Baskoiak meme bezala

Zaila da hainbeste informazio eskuragarri dagoen garaian ganorazko gauzak topatzea. Edonork egin dezake irudi bat edo mapa bat adimen artifiziala erabilita, eta hark, sarean topatutako gauzekin, hala-nolako budina sortzen du, batez ere errekonstrukzio historikoak egitean akatsez josita egoten dira; eta horiek berrerabiltzen dituenez, akatsak iltzatuta geratzen dira. Zenbat denbora pasa dezakedan, esate baterako, VII. mendeko jendearen bizimodua aztertu nahi badut ikasleekin, hala-nolako irudi egokia topatzen…
Lasaigarria izaten da zentzu horretan Espainian argitaratzen duten historiari eta arkeologiari buruzko “Desperta Ferro” aldizkaria. Estilo kontuak eta hautu estetiko zehatzak gorabehera, irudiei eta horien fidagarritasunari garrantzi handia ematen baitie eta aldizkariko testuak gaian espezialista diren ikerlariek idazten baitituzte. Baina abuztuan sorpresa hartu nuen. Baskoiei buruzko monografikoa argitaratuko zutela aurreratu zuten, eta azaleko irudia ikusita, han non agertzen diren “8 apellidos vascos”-eko bi protagonistak, Antzinaroko baskoiz jantzita. Broma da, pentsatu nuen, hau txiste bezala jarri dute, ezinezkoa da, ea nolakoa den benetako azala.
Zoritxarrez, ez zen egia bakarrik. Urrian, aldizkaria kioskora iritsi bezain pronto eskuratu nuen, eta hurrengo egunean albisteen artean zegoen aipatu azala. Baina ez Clara Lagoren eta Dani Roviraren irudiarengatik. Irulegiko eskuaren marrazkian, Dani Roviraren irudiak lepoko bezala daramana, karaktereen artean “España” hitza idatzita zegoelako baizik. Broma polita iruditu omen zitzaion marrazkilariari, euskararen historia ulertzeko funtsezko aurkikuntzan gogoraraztea espainolak garela, guk nahi zein ez.
Zenbakia berehala erretiratuta eta barkamena eskatu ondoren, badirudi argitaletxeak kontratua eten duela irudigile horrekin, eta aldizkariaren zenbakia berrargitaratu dute, Irulegiko eskua handi-handi ezarriz azalean. Erreakzioa azkarra eta profesionala izan da, hori espero daiteke dibulgazio historikoa mimoz egiten duen argitaletxe batengandik. Hala ere, nik uste irudigileak ez zuela halakorik espero. Urteetan ekarri dut orrialde hauetara euskaldunen “vayasemanizazioa”, pertsonaia barregarri eta pintoreskoak bagina bezala. Berriz ere, frankismo garaiko “Josechu el vasco”, “los once aldeanos”, “Txomin del Regato” eta “Pello Kirten” gara. Espainiako salbaia jatorrak, gazteleraz hitzak gaizki ordenatuz hitz egiten dugunak, On Kixoteren aurka borrokatzen zuen bizkaitar noblearen gisan.
Laurehun urtez espainiarrek errepikatu duten estereotipoa besterik ez gara. Ez gaituzte ikusten eskubide politiko eta zibilak ditugun herri bezala, nahiz eta behin eta berriro azaldu eta adierazi diegun, onera zein txarrera. Hainbestekoa da ETB2 erdaldunari esker geure buruari barre egiten ikasi omen genuenetik iltzatu den ideiaren indarra, ezen irudigile profesional bati guztiz normala begitandu baitzaio antzinako baskoiak “8 apellidos vascos”-eko pertsonaiak izatea eta “España” hitza idaztea. Ziurrenik, erromatarrak iritsi zirenean, latin traketsean angulak jatera, harriak jasotzera eta San Mames ikustera eraman zituzten, ezta? •

Adina ez da oztopo, eta Euskal Selekzioa munduko txapelketa gogotsu jokatzen ari da

Erresilientzia: igeri egiteko ala itotzeko tresna?

«Gatazkaren memorian gazteek beraien ikuspegia inportantea dela sentitu behar dute»

Itsasoa maitatu eta babestuz

