Karkaxa eta tanpoia

Ezagutzen dugu ibilbidea, gure herrian ari baikara korrika. Baina lasai atera ninteke atzerriko edozein krosetan, aurretik doakiguna bezalako korrikalari eskuzabalez josita baitaude lasterketak. Hanselek eta Grettelek harriak edo ogia nola, hala botatzen du eztarritik karkaxa lurrera, mapa bat izan dezagun 10 kilometroak osatzeko.

Eskandalagarria iruditzen zait zenbateraino daukagun normalizatuta gure hondakin organikoak espazio publikoan botatzearena. Baldin eta zakil bat zintzilik baduzu, esan gabe doa. Gazteenek esfortzu fisiko bati lotuta egin ohi dute, asfaltoan edo mendian; pixka bat alboratzeko begirunea izaten dute tarteka. Zaharrenek, berriz, herriko pasealeku ofizialaren erdi-erdian egiten dute, lasai ederrean; are, zure muturraren aurrean. Osteratxoa momentu batean eten, ekintzak eskatzen duen sonoritatea lortu, eta mukiz eta lerdez osatutako mililitro sorta espaloira botatzen dute kementsu.

Esan nezake ziurtasun ia erabatekoz, ez dudala sekula emakumerik edo genero disidenterik ikusi kalean karkaxa lurrera botatzen. Mapek beste bide batzuk erakutsi dizkigute, jaio ginenetik: garbitasunarena, zuzentasunarena, tokatzen zaigun tokian egotearena. Auskalo nolakoak liratekeen begiradak, iruzkinak, epaiak, demagun, Behobia-Donostia lasterketa amaituko banu Bulebarrean, galtzak pubis inguruan edo ipurdian odol arrastoz ditudala.

Horregatik goraipatu nahi nuke duela gutxi ezagutu dudan Donita Sparks; 1992an jaurti zielako erabilitako tanpoi bat, kontzertu bateko oholtzatik, irainka ari zitzaizkion entzuleei. Noraez honek behar ditu tanpoi gehiago eta karkaxa gutxiago, batzuek bidea ikasiko baduzue. •