Kazetaria / Periodista

Hizkuntza, uhartea, etxea

Deserriek edo piratek ez zuten isildu, ez eta Italiaren hizkuntza-politika baztertzaileek ere. Gaurdaino bizirik irauteaz gain, tabarkinera osasuntsu dago sardiniar uharte txiki batean.

Carloforteko harresi albotik paseoan.
Carloforteko harresi albotik paseoan. (Karlos ZURUTUZA)

Mapan puntu ñimiño bat baino ez da San Pietro uhartea. Hain da txikia, ezen ez baita erraza Sardinia erraldoiaren alboan topatzea, haren hego-mendebaldean. Hizkuntza-mapa bati esker baino ez diogu erreparatu, arrosa kolorez bereizita. Antza, bertakoak ez dira ez sardinieraz ez italieraz mintzo; tabarkinera dute ama-hizkuntza uhartekoek, ia denek. 6.000 lagun inguru dira Carloforten. Irlako herri bakarra da.

Egia da: turisten neurrira egindako leku horietako bat ematen du, Sardinian ferrya hartu eta egunpasa eder bat egiteko modukoa. Guk, baina, hizkuntza “txiki” eta ezezagun hura entzutea dugu helburu. Portuko pasealekuko terraza batean, zerbitzaria eta gure aldameneko apaiza italiera edota sardiniera ez zen horretan ari ziren. Carloforte barnerantz jo, eta oraindik entzuten dugu harrizko kaleetan zehar, pastel koloreko etxe eta eliza barrokoen artean. Erraz erreparatu diogu bere doinuari.

«Hemen denok hitz egiten dugu: haurrek beren aitona-amonekin, irlatik noizbait abiatu eta itzuli direnek... Bertako batekin ezkondu diren kanpotar batzuek ere bai, ez pentsa!», bota digu Ana Maria Garbarinok. Carloforteko liburuzaina da, eta bere lantokian topa daiteke komunitate berezi honi buruz argitaratutako guztia. Asko ez bada ere, apal horietan dago dena. Garbarinok bere familiaren historiaz irudikatu du irlarena: adar bat Carlofortekoa du, eta Genovakoa, bestea. Azken horretatik iritsi zen bere arbaso bat San Pietroko itsasargia eraikitzeko. «Alde biak, alabaina, toki beretik datoz», gogoratu du emakumeak, irribarre batez.

GENOVA, AFRIKA, SARDINIA

XV. mende amaieran, arrantzale genovarrek gaur egungo Tunisiako kostaldeko bey (printze) baten baimena lortu zuten eskualde hartan korala ustiatzeko. Tabarka izeneko penintsula txiki batean instalatu ziren; bertan, harresi batek inguratutako eliza bat, etxe sorta bat eta hainbat biltegi eraiki zituzten. Oraindik ere bisita daitezke haien aztarnak. Arrantza oparoa zen koralezko lorategi hartan, eta kolonia hura erauzketa plataforma emankor bilakatu zen. Aldi berean, piratek bahitutako kristauak bertan askatzen zituzten erreskate truke. Genovarrek bi mendez ustiatu zuten hura, Tunisiako printzeei urteko diru-saria ordainduta. Bat-batean, zerga biziki garestitu zen, eta araudi berriak ezarri zitzaizkien. Kolono kopurua hasierako 600etatik 2.000 izatera pasatu zen, eta tunisiarrak ez zuen hazkunde hura begi onez ikusten. Bestalde, korala urritzen hasia zen; ez, ordea, berberiskoen erasoak…

Errepublikaren plaza herriko topagune nagusia da. (Karlos ZURUTUZA)

«Bizitza miserablea da, eta etengabeak, arriskuak», idatzi zuen 1738an Francesco Napolik, Tabarkako izen ospetsuenetako batek. Ez zuen esajeratzen. 1741. urtean, tunisiar printzeari postua bereganatzea eta genovarrak preso hartzea otu zitzaion. Ia heren bat hil zen Afrikako esklabotzan lehen hiru urteetan. Bizirik iraun zutenek Aita Santuaren eta Europako zenbait nobleren babesa jaso zuten; Sardiniako Carlo Emanuelerena, besteak beste. Askatutako esklaboetako batzuk San Pietrora eta ondoko San Antioco uhartera eraman zituzten, eta Alacanteko kostaldera beste zenbait. Azken horri “Nueva Tabarca” deitu zioten. Ezer gutxi jakin zen Tunisian geratu zirenez.

