Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Epe luzera, arnasa luzean

Epe luzeko etorkizuna serio hartzen duen herriak ezberdin prestatu, imajinatu, erabaki, eraikiko luke. Eta herritarrak, besteen arbaso, zibilizazio bateko protagonista, askoz handiagoa den zerbaiten partaide sentituko lirateke.

Auguste Rodinen “Pentsalaria” eskultura ezaguna, bere existentziaz galdetzen duen eta pentsatzen duen pertsona  arrazionalaren sinboloa.
Auguste Rodinen “Pentsalaria” eskultura ezaguna, bere existentziaz galdetzen duen eta pentsatzen duen pertsona arrazionalaren sinboloa. (WIKIPEDIA)

Ondo gogoan dut Arrasateko kide punk hark bileretara ekartzen zuen kamiseta: “No Future”. Eta agian Sex Pistols taldea ez zebilen oker: ez dago etorkizunik, ez zuretzat ezta niretzat ere. Etorkizuna, agian, letra larritan idatzita ere, ideia bat besterik ez delako, proposamen bat, eszenatoki bat, tramankulu zoro baten zirriborroa. Agian, hori baino ez da: kontatzen dugun historia, esperantzazko narratiba bat, edo beldurrezkoa, edo harridurazkoa. Aspaldidanik baztertzen aritu garen historia bat.

Eta hortxe segitzen dugu, bizitzaren lokatzetan, promesa utopiko eta mehatxu distopikoen artean borrokan, altxorrez betetako lurralde minatu batean. Edozer gerta litekeen etorkizun bati aurre egin nahian. Arma nuklearrek eta espezieen desagertze masiboek paralizatuko gaituzte? Edo espaziorako bidaiek eta molekulen tamainako ordenagailu berriek askatuko gaituzte?

Ez dugu horren inguruan pentsatzen hasteko gogo handirik. Hori da gure geurekoikeriaren forma pekuliarra, etorkizunarekiko indiferentzia kuriosoa. Zibilizazio teknologiko lez, gure arrakasta harrigarriak autokonplazentziara ekarri gaitu, gauzak hobetzen jarraituko dutela sinestera. Baina zibilizazio handia izan zenaren burbuila distiratsua nola lehertuko den ikustear egon gaitezke. Gure indar suntsitzailearen neurria kontuan hartuta, Aro Ilun betean kolapsatzear dagoena.

AZKAR ERABAKI ALA HIL

Etorkizunaren ideia bat berpiztea, epe luzean pentsatzeko mekanika berriztatzea, posiblea al da? Ez lehengo forma berdinetan, baina bai neurri berean, etorkizunaren ideia bat berrezartzea? Ondorengoei ez diegu bakarrik etorkizuna uzten, oinordetzan ere jasotzen dugu. Hartara, etorkizuna ardatz, luzera pentsatzea, arnasa luzean ekitea, euskal jendearen jokaera normala, naturala, egin al daiteke?

Denbora luzez animalia arrazionalena garela sinetsi dugun arren, Bertrand Russellek zioen bezala bizitza osoa ematen dugu baieztapen horren frogen bila, eta oso gutxi aurkitzen ditugu. Aldiz, autoengainurako gure joera naturalaren froga sinesgarriagoak aurkitzen ditugu: besteak egiten ditugu gure hanka-sartzeen errudun, eta pazientziak emaitza hobeak ekarriko lituzkeen kasuetan erabaki inpultsiboak hartzen ditugu.

Ondo pentsatuta, zer gara ba? Elikadura, mehatxu edo ugalketaren inguruan, di-da batean, erabaki azkar-azkarrak hartu behar izan zituzten animalien ondorengoak gara. Gure arbasoek ez zuten deliberatzeko denborarik, ezta batzar parte-hartzailerik eta eztabaidarako dinamizatzailerik ere. Erabaki azkar oker bat bizirik segitzea zen, superbibentzia kontua. Esan liteke irrazionaltasunari esker, edo gutxienez irrazionaltasun mugatu eta pragmatiko bati esker, bizirik iraun dugula.

Baina azkartasunaren eta zehaztasunaren arteko oreka horrek inperfekzioak ere ekarri dizkigu, presazko burubidea. Horrela eboluzionatu omen dugu: testuinguruaren araberakoa eta moldagarria den pentsamendua jasoz, logikoa eta probabilitateen araberakoa ez dena, baina bai bizirik irauteko adina egokia. Horrela programatuak omen gaude: mehatxuak detektatu eta besteen jokaerak aurreratzeko, esanahia ez dagoen tokitik esanahiak ondorioztatzeko. Maisuak gara horretan, inongo loturarik ez duten fenomenoetatik kausa eta ondorioak bezala, anekdotetatik konklusio orokorrak di-da ateratzen.

