateak ixten, zinismo lotsagabez haien familiekin batu behar direla esaten.

Ez dakit zergatik harritzen naizen ordea, Ceutako krisia baino egun batzuk lehenago, uztailaren 28an, Donostian, Jon Insausti alkateak kale egoeran dauden 300 gaztek zuten otordu bakarra kendu eta elkartasuna debekatu zuela ikusita. Aitzakia hau izan da: otordu bat egunean ez dela nahikoa gizarte inklusioa bermatzeko eta beharrezkoa dela bide administratibotik egituratzen den erantzuna ematea.

Arrazoia duzu Jon, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak egiten duen lana guztiz beharrezkoa izan arren, ez da nahikoa. Baina zuk ere badakizu zergatik egin behar duten: zuen ardura diren instituzioetatik ez zaretelako ari lan hori egiten. KASen antolatzen diren hiritarrek zuen lana izan beharko litzatekeenaren ardura hartu dute, Jon, eta, zuk, zure hiriko biztanle ere badiren gazte atzerritarren eskubideak bermatu beharrean, hutsune instituzional hori bete nahian zebilen sare solidarioa kriminalizatu duzu. Harro egongo zara, Jon. Ez dakit zergatik jartzen dugun beti Alice Weidel, AfDko kidea, homosexuala izanda ere politika arrazistak egin daitezkeen adibide gisa, zu hain gertu izanda. Egin lo lasai Jon, zure etxe erosoan, jakinda zure hiriko kaleetan 300 pertsona daudela lotan, egunean otordu bero bat bera ere jan ezinik zure politiken erruz.

EAJren egungo politikak deskribatzeko kontzepturik egokiena nekropolitika da. Terminoa Achille Mbembe pentsalariak erabili zuen lehen aldiz 2003an Michel Foucault pentsalariaren tanatopolitika terminoa osatzeko. Tanatopolitika Estatuak biztanleriaren zati bat inolako erantzukizunik gabe erailtzeko duen boterea da. Faxismoa tanatopolitikoa da; instituzioetan, Vox-eko diputatu Figaredoren aurpegia hartzen du, migratzaileak ehizatu behar direla esanez, eta, kaleetan, berriz, Donostian bertan egon den gazte baten aurkako aire-konprimatuko tiroketaren forma. Nekropolitikak, ordea, ez du zertan jendea zuzenean erail, nahikoa da hiltzen uztearekin, hau da, heriotzara, gaixotasunera, indarkeriara edo bizigarriak ez diren bizi-baldintzetara sistematikoki kondenatzearekin. Horregatik, bost egun geroago Jon Insausti hipokrita gertatutakoa gaitzestera ateratzeak ez du ezer aldatzen. Tiroketak faxismoaren aurpegirik gordinena dira; EAJren politikak, ordea, logika bera normaltasun instituzional bihurtuta. •