Jolas egiteko modu hori
Umetan jolas gehien egin genuen parkea bota dute. Ondotik kotxean pasatu naizenean konturatu naiz. Kolunpioak, txirrista, zaldi-zoroa, tobogan horizontala eta etxolatxoa; dena zen lurraren gaineko harri-pila. Eta zerbait sumatu dut tripan; pena eman dit.
Orain dela urtebete, gutxi gorabehera, beste nonbaiteko lagun batzuek ahorik aho ibili zuten haien herriko parkeen eraberritzearen kontua: bota egin omen zituzten lehenik, berriak eraiki gero. Gure umezaroan ezagutu ez genituen jolas egiteko moduak ezagutu zituzten lagun horiek orduan, parke berri batetik beste parke berri batera bidean. Pentsatu nuen nahi nukeela gure umetako parke kuttunek lehengo jolas egiteko moduetan iraun dezaten; dena den, parkeen tokian parkeak egiten dituzten bitartean, pozik egon gaitezkeela iruditu zitzaidan. Horrekin akordatu naiz gaur ere, gurean ere berdin gertatuko dela sinetsita, parke berri bat eraikiko dutela harri-pilaren gainean; «ez dezatela behintzat hotelik edo enpresa pribaturik altxatu hemen».
Harri-pila egin nahi dituzte, parkeak ez ezik, dena delako interesak asetzeko molestatzen duten etxebizitza-blokeak, basoak, gaztetxeak, mendiak, auzoak. Jolas egiteko modu hori omen da, gaur egun, lurrotan nagusi: bota, lehenik, berria eraiki gero.
Eta gu, askotan, ondotik kotxean pasatutakoan konturatzen gara parkea bota dutela, zerbait sumatzen dugu tripan, pena ematen digu, eta aurrera jarraitzen dugu, bi eskuak bolantean. Igual enteratu egin beharko naiz zer eraikiko duten umetan jolas gehien egin genuen lur zati kuttun horretan. •