Hierarkiaz

Gero eta ohikoagoak dira horizontaltasunaren aldeko diskurtsoak. Horizontaltasuna lan eremuan, horizontaltasuna harremanetan, horizontaltasuna espazioetan… Hierarkizatutako produkzio sistema kapitalista patriarkal baten aurrean sortutako mugimendu bat da, eta, bere helburuak rol tradizionalen apurketa eta berdintasunaren bilaketa dira.
Eztabaida hau arkitekturaren zelaian ere gero eta ohikoagoa da. Etxebizitza lehiaketak eta gradu amaierako lanak ikusi besterik ez dago mugimenduak arkitekto gazte eta ikasleengan duen eraginaz jabetzeko. Unitatearen (modulu) errepikapenaren bidez osatutako Tetris itxurako planoak gero eta ohikoagoak dira edonon. Ideia da etxebizitza osatzen duten espazio guztiek garrantzia berbera izatea, hierarkiak suntsitzea.
Modernitate osteko etxebizitzek oso modu argian banatzen zituzten lehen mailako espazioak (logela nagusia eta egongela), bigarren mailakoak (beste logelak, jangela…) eta hirugarren mailakoak (sukaldea, komunak, zerbitzu eremuak). Ez da harritzekoa gainera, hirugarren mailako espazio horiek nagusiki emakumeen zegozkien jardueretara bideratuta egotea: kozinatzea, garbitzea, zaintzea… Ez da harritzekoa horregatik ere, hierarkia honen aurka modu argienean egiten duten estudioak emakumeek zuzenduak izatea.
Bartzelonako Cierto Estudio da, seguruenik, espazio ez hierarkizatuen inguruan gehien sakondu duena eta moduluan oinarritutako arkitektura mugara eramaten ari dena. Orain dela gutxi, Bartzelonako Glories plazan, 238 etxebizitzako proiektu konplexu batean, 51 etxebizitza babestu eraiki dituzte ideia honi jarraiki. Egurra eta hormigoizko egitura uztartzen dituen eraikin horrek Mediterraneoko herrietan horren ohikoak diren patio, ataurre, begiratoki eta materialak metropoliaren bihotzean dagoen zazpi solairuko bloke batean modu zoragarrian integratzea lortu dute. Kolore, material eta formek eraikin alai eta bizi bat sortu dute paisaia gogor baten erdian.
Etxebizitzak, gela batez edo bi eta hiru gelaz osatuak, nukleo heze baten barruan antolatzen eta hedatzen dira erronbo formako espazio ia berdinak sortuz. Gela horiek logela, jangela zein egongela izan daitezke eta espazio errepikakorrak modu askean erabiltzearen aldeko aldarri bihurtu da Glorieseko eraikina. Kasu honetan sukaldea modulu bereizi (baina integratu) batean badago ere, estrategia hori jarraitzen duten proiektu askoren helburua espazio guztiak ahalik eta berdinenak izatea da.
Estrategia horren erakusgarri erradikalena Peris+Toral estudioak Cornellan eraiki dituen 85 etxebizitza babestuena da seguruenik. Eraikina osatzen duten modulu guztiak 3,6x3,6 metroko erretikulu batean daude sartuta, bai etxeko espazioak, bai igogailu edo eskailera nukleoak ere. MODULUS Matrix izenekoa RIBA International sari entzutetsuaren irabazlea izan zen 2024an.
Arkitektura modular honek aldatzen, egokitzen, hedatzen eta uzkurtzen diren etxeen ideian du jatorria, eta haren zantzuak 60ko hamarkadako arkitektura esperimentalean (Habraken) eta arkitektura erradikal utopikoan (Constant) aurki ditzakegu. Ideia horiek gerraosteko hazkunde betean zegoen gizarte optimista baten testuinguruan loratu ziren eta, kontzeptualki zein formalki interesgarriak izanagatik ere, egungo ikuspuntu ekosozialetik oso konplexuak dira gauzatzen. Aldagarritasun hori ahalbidetzeko materialak xahutu eta berriro produzitzea ezinbestekoa da. Horrek ez du esan nahi gaur egungo mugimenduak izaera kontsumista edo xahutzailea duenik; are gehiago, jasangarritasuna muinean daramate proiektu hauetako askok. Baina aldatzeko eta eboluzionatzeko gaitasun hori alboraturik, moduluaren interesa keinu formal hutsean geratzeko arriskua dago.
Hierarkiak espazioak modu arrazional batean antolatzeko gaitasuna du, espazio bakoitzari dagokion garrantzia eta erabilera egoki baterako behar duen azalera eskainiz. Izaera finkoago eta estatikoagoa badu ere (beti dago aldaketarako aukera minimo bat), gehiengoaren bizitzan ohikoak diren jarduerak modu erosoan egitea ahalbidetzen du ondo antolatutako etxe hierarkizatu batek. Hirigintzaren esparrura eramanez, Ildefons Cerdá-ren Bartzelonako zabalgunea da modulu errepikakorretan antolatutako hiriaren ideia mugara eraman duen proiektua, eta, proiektu horrek ere badu 20, 30 eta 60 metroko zabalera duen kale hierarkia.
Hortaz, korronte berri hauei ongietorria ematen diet, eta gure paisaian halako proiektuak loratzeak emango lidakeen poza adierazita (bereziki etxebizitza babestuak direla kontuan izanik), arkitektura eta hirigintza hierarkizatuak duen funtsa ez ahaztearen garrantzia ere azpimarratu nahi dut. Finean, eta sarritan esan dudan moduan, kontua ez da horrenbeste ZER, baizik eta NOLA. •