Nerea Goti
Kazetaria

Lekeitioko Santa Katalina, gaua argitzeari utzi ez dion itsasargi baten istorioak

Santa Katalina Itsasargia.
Santa Katalina Itsasargia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ingurune pribilegiatuetan kokatuta, xarma berezia izaten duten lekuak izaten ohi dira itsasargiak, baina duten handitasuna kanpotik ikustera mugatzen ohi da haienganako bisita. Marinelentzako ezinbesteko izan diren eraikin horiek gutxitan erakusten dituzte duten zereginaren sekretuak. Bare dagoen itsaso bati begira aurkitu du GAUR8k Lekeitiokoa, harrotutako uren eta haizeteen lehen lerroko lekuko izateak utzitako zauri txiki batzuekin, baina tinko, hamaika bitxikeria kontatzeko prest dagoen paraje eder baten zaindari gisa.

Santa Katalina du izena, eta mende bat baino gehiago darama nabigatzaileei lurraren mugak erakusten. Orain bisitariei ere irekitzen dizkie ateak. Bi aldiz pentsatu gabe, ate horiek zeharkatu ditu GAUR8k, gordetzen duen historia eta kontatzen dituen istorioak ezagutzeko irrikaz. Hurbileko plan bat egitekotan, itsasargi baten magalean paseatu, inguruko kafetegian zerbait hartu eta bere barnealdea ezagutzea bezalakorik ez dago.

1862. urtean piztu zen lehen aldiz Santa Katalina Itsasargia. Euskal kostaldean dauden 15 itsasargien artean hierarkia bat dago, eta horren arabera neurtzen da bakoitzaren garrantzia. Lekeitiokoa bosgarren mailakoa izan zen garai batean, baina hirugarrenera igo zen. 46 metroko altuera du.

Denboran zehar hainbat aldaketa izan ditu. Oliozko lanparak petroliozkoek ordezkatu zituzten; kanpoaldeko balkoia harrizkoa zen, baina itsasoaren oldarrak kaltetu zuen eta metalezko bat jarri zen. Makina-gela izan zuen pasa den mendeko 50eko hamarkadan, eta sirena. Gaueko 22.00etan pizten da Santa Katalinan argia, eta ematen duen seinaleak berezitasuna ere badu. Sekretu horiek guztiak Endika Duran itsasargiko bisiten gidariaren eskutik ezagutu ditugu.

Itsasargiaren inguruko bitxikerietan sartuta, Duranek kontatu du erlojuaren orratzen noranzkoan doazela inguruko itsasargien argi-seinaleak, Lekeitiokoa izan ezik, alderantzizko norabidean baitoaz bereak. Seinaleek gordetzen duten kode horretan, Bermeoko itsasargiko seinalea omen da hurbilena, zazpi segundoan behin pizten dena. «Hemengoan, aldiz, hogei segundo irauten du zikloak eta hogei segundotan lau bider pizten da, luzeago bat den lehenengo argitze bat, gehi hiru labur», zehaztu duenez. Bermeotik harago, Bilborako noranzkoan, Gorlizko itsasargiaren seinalea da agertzen den hurrengoa, eta kasu horretan, «luze bat eta bi labur egiten ditu 12 segundotako zikloetan», azaldu duenez. Gaur egun, Lekeition automatikoki pizten da sirena lanbroa dagoenean, eta morse kodean Lekeitioren “L” seinalea bidaltzen duela kontatu digu Duranek. «Seinale horiek irakurtzen dakien nabigatzaile batek jakin dezake zein itsasargirena den seinalea», erantsi du.

Informazio horrek sekulako garrantzia zuen garai batean. Gaur egungo potin txikiek ere GPSa eta radar bezalako sistema aurreratuak dituzte, baina eguraldi txarraz ohartarazten duen sirena hori jotzen jarraitzen du Santa Katalinak, eta bere argi-seinalea ez da sobera egoten den zerbait norabidea finkatzeko orduan, hala azpimarratu du Duranek.

Endika Duran, itsasargiko gidaria. Aritz LOIOLA | FOKU

ATEAK ZABALIK DITUEN BAKARRA

Urte osoan zehar bisitetara zabalik dagoen itsasargi bakarrenetako bat da Lekeitiokoa. Ordubete inguru irauten du bisitaldiak, zeinak informazio eta esperientzia ezberdinak uztartzen dituen. Kanpoaldean jarritako karteletan ikusgai dagoen informaziotik hasita barruan aurki daitezkeen elementuetaraino, hainbat datu eta istorio interesgarri ikus daitezke ibilaldian. Horien ondoan, gainera, marinelen azalean jartzeko esperientzia bizitzeko aukera eskaintzen du Santa Katalinak. Horretaz, informazio ofizialak hurrengoa baino ez dio: «Kostaldean barrena nabigatuko duzu eta bidaia horretan ezusteko bat baino gehiago biziko duzu».

Eskailera aldapatsuak jaitsi behar dira itsasargira heltzeko. Itsasoari begira dagoen gela handi bat da ongietorria egiten duen lehenengo lokaletako bat, bilerak egiteko espazio gisa erabiltzen ohi dena. Sekulako esperientzia izan behar da bertatik ekaitz bat bizitzea, itsaso zabalera begirako leihoz inguratuta baitago gela. Itsasoko ekaitz handiekin lotutako arriskua da sortzen zaigun lehen ideia, baina Duranen arabera, haizea izaten da Santa Katalina gogor kolpatzen duena.

Informazioaren zati bat paneletan dago ikusgai, euskal itsasargi ezberdinen inguruko datu teknikoak ematen baitituzte. Historiak ere badu asko kontatzeko, zeren itsasargiak bizitokiak ziren. Santa Katalinan, farozaina bizi zen familiarekin, Laureano Diaz Benitez cadiztarra. Bertan jaio ziren beren bost seme-alabak, eta bizi baldintzak ez ziren errazak izango. Alde batetik, itsasargiaren zeregin guztiak zituen farozainak, egunero errutina zehatz bat eskatzen zutenak. Horrez gain, pentsatzekoa da neguak, haizeteek eta enbatek ez zutela bizimodu gozoa emango.

Lekeitioko farozainak Matxitxako lurmuturreko faroan egin zuen lan 40ko hamarkadan, ondoren Lekeitiokoan aritu zen teknikari gisa 1981. urtera arte. Ondarroako eta Lekeitioko portuetako argiak mantentzeko ardura zuen, baina Duranek azpimarratzen duenez, kontuan hartzekoa da garaiko teknologiarekin berebiziko garrantzia zuela farozainen lanak, dedikazio handia eskatzen zuen eta. «Berak kontrolatzen zuen dena, 24 ordutan», azpimarratu du.

Itsasargian eskura dagoen nabigazio simulagailua. Aritz LOIOLA | FOKU

«FERMIN, GORA, JAUNGOIKOAREN IZENIAN, ITSASORA JUTEKO!»

Beste bitxikeria bat azaldu du Duranek; eguraldi garbiarekin Santa Katalinatik sekulakoak dira dauden bistak, eguraldi garbiarekin euskal kostaldearen zati handi bat ikus baitaiteke. Ea, Ogoño, Mundaka, Bermeo eta La Gaviotako plataformak daude handik ikusgai, baita Getariako arratoia, Santa Klarako irla, Larhun eta iparraldeko kostaldearen zati bat ere. Duranek kontatu du Donostiako Aste Nagusiko su artifizialak ikus daitezkeela handik, hodeirik ez badago. Ikus daitezkeen itsasargiei dagokienez, «Bilboko hirurak -Billano (Gorliz), Punta Galea eta Getxokoak- dira ikusten ez direnak, Bermeoko lur muturrak estaltzen dituelako», zehaztu du gidari gazteak.

Santa Katalinak argia eman nahi izan die, bestalde, emakumeek egindako lanei. Saregileak edo neskatilak bezalako lanbide ezagunen ondoan, dolarea kudeatzea eta sagardoa egitea zen zuten zereginetako bat, eta garrantzi handia zuen lan horrek, sagardoa funtsezko elementu bat izan zen nabigaziorako, eskorbutoak milaka marinel hiltzen zituenean. Sagardogintzari esker, oso baja gutxi egoten zen euskal ontzietan, falta zuten C bitamina baitzuen tripulazioak.

Itsasargiak entzungai ditu, gainera, memoriarako geratu diren audio-artxiboak, eta horien artean emakumeek goizaldean kalerik kale arrantzaleak lanera ahoz deitzen zituztenekoak daude. «Fermin, gora, jaungoikoaren izenian, itsasora juteko», entzun daiteke horietako batean. San Pedro eguneko Kaxarranka, Garraitz irla... Nabigazioarekin eta tradizio ezberdinekin lotutako informazio horrek penintsula osoko bisitariak eramaten ditu ikasturte osoan zehar Santa Katalinako paraje ederretara, baina baita frantsesak eta estatubatuarrak ere.