ETORKIZUNAK ITXARON

Zer dakit ba, hemendik hamar mila urtera, nolakoa izango da Euskal Herria? Imajinatzen duzu egun hori? Sinesten duzu etorkizun hori gertatu ahal dela edo gertatu behar dela? Hor bada, bai, tentsio aldakor bat, anbiguotasuna eta bere liluraren artekoa, etorkizunaren promesa distiratsu eta mehatxu ilunarena, nolabait, munduak eta Euskal Herriak, aurrera egiteko hartuko duten forma bitxi eta tragikoen ingurukoa.

Badirudi galdu egin dugula ehun urte barru zer izango den imajinatzeko ahalmena, borondatea, edo data horretatik aurrera egiatan etorkizunik existituko ote den sinesteko fedea, esperantza hori faltako balitzaigu bezala. Eta agian bai, etorkizuna bere mikrotxip eta 24/7 berri zikloekin etorri zenean, orduan utzi genion etorkizunaz hitz egiteari.

Galdetu lagunei, gazteei: gero eta gehiagok uste dute mundua zuzen-zuzen pikutara doala, etorkizunik ez dagoela. Nolabait, liburu baten azken atalean gaudela, azken paragrafoan ez bada. Eta jada kondenaturik gaudenez, ba poz poxi hori, baikortasun printza ñimiñoa, urtebetetzea ospatzeko jaian, datorren aste-bukaerako planean edo hurrengo Aste Santuko oporretan aurkitzen dutela.

Ironikoa da: teknologikoki inoiz baino boteretsuago garenean, mendeetan sentituko diren aldaketa globalak eragiteko ahalmena dugunean, gure pentsamendu eta sistema sozial gehienak oso epe motzekoak dira, gero eta epe motzagokoak. Industriak galdu-irabazien kontuari eta hurrengo akziodunen batzarrari erantzun behar dio, politikariak hurrengo hauteskundeei, komunikabideak berehalako erreakzioei. Arnasa eta epe luzea, gizakien benetako interesa geroratuz.

TRESNA-KUTXATXO BAT

Eboluzioak opari harrigarria ere egin zigun: istant batean, segundoen eskalatik urtetara, mendetara, pentsatzera aldatzeko gai den imajinazio trebea. Denbora horizonte ezberdinen artean dantzatzen duen adimena.

Epe luzera pentsatzeko beharra premiazkoa den honetan, nola borrokatu «di-da, orain eta hemen» horren tirania? Erantzun erraza da epe-luzera pentsatuz, patxadaz, metodikoki. Baina arazo bat dago: ez dakigula hori nola egiten den.

Has gaitezke oinarrizko galdera batekin: zenbat da epe luzea? Ahaztu hilabete eta hamarkaden eskala. Eta hartu mendea, ehun urte. Bizi-itxaropen luzetxo baten neurria, hilkortasunaren mugetatik pixka bat harago eramaten gaituena, etorkizunean eragin bai, baina parte hartzen utziko ez diguna.

Epe motz miopearen mendeko gara. Puztu eta puztu, lehertu gabe puxika puztu daitekeela uste duten umeak bezalakoak. Baina horrela erori dira zibilizazioak, epe luzera pentsatu gabe epe motzeko erabakiak hartzeagatik. Zerk, zeinek, bultzatua da presentismo antzu hau? Distrakzio digitalaren kliken botereak ezagutzen ditugu. Ezaguna da, halaber, Erdi Arotik erlojuak agindu duen tirania gero eta zorrotzagoa. Erloju mekanikoa Iraultza Industrialaren ezinbesteko makina izan zela. Eta oraindik ere, eskumuturretara lotuta, pantailetan grabatuta, gure egunerokoaren jabe direla.

Epe luzera pentsatzen hasteko, umiltasuna abiapuntu egokia da. Azken buruan, gizakiok 200.000 urte baino ez dauzkagu munduan, historia kosmikoan begien kliskatxoa baino ez gara. Umiltasuna, gure ekintzen ondorioak gure bizitzetatik harago doazelako: eboluzionatzen milaka milioi urte behar izan zituen mundua arriskuan jarri dugulako bi mendetan.

Legatuaren mentalitatea eta belaunaldien arteko justizia ere behar dira. Iraganeko ondareen oinordeko garelako, lehen hazia landatu edo gure herriak eraiki zituztenena; hurrengo belaunaldiaren etorkizunaren jabeak ere bagarelako. Baina arbaso txarrak ere badaudenez, inoiz oroituko al gaituzte ezagutuko ez ditugun euskaldunek? Zer pentsatuko dute gutaz etorkizuneko arrotz unibertsalek? Katedralen pentsamendua deritzona ere ongi etorria da, gure bizitzaren ziklotik haragoko proiektuak planifikatzea eta eraikitzea behar-beharrezkoa delako.

Denboraren errebelde bilakatzeko ordua da, etorkizunean iraungo duten ekintzei oratzekoa. Denboraren horizonteak astindu eta zabaltzeko momentua orain da.