Bigarren txistea
Mugaren kontzeptuak tragediak iradokitzen dizkigu, baina baita mila istorio xelebre ere. Galdetu bestela Josu Goia Berako alkate ohi eta HBko Mahai Nazionaleko kide ohiari. “Encuentros con la Guardia Civil” izeneko liburu bat atera zuen. Hainbat istorio barregarri kontatzen ditu, eta askok mugarekin lotura dute.
Nik irakurri dudan mugei buruzko txisterik onena nekazari poloniar bati buruzkoa da. 1939an Alemaniak eta Errusiak herrialde hori hartu zutenean, maparen gainean marraztutako mugak etxalde bat banatzen zuen erdiz erdi, eta nekazariari galdetu zioten ea nongoa izan nahi zuen, errusiarra ala alemana, eta honek, aukeratu behar bazen, alemana izatea nahiago zuela erantzun omen zuen, Errusian hotz handiak egiten zituelako.
Magrisen “Danubio” bera ere mugei buruzko liburu bat da, eta hasieran bertan agertzen diren etxe batzuek teilatuko isuri batetik ura ibai horretara botatzen dute, eta bestetik Rhinera.
Anjel Larrañagari uste dut entzun niola bera jaio zen auzoan bazela etxe bat sukaldea Azpeitian eta beste guztia Azkoitian zuena.
Umeak ginenean, mugen auzi hau misterioz betea iruditzen zitzaigun, pauso bat aurrera eman eta Errezilen baikeunden, eta atzera eman eta Azpeitian, Zumaiako flyscharekin Algorrin gertatzen den antzera: pauso bat aurrera ematen duzu eta 10.000 urte joan zara aurrera historian, pauso bat atzera eman eta 10.000 urte atzera.
Mugei buruzko istorioekin ari garela, entzun eta ikusi dudan bigarren txistea oso berria da. Orain hiru aste, Donibane Garaziko souvenir denda batean ginela, espainiar jubilatu bikote bat sartu zen “France” jartzen zuen oroigarri (iman bat nahi zuten) baten bila, familiakoen aurrean seguru asko Frantzian egon zirela frogatu nahi zutelako, eta ez zuten aurkitu, denda horretako souvenir guztiek “Pays Basque” jartzen zutelako. Haserretu egin ziren eta dendariaren aurrean hasi ziren kexatzen: «Ahora los vascos vienen aquí para vender sus ikurriñas», zioten. Saltzaileak gazteleraz zekien eta agertu zien Donibane Garazi Donostia edo Bilbo bezain Euskal Herria zela. Konta ziezaiekeen hiriburu hori Nafarroako Erresumako parte izan zela artean Espainia ezer ez zenean, baina zertarako, ez zuten entzuteko itxura gehiegirik eta ezer erosi gabe alde egin zuten, marmarrean, kalean barrena, “France” jartzen zuen iman baten bila. •