Lorategia

Lorategi guztiak ez dira berdinak. Ezta laguntasun guztiak ere.
Lorategi guztiak ez dira berdinak. Ezta laguntasun guztiak ere. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hemen pasatzen genituen udako arratsaldeak. Ihes egiten genion hiriari, presari, gasolinari, eta belar moztu berriaren usainak biltzen gintuen, maindire baten gisa. Zerua kolore batetik bestera jauzika sumatzen genuen, orain urdin, griskara gero, nabar ilunbistan. Laino abstraktuei forma zehatzak asmatzen genizkien; zaldi bat hura, mendi bat bestea, etxe bat haragokoa. Eta konturatzerako ihes egiten zigun arratsaldeak. Kezkatzen gintuenaz hitz egiten genuen, edo hobeto esanda, hitz egin ahala deskubritzen genuen zer zen kezkatzen gintuena, hari bati kontuz-kontuz tiraka hasi eta berez askatzen diren korapiloak bezala. Denak arinagoa, ederragoa eta errazagoa zirudien belaze haietan. Laguntasuna deitzen diote dakitenek. Guk ez genuen izenik behar.

Lorategi guztiak lorategi bera direla uste dute batzuek, baina ez, laguntasun guztiak ez dira berdinak. Bakoitzak baditu bere erle polinizatzaileak, bere zizare espeleologoak, bere hontza sagu-jaleak. Naturala deitzen diogu ia mirari bat denari; lorategiak ez dira berez hazten, zaindu egiten dira: kimatu, moztu, erein, landatu, elikatu, irauli eta ongarritu. Eta oreka hausten denean, errekak mendian behera bezala jausten zaizkigu urteetan pilatutako sentimendu eta sedimentu guztiak, amorru geldiezinez, maldan behera. Edo, beste batzuetan, lorategira begiratu eta belaze horitu bat baino ez dugu ikusiko; eguzkiak erretako landareak, itotako sustraiak. Noiz gertatu zen galdetuko diogu gure buruari, jada arrotz zaigun paisaia abandonatuaren parean.

Eta gaur ere hemen etzan naiz, gaztetan etzaten ginen zelai honetan. Belar luzatuak aurkitu ditut, gramineo zakarrak eta ia bidera ateratzen diren huntz lotsagabeak. Lehen kilima egiten zidaten belarrek azkura eragiten didate orain.

Noiztik ez nintzen etorri hona, zure babesera, pentsatu dut. Noiz hitz egin genuen azkenekoz. Geroztik agurtu baitugu elkar, elkarren aldamenean egokitu izan baikara, baina ez gara hariei tiraka hasi izan, korapilo bila. Bizitzak hazitako erreka batek lohiak bezala eraman izan gaitu, eta inertzia horren aitzakiapean egin diogu ihes elkarri. Eta orain sasiak aurkitu ditugu, oteak. Barraskilo oskolek kraska-kraska egiten digute azpian bizkarrak lurraren kontra jartzen ditugunean. Izan ginenak izan nahiko genuke berriz, baina sugeak sumatzen ditugu belaze harrotuetan zokomiran; akainak eta liztorrak daude ezkutuan, sugandilak belar artean paseoan, eta pentsatzen hasi gara, heldutasuna deitzen diogun ordena desordenatu honetara iristeko zenbat lorategi eder abandonatu ote genituen. •