Hiperdomestikotasuna

Arkitekturaren zeregin nagusietako bat etxebizitzaren inguruko lanak egitea da. Edo ez, baina aukera zabalagoak daude arkitekto baten ohiko ibilbide profesionalean etxebizitza bat zaharberritu edo eraikitzeko liburutegi publiko bat egiteko baino, arrazoi kuantitatibo batengatik bakarrik bada ere. Arkitektoa etxebizitzaren eraikuntzan inplikatua dago, baina etxebizitzaren eskuragarritasunaren arazoa ez da gatazka espazial bat, merkatu higiezinak sortu eta mantentzen duen egoera bat baizik. Erosten den etxebizitzaren preziotik, etxe-espazioen arkitekturaren kostua zati txiki bat izatera iritsi da, hain dago prezioa eskandaluan.
Etxearen prezioa albo batera utzita, etxebizitzaren bizigarritasunak ere debate zabala ekarri du. Etxe-bakarrekoa zein kolektiboa izan, literatura arkitektoniko zabala ari da etxebizitzak nolakoak egin izan diren, egin behar diren eta nolakoak etorriko diren marraztuz eta kontatuz. Etxearen domestikotasunak jaso du gizarte garai bakoitzaren ezaugarri ekonomiko eta sozialen ondorioa. Higieneak garbitasuneko gelen iraultza bat sortu zuen etxeetan: komunaren ezinbestekotasuna, aireztapen eskakizunak, arropa eskegitzeko lekua, etxea garbitzeko erraztasuna material eta xehetasunetan. Sukaldeak elektrodomestiko txiki eta handiekin bete ditugu etxeko-lanak errazteko, etxe kanpoko soldatapeko lanak etxekoen denbora zati handia hartzen hasi direnean. Kontsumo ohiturek, gainera, biltegiratzeko espazioak handitu egin dituzte, inoiz baino armairu eta apalategi gehiago behar dira geletan, inoiz ez dira nahikoa.
Azken urteetako iraultza etxebizitzaren domotika eta digitalizazioaren txertaketa izan da, teknologiak etxeko bizitza erraztu nahi digulako. Etxebizitza gizakien txoko pribatua izan da betidanik, «etxetik barnerakoak etxean gelditzen dira», etxeko atearen bestaldean. Baina publiko eta pribatuaren banaketa, etxean egiten diren funtzioei dagokienean, desagertu egin da maila batean. Etxetik kanpo kontrola daitezke etxeetako ekintza asko: berogailua piztu, garbiketako gailua martxan jarri, labea programatu. Eta alderantziz, etxean burutu daitezke etxetik kanporako zeregin ugari: bankuko transferentziak, bazkaria etxera ekartzea, erosketa online-ak, zinema eta liburuak online, hainbat lanbideen bulego lanak etxetik egin daitezke, eta etxearekin harremanean diren kudeaketa gehienak etxeko zentraletik egingarriak dira eta, denboraren mugarik gabe, beti daude zabalik, gure eskaerak egiteko prest. Hodeiaren bitartekaritzak etxeko ekintzak publiko egiten ditu, algoritmoaren datu basera eramaten diren unean. Etxearen izaerak, domestikotasunak, espazialitate espezifikoa galdu du, eta domestiko leku asko bilakatzen dira.
Domestikoaren hedapenak esan nahi du etxeko bizitzaren digitalizazioa lurralde telekomunikazio-sare batek, teknologia digitalak ekoizteko baliabide naturalek eta gailuak erosteko gaitasun ekonomikoak ahalbidetzen dutela. Domestikoaren gaitasuna lurraldeetan zehar zabaltzen da, bizimodu azkarra eta eraginkorraren tranpa salduz eta oraindik ere etxearen hainbat zeregin subalternitatean utziz. •