San Pietrora iritsi berrien hizkuntzak -Genovako aldaera erromantzea- sardiniera eta italierarekin egin zuen topo, eta horrela hasi zen eraldatzen. Tamazight edo arabiera mintzairetatik, ordea, ezer gutxi jaso zuen, erlijio banaketa hura harresi bilakatu zen eta. Hala baieztatu du ikerketa genetiko berri batek ere. Isolamendu horren ondorio izan liteke Carloforteko miopia mota berezi baten kasuistika handia ere. Genetikariek «uharte barruko uhartea» dela ondorioztatu dute.

Miraria dirudi beren hizkuntzak uhartetxo horretan orain arte iraun izanak. 1861ean, Italia batu ondoren, italiera nagusitu zen hizkuntza ofizial bakar gisa, tokiko hizkuntzak mespretxatuz. XX. mendeak faxismoa ekarri zuen, eta hark, hizkuntza gutxituen inguruko debekua: Italiako aldaera germanikoak, eslaviarrak, grekoak eta albaniarrak bortizki zapaldu zituzten, eta mosaiko erromaniko oparoa «italieraren dialektotzat» jo zuten. Erromak 1999tik hamabi hizkuntza gutxitu «historiko» aitortu eta babestu arren, tabarkinera ez dago zerrenda horretan. Beraz, patioan baino ezin da entzun Istituto Comprensivo Carloforte-n, irlako Lehen Hezkuntzako eskolan. Carloforteko Errepublikaren plazan, bertako lau ficus ederren gerizpean, haurrak topatu ditugu tabarkineraz jolasten. Hizkuntza baten osasuna neurtu nahi denean, hiztun kopuruak baino gehiago, adinaren batez bestekoak ematen du pista gehien. Lasaitua eman digu plazan ikusi eta entzundakoak.

“Il salotto di Carloforte” (Carloforteko egongela) deitu ohi zaio herriko puntu neuralgikoari; hala kontatu digu, bertatik, Maria Carla Sicilianak. 75 urte ditu, bai eta indarra ere sobera tabarkinerazko asteko irratsaioa ekoizteko. «Kalean egindako elkarrizketak, bertako gaiak, festak, ezkontzak, hiletak... Beti dago zer kontatu», dio, Facebookeko bere orria mugikorrean harro erakutsi ostean.

«Hizkuntza oso bizirik dago komunikazio mailan, bai, baina, beste asko bezala, mehatxupean dago. Hau ez da uharte magikoa», azpimarratu du Andrea Luxorok, plazan bertan duen liburu-dendan. Aski ezaguna da 45 urteko filologo eta antropologo hau tabarkineraren aldeko aktibisten artean. Dioenez, Erromak beren hizkuntzari bizkarra ematen dion arren, Sardiniak diruz laguntzen du argitalpenak, hizkuntza-ikastaroak, irratsaioak eta antzekoak aurrera atera ahal izateko. Ahalegin oro ongi etorria da mehatxuei aurre egiteko garaian. Cagliariko Unibertsitateak 2023an egindako azterlanak 3.500-4.200 hiztun aktibo zenbatu zituen. Biztanleriaren %80k hizkuntza ulertzen du eta %60k egunerokotasunean hitz egiten du. Erabilera, alabaina, biziki jaisten da 25 urtetik beherakoen artean.

Andrea Luxoro (eskuinean), Aste Santuko ospakizunetan. (Karlos ZURUTUZA)

Cagliarin bizi ziren carlofortetarren semea da Luxoro. Gaztetan, ahal zuen bakoitzean bueltatzen zen uhartera, eta dagoeneko hamabost urte pasatu dira bertan gelditzea erabaki zuenetik. Duela bost mende Afrikara joandakoen abizenetako bat da berea. Grosso, Danovaro, Leone, Rosso... Horiek denak bertan nahiz Alacanteko Nueva Tabarcako erroldan ere topa daitezke oraindik. Hizkuntza, aldiz, betiko desagertu zen San Pietro baino txikiagoa den uharte hartan.

Luxorok Genovako bandera (zuria eta San Jorgeren gurutzea, gorriz) paratu du bere dendaren sarreran, Italiakoaren eta Europako Batasunekoaren erdian. Identitateaz baino, nahiago du «kidetasunaz» hitz egin. «Bi aukera daude: armadura bat jantzi eta, besterik gabe, zure identitatea defendatzea, edo haren konplexutasuna aztertzea, erabat ulertu arte. Azken horrek denbora eskatzen du, hainbat geruza baitira gurean: italiarra, sardiniarra eta tabarkinoa», gogoratu du gizonak.

