Pepe Mujicaren ikasgaia

Pepe Mujica «itzultzerik ez dagoen lekura» abiatu da. Heriotzarekin borrokan aritu bada ere, oraingoan herio «sega prest» eta zorroztuta etorri da eta ez du hutsik egin. Alde eta molde guztietako jendea hunkitu gara. Izan ere, bere ibilbidea beste milaka militanteren eskutik egin badu ere, Mujicak izan du zer berezi bat. Zer da, ordea?

Joxe Azurmendik esaten duen bezala, krisi garaietan pentsamendua antropologizatu egiten da: «Etxepea hondatu zaionean, gizon-emakumeak bere buruarekin topo egiten dizu nonbait, eta bere buruaren korapiloekin». Egun antzeko atakan gaudela esango nuke: zerumuga kolektiboak urratuta, hortxe gabiltza gure buru eta korapiloak kudeatu nahian. Irakurrienetakoak diren autolaguntza liburuei gainbegiratu bat eman besterik ez dago: «Zer da gizakia?», «Zein da bizitzaren zentzua?»... Ñabardurak ñabardura, ezinegon horiek baretzeko ahaleginak dira.

Horren jakitun, neoliberalismoa bataila hori bete-betean jokatzen ari da. Thatcherrek esan zuen bezala, «ekonomia da metodoa, helburua arima aldatzea», eta jo eta su ari dira printzipio neoliberalak gure arimetan zizelkatzeko ahaleginean. Era oso sotilean egiten dute, gainera. Modan jarri diren coach ugari, esaterako, ezinbesteko katebegiak dira: kirolerako aholkuak ematearen aitzakian, bizitza ulertzeko modu oso bat planteatzen digute: «Zu ere errua besteei botaz? Utzi aitzakiak! Zu (bai, ZU) zara zure arrakasta eta porroten erantzule bakarra». Behin hori abiapuntutzat jota, nola ez da ba zentzuzkoa izango behar beste sakrifikatu ez diren «looser» eta alferrei dirulaguntzak kentzea?

Youtuber askok ere beste horrenbeste egiten dute. Ohiko irudikapenaren kontra, bideo motzak ez ezik ordu luzeetako saioak ere egiten dituzte, eta munduaren errelato oso bat zabaltzen dute: neandertaletatik gaur egungo gizakiotara, oihaneko lehia etengabe bat marrazten dute. Horien buru, merezimendu osoz, indartsuenak. Badakigu zein den kontrapartea: nagusi izatea lortu duenak zergatik ordaindu behar du zergetan berak (eta berak bakarrik) irabazi duenaren zati bat? Gehien merezi dutenek gehien eman? Ez dago eskubiderik! Ergo, eskubidea da bidea.

Pepe Mujicak ezin hobeto ulertu izan du borroka ikusezin horren garrantzia. Berak azaldu izan duenez, botere-sistemak ez dira soilik jabetza erlazioak, ezta aberastasuna sortu eta banatzeko era jakinak ere. Hori izateaz gain, «giza jokabidea arautzeko kultura subliminalen eraikitzaileak dira», gizakia, bizitza eta mundua ulertzeko era «naturalak» definitzen dituztenak. Horren aurrean, ez da nahikoa enpresa estrategikoak nazionalizatzea, ezta «programa, programa, programa» definitzea ere. Bere hitzetan, «borroka horren guztiaren erdigunean kultura desberdin baten eraikuntza egon behar da», eta horretarako, neurri politiko eta ekonomikoak gauzatzeaz gain, ideiak eta balioak «erein» behar dira, bestelako zentzu komuna ernatu dadin.

Tupamaroak, hain zuzen, horixe egin du. Ardura eta neurri instituzionalak garatzeaz batera, «munduaren errelato» alternatiboa zabaldu du, hizkera xehe bezain ederrean: bizitzaren miraria, gizaki kooperatiboa, “plataz” haragoko bizi zentzuak... Nire ustez, horrexek egin du berezi, eta horri eskerrak lortu du hain sektore ezberdinekin konektatzea.

Errelato horrek arriskuak ere baditu, noski. Bere figura eta esaldiak despolitizatzen eta eslogan merke bilakatzen saiatuko da sistema, beste askorekin egin bezala: «Bizitzan arrakasta izatea ez da irabaztea, erortzen zaren aldiro altxatu eta berriz hastea baizik», esango diote kale gorrian utzitakoari. Alabaina, egitasmo politiko eraldatzaileekin uztartuz gero, bulkada kolektibo berriak piztu eta sektore berrietara heltzeko sekulako potentziala izan dezake.

Zure sustraietatik sei kilometro eskasera, eskerrik asko, Pepe! Lurrak goxo har zaitzala. •