Identitatea, kidetasuna edo dena delakoa Carloforteko edozein jatetxetan dasta daiteke. Besteak beste, kuskus plater hori prestatzen dute, Tabarkan emandako denboraren lekukoa. Garbantzu-irinezko opil gazi hura, aldiz, Genovan ere aurki daiteke gaur egun. Nolanahi, errezetak baino askoz urriagoak dira tabarkineraz idatzitako liburuak. «Gurean, azken urteetako fenomeno hutsa da literatura. Testu zaharrenen artean, Enrico Grassoren maitasun sonetoak ditugu. XIX. mende amaierako bertako poeta autodidakta bat zen. XX. mende hasieran, tabarkineraz deskribatu ziren hainbat arrantza puntu. Ez dago askoz gehiagorik», dio Luxorok.

Galderak ez gaitu askatzen: nola iraun du hizkuntzak gaurdaino?

Luxoro erantzuten saiatu da: «Zutabeetako bat jatorri komunaren sentimendua da, eta hori proiektatzen dugu kanporantz». «Uhartetasun» hitza ere erabili du, eta irlan lana dagoela azpimarratu du, «batez ere itsas sektorean». Hein handi batean, babesgune ekonomikoa ere bada San Pietro. 40 minutu baino ez dira, ferryz, Italiako eskualde txiroenetako bateraino.

Kalea izendatzeko afixa, tabarkineraz. (Karlos ZURUTUZA)

Irlako asko legez, Betty Cabula ere San Pietroko Eskola Nautikotik igaro zen. Makinista ikasketak burutu arren, 47 urteko emakumea ez da inoiz lanean aritu itsasontzi baten sabelean. «Garai hartan oraindik ere gaizki ikusia zegoen emakume batek itsasontzietan lan egitea», gogoratu du, Carloforteko Lungomare-n paseoan. Gure alboan porturatzen diren ferry horietan lan egin ezinik, Cabulak familiaren musika-tradizioari eutsi zion; egun, haurrei bertako abestiak, kondairak eta bestelako kultur adierazleak erakusten dizkie. Dioenez, garrantzitsua da ondare hori belaunaldi batetik bestera pasatzea. Herriaren biziraupenaren gakoa delakoan dago.

Haurrekin lanean hasi aurretik, Bettyk Londresen eman zituen hainbat urte, musikaren munduan murgilduta. Han geratzeko aukera izan arren, etxera itzultzea erabaki zuen. Ohiko joera omen da: «’La malattia dello scoglio’ deitzen diogu sentimendu horri (arrezifearen gaixotasuna). Finean, denok itzultzen gara uhartera».



Europako hizkuntza-aniztasun handiena

Italiera estandarra herrialdeko hizkuntza ofiziala bada ere, aldaera eta hizkuntza gutxitu ugarirekin batera bizi da. Gaur egungo italierak Toscanako aldaera du oinarri, hizkera horri ospe handia eman baitio Dante, Petrarca eta Boccaccioren mintzaira izateak. 1861eko batasun politikoaren ondoren, italiera hizkuntza nazional gisa finkatu zen, une hartan populazioaren zati txiki batek hitz egiten bazuen ere. Gainerakoek tokiko aldaerak erabiltzen zituzten, eta horietako askok bizirik iraun dute gaurdaino. Egungo italiar gehienak elebidunak dira, italiera eta aldaera edo tokiko hizkuntza menderatzen baitituzte. Italiar aldaerak sistema autonomoak dira; gramatika eta hiztegi propioak dituzte maiz. Horien artean, napoliera, siziliera, veneziera, lonbardiera edo piamontera nabarmentzen dira. Sardiniera, ordea, hizkuntza independentetzat jotzen da familia erromantzeen barruan. Bestalde, Italiak eremu urriko hamabi hizkuntza historiko aitortzen ditu 1999tik, hala nola Hego Tiroleko alemana, Aosta haraneko frantsesa, friulera, arberiera, Algheroko katalana, Calabriako greziera, esloveniera eta sardiniera, besteak beste. Batzuk osasuntsu daude, eta desagertzeko arrisku gorrian beste zenbait: katalana, hegoaldeko greziera edota Moliseko eslaviera, kasu. Italiak kontinenteko hizkuntza-aniztasun handiena duela esan ohi da. Nolanahi, italiar estandarrak eta globalizazioaren presioak belaunaldien arteko transmisioa mehatxupean jarri dute honako altxor